Amaia Alberdi, bidelaguna: “Mintzanetek izugarrizko malgutasuna eman dit”

Amaia Alberdi Azpeitian jaio zen 1996. urtean. Une honetan, Ingurugiroaren Agrobiologiako master bat ikasten ari da.

Aspalditik izan du buruan horrelako proiektu batean partea hartzea, baina ordutegi oso aldakorra dauka. Horregatik, Mintzanet oso aproposa iruditu zitzaion ikasketak eta praktikak uztartu ahal izateko.

Ekimena “aberasgarria” iruditzen zaiola azaldu du Amaiak. “Izugarrizko malgutasuna ematen dit. Bidelariari dagokionez, soltura irabazteko eta lotsa kentzeko abagune ederra dela uste dut, aurrez aurreko elkarrizketan akatsak beldurrik gabe egin eta horietatik ikasteko ariketa ederra”, azpimarratu du.

Astero hitz egiten du Amaiak Bilboko emakume batekin, eta gehienetan 30 minutu baino gehiagoz aritzen dira berriketan, “gustura” daudelako.

Horrela, bi lagunen arteko elkarrizketa sortu dela dio: “Elkarrengandik asko ikasten ari gara, nahiz eta bizitza erabat ezberdinak izan. Astean zehar deigarriak iruditu zaizkigun berriak iruzkintzen ditugu, bestearen iritzia jakin nahian; edota euskararen errealitate ezberdinen inguruan jarduten dugu: herri euskaldun baten bizimodua eta euskara ikasten ari den ikaslearen errealitatea, besteak beste”.

Amaiaren ustez, horrelako ekimenak “garrantzitsuak” dira. “Jendea ezagutzeko eta errealitate berriei buruz jakiteko parada da”.

Eta “zer da euskara zuretzat” galdetzen badiogu honako hau erantzuten du Azpeitiko gazteak: “Niretzat euskara esku artera iritsi zaidan altxor preziatu bat da, gurasoengandik jaso eta zaintza behar duena. Zaintza baita hizkuntza honen biziraupenerako gakoa; landare biziduna bailitzan, sustrai sakonak izanagatik ere etengabeko  ureztaketa behar duena. Kasu honetan, sustraiak hizkuntzaren jakintza lirateke, ur-iturria, aldiz, eleka, mintza edota hitz egiteko jarduera bera.

Altxorra esatean, zera esan nahi dut; gauza materialetatik at, euskara nortasuna dela niretzat, bizimodu bat, etxea girotzen duen su baxua”.

Eskerrik asko, Amaia!

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude