Adineko pertsonak, Mintzanet proiektuaren bihotzean

Want create site? Find Free WordPress Themes and plugins.

Mintzanet proiektua abiatu genuenean, erabiltzaile bila hasi ginen, doako aukera paregabe honen onuradunen bila, hain zuzen ere. Bidean, ordea, jabetu ginen guretzat garrantzi handikoak ere bazirela bidelariei (praktikatu nahi dutenei) lagunduko zieten bidelagunak (beren denbora doan eskaintzen dutenak besteek praktikatzeko), eta, zerbitzua ona izan zedin, bidelagunen taldea zaindu eta handitu beharra geneukala.

Bide horretan, konturatu egin ginen, diruaz harago, bidelagunek ere onura handia jasotzen dutela, bai adiskide berria egiteko aukera daukatelako, bai esperientziak trukatzeko modu berria daukatelako, haientzat ere aberasgarria delako eta abar.

Gogoeta hori egin ostean, Adinekoen Egoitzetan bizi diren edo adinekoen elkarteetan biltzen diren pertsonentzat aukera bikaina izan zitekeela pentsatu genuen, mundura leiho bat zabaltzeko, egunerokotik ateratzeko , adiskide berriak egiteko, baloratuak sentitzeko eta beste hamaika gauzatarako.

Mintzanet_berra

Hala, erakunde publikoen Ongizate Sailetara jo genuen, eta oso harrera ona jaso genuen. Horren ondorioz, adineko dagoeneko 25 lagunen hauspoa daukagu Mintzaneten, euskara praktikatu nahi dutenentzat laguntzeko prest. Eta talde horrek etengabe handitzen jarraitzea nahi dugu, benetako zerbitzu publikoa delako Mintzanet, bai euskara praktikatu nahi dutenentzat, bai lagundu nahi dutenentzat ere.

Adinekoentzako Zentroetako egoiliarrak, elkarteetako erretiratuak eta bere kabuz moldatzen diren beste asko beren etxetik jarduten dutenak, horiexek osatzen dute gure adituen taldea.

Adineko lagunek adierazi digutenez, estimatuago eta integratuago sentitzen dira, probetxuzko zerbait egitearen poza jasotzen dute eta ilusio handiz ekin diote proiektuari. Egoiliarrek eta erretiratuta daudenek denbora eduki dezakete euskara praktikatzen laguntzeko eta, guk, bidelagunak falta ditugunez, bide horretan erakunde publikoetako Ongizate Sailek lagun diezaguketela jabetu gara.

Azpeitiko San Martin egoitzakoak hasi ziren (hemen ikusgai) eta momentu honetan beste hainbat egoitzarekin sinatu dugu hitzarmena: Donostiako Zorroaga, SARquavitae Berra eta SARquavitae  Villa Sacramento; Donostiako Nagusilan erretiratuen elkartea;  Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitza… Guztietan partaideek bertako langileen laguntza jasotzen dute, eta, beraz, egoiliarrei eta beraiei gure esker ona adierazi nahi diegu. Bide honetan, Tolosako Iurreamendi egoitzakoekin bildu gara eta datozen egunetan Andoaingo San Juan Bautista egoitzakoekin elkartuko gara.

Mintzanet_san_martin

Hau irakurrita, adinekoen zentroren batekin harremanetan jartzeko aukera dagoela uste baduzu edo beste ideiaren bat bururatu bazaizu, jar zaitez gurekin harremanetan, benetan eskertuko dizugu.

 

Ainara Loiarte, Mintzanet proiektuaren koordinatzailea. ainara@mintzanet.net

Ritxi Lizartza, Mintzanet proiektuaren arduraduna

Did you find apk for android? You can find new Free Android Games and apps.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude