AEK-k, Euskaltzaleen Topaguneak eta maramara* taldeak hitzarmena sinatu dute Mintzanet gizarteratzeko

Mintzapraktika egitasmoak indartzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizen maramara* taldeak, AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.

Goizeko 11:00etan hasi da prentsaurrekoa eta bertan izan dira Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzailea; Jasone Mendizabal, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria; eta Ritxi Lizartza, maramara* taldeko zuzendaria.

Mintzanet_aek_topagunea_Euskaltzaindia_kanpoanIRUDIAN: Mertxe Mugika (AEK-ko koordinatzailea), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria) eta Ritxi Lizartza (maramara* taldeko zuzendaria)

Mertxe Mugikak bidelagunen beharra azpimarratu du, euskaldun jantziena, izan ere, beraiek gabe mintzapraktika egitasmoak aurrera eramatea ezinezkoa da eta horiek dira dugun gabezia nagusia. Jasone Mendizabalek, berriz, egitasmo hauen bitartez sare euskaldunak hedatzen direla esan du, aurrez aurrekoan tokian tokiko harremanak sortzen baitira. Azkenik, Ritxi Lizartzak teknologia berriak izan ditu hizpide, sarean doan euskara praktikatzeko Mintzanetek dituen abantailak azaldu ditu eta online izanik, munduko edozein lekutatik aritzea posible dela goraipatu du.

Behin euren azalpenak amaitu ostean, Joserra Onandia Mintzaneteko getxotarrak eta bertaratu den Berbalaguneko Xabier Pajares muskiztarrak saio bat egin dute Mintzanet plataformaren bidez. Biak bidelagunak izanik aurrez aurrekoan zein online proiektuan dagoen euskaldunen beharraz aritu dira eta Joserrak saioa amaitzeko bertso bat abestu du.

Mintzanet_aek_topagunea_Joserra_saioaIRUDIAN: Prentsaurrekoan guztiak adi egon dira Joserra Onandiak esaten zuena entzuten.

Horren ostean hiru eragileetako buruek hitzarmena sinatu dute, hiruren arteko lankidetza sendotzeko eta aurtengo ikasturteari hasiera emateko, nahiz eta oraindik izena emateko epea zabalik dagoen. Gainera, AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak Mintzanet hartu dute euren online bertsiotzat, aurrez aurrekoa eta sarekoa ekimen osagarriak direla argi utziz.

Mintzanet_aek_topagunea_hitzarmena_sinatuIRUDIAN: Jasone Mendizabal, Mertxe Mugika eta Ritxi Lizartza hitzarmena sinatzen.

Iaz 6000 lagunek hartu zuten parte mintzapraktika egitasmoetan eta aurten ere izena emateko epea zabalik dago. Horretarako bi bide daude: www.mintzapraktika.org (aurrez aurrekoa) edo www.mintzanet.net (online). Bietan izena emateko fitxa bete behar da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude