Abenduak 3 ditu gaur, baina 365 izan zitzakeen

Euskararen eguna 2020

Abenduak 3 ditu gaur, baina 365 izan zitzakeen. Hala nahiko genuke, hala beharko luke. Euskararen Eguna da, euskal herritarrok dugun ondare preziatuena gure hizkuntza dela gogorarazteko egutegian ondo biribilduta duguna. Aurten, gainera, Euskaraldia ekimena oraindik martxan dela ospatuko da. Abenduak 4 izango ditu bihar, eta ariketa soziolinguistikoaren bigarren edizioa bukatu egingo da. Baina abenduak 5 izango ditu etzi, eta dagoeneko aurreko 15 egunetan aldamenean jantzita izan ditugun txapak kenduta irtengo gara kalera.

Euskarak egiten gaitu euskaldun. Hala dio behintzat Oskorriren abesti estimatuak. Zabal ditzagun bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas. Euskaraz nahi dugu lan eta bizi, hitz egin eta jolas. Ez dadila haria eten, garaia baita noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz.

Mintzanet egitasmoaren kide zareten guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Euskal Herrian zein diasporan, euskaraz bizitzeko hautua egin duzue, eta noizbait aldarrikapenik egin behar ez izatera iristea polita balitzateke ere, gure hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten ari zareten esfortzuak poztu egiten gaitu!

Hona Iñigo Bilbao bidelagunak idatzitako bertsoa:

Euskara ikasi ondoren

hitz egiteko egarria

asetzea lortzeko nik

zabaltzen dut aldarria.

Entzun, betiko euskalduna,

horretan asko jarria

zure euskara nirearentzat

izan daiteke ongarria.

Bion eskura badugu

tresna erabilgarria,

edonongo euskaldunak

elkartzeko ezarria.

Bai, mintzanet.net da batzen gaituen lokarria.

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude