2020an ez dugu Mintzanet Eguna ospatuko

Aurtengoa ez da edonolako urtea, zinez arraroa da. Martxoaz geroztik gure egunerokoa baldintzatzen ari den bisitari ikusezin batek gizartea aztoratu du, eta beste askori gertatu bezala, Mintzanet komunitateko kideok ere aurreikusita geneuzkan jarduera eta ekitaldiak birmoldatu behar izan ditugu. Hala, pena handiz, 2020ko Mintzanet Eguna egingo ez dugula jakinarazi nahi dizuegu. 

Azaroaren 7an (larunbata) zen ospatzekoa, Iruñeko Katakrak aretoan, baina osasun agintariek ezarritako protokolo eta babes-neurriak jarraituz, dagoeneko ohitura bilakatu diren festa, sari-banaketa eta bazkaria datorren urterako utziko ditugu.

Euskaraz jarduteko aukera ez duten pertsonek etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua izan dezaten du Mintzanetek helburu, eta egitasmoaren arimari helduz, itxialdi garaian proiektuak harrera beroa izan zuen: hainbat erabiltzailek plataforma digitalek ahalbidetutako topaketa birtualak egin zituzten, euskarak mugarik ez duela erakutsiz. Eta guk,distantzia eta bakartze linguistikoari aurre egiteko egindako ahalegina eskertu nahi dizuegu parte hartzaile guztioi, ez baitira hilabete errazak izaten ari.

Urtean zehar egindako lana saritzeko asmoz, Mintzanetek bere erabiltzaileei omenalditxoa egiteko tartea atera ohi du. Aurten, ordea, zoritxarrez ezin dugu Mintzanet Egunik ospatu, eta bidelagun zein bidelariek ezin izango dituzte aurrez aurre beraien esperientziak trukatu. Baina indarberrituta itzuliko gara datorren urtean, gogotsu. Bitartean, segi dezagun gure hizkuntzaz gozatzen, jarrai dezagun euskaraz jarduten, hitz egiten, berba egiten, mintzatzen, solasten eta bizitzen. 

Anitza eta ederra baita, oparitu diezaiogun euskara elkarri!

Mintzanet Eguna

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude