Bost minutuko ikastaroa: Barne, ‘Bizikletaz’, eta ‘Iparraldeko neska’

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

BARNE

Hiztegi batuak txartzat jotzen du –EN BARNE EGON,

eta –EN BARNEAN EGON proposatzen du:

Jardunaldien barne, hitzaldia izango da gaur.

Jardunaldien barnean, hitzaldia izango da gaur.

 

Proiektuaren barne, ondorengo baliabideak dituzu eskura.

Proiektuaren barnean, ondorengo baliabideak dituzu eskura.

 

Liburuak bere barne hartzen ditu honako gai hauek ere.

Liburuak barne hartzen ditu honak gai hauek ere.

Liburuan barnean hartzen ditu honako gai hauek ere.

 

Egoki da barne, hala ere, aposizio gisako egitura hauetan:

Jesusek deitzen ditu gizon guziak, tippienak ere barne.

Jokabide hau desegokitzat jotzen dute gehienek, Mitxelena barne.

 

Ohar bat azken adibide horretako komunztaduraz: barne ez doa ergatiboan, nahiz perpausean ≪gehienek≫ ergatiboa agertu; izan ere, tartean etena dago, eta ≪Mitxelena barne dela≫ adierazten da.

Beste esanahi batekin ere erabiltzen da barne ekialdeko euskalkietan:

 

Paris aldean, kasu berri zenbait agertu dira denbora guti barne. (‘denbora gutxian’)

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena

Poesia

Bizikletaz

Heldu eskutik,

goazen bizikletaz hondartzara,

ekarri arrosa koloreko kometa,

ekarri pintura eta koadernoak.

Goazen pintatzera lakuak,

herensugeak, tximinia duten etxetxoak.

Margotu dezagun etorkizuna,

egin ditzagun figurak harean,

hitz egin dezagun zeruari begira,

hitz egin dezagun koloreei buruz,

irribarreez, malkoei buruz, libertateaz.

Eta egin dezagun mundu berri bat

marea igo baino lehen,

mundu berri bat hareazko figurez

eta marrazturiko pinturez.

Atondu orrialdeak eta harea,

eta itxoin dezagun atzean eta

begira dezagun itsasoa aitzinatzen,

ezarian-ezarian gerturatzen.

Eta ikusiko dugu nola olatuek

gure mundua itotzen duten,

baina gu triste jarriko ez garenez

itsasoak atzera egingo du

eta bihar berriro hondartzara

itzuliko gara bizikletaz.

Behin bakarrik bada ere,

heldu eskutik,

goazen bizikletaz hondartzara.

Beñat Sarasola

Irudia: Barrel On

 

 

Bloga
Iparraldeko neska blogetik jasoa.  Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean agertzen da. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.

Jabier Oses Azurmendi

Hizkuntza normalizazioko teknikaria

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

 

 

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude