Beldur izan (ukan) / beldurra eduki. Zein da erabilera egokia?

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

beldur izan (ukan) / beldurra eduki

Beldur izan aditz-esapidearen erabilera ohikoa eta nagusia beldur naiz motakoa da, baina ezin esan daiteke beldurra dut/daukat aukerak gaizki daudenik, ogia dut/daukat bezalakoen parekoa den heinean, eta tradizioan ere badutelako testigantzarik. 

Ez ziren heriotzaren beldur.

Zure beldur da: beldurra dizu. 

Egokiak dira beste aldaera hauek ere: 

beldurrak hilik egon; 

beldurrez / beldurrak akabatzen / beldurrak airean egon… [EH]

 

Artikulua

Bada beldur bat

Bada beldur bat abisurik gabe eta erabat hartzen gaituena.

Otsaileko albatrosak itsaslabarretan bezala

gure gogoan pausatzen da,

dena ospel, dena uzkur, dena ahul bilakatuz.

Berehala etxera deitzera behartzen gaitu,

ahots ezaguna entzun eta lasaitzeko.

Eta, tamalez, aldika beldur hori

gaizto izaten da eta zehatz,

eta haize berdeak ekaitza halatsu

iragarri egiten du dohakabea.

Berri txarra aditu bezain laster hurbildu ginen ospitalera.

Osabak besoarekin inguratu eta alboratu egin ninduen.

Belarrira egiten zidan hitz eta nik bere eskua ikusten nuen soilik.

Txalupan mozoloak harrapatzeko gauza zen esku kakotu hura.

“Bizitzan gauza batzuk onartu egin behar dira.

Honek ez du batere itxura onik. Ausart izan behar duzu”.

Inoiz ez naiz hain bakarrik sentitu.

Kirmen Uribe

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude