Bost Minutuko Ikastaroa: Datak, liburuak eta Zugazart

Euskara hobetzen

Datak ematean, kontuan hartzekoak

Arauan berariaz adierazita ez badaude ere, konbentzio hauek kontuan hartzekoak dira:

-> Datari dagokion urtea idaztean, ez da erabiltzen –garren atzizkia (ez letraz eta ez puntuaz), salbu urte-kopuruaren ondoren urte hitza idazten denean (eta orduan, nahitaez).

Adibidez:

1982an (*1982gn, *1982gn., *1982.ean, *1982garren)

1952an, 1952. urtean (*1952.ean)

1664ko udaberrian, 2001eko abenduaren 13an…

-> Milatik gorako urteak punturik gabe idazten dira, digitu guztiak elkarrekin lotuta, tartean hutsunerik utzi gabe:

2008ko iraila (*2.008ko iraila, *2 000ko iraila)

1945ean (*1.945ean). ( zenbaki kardinalak)

-> Hamaika zenbakia a letraz amaitzen denez, ez zaio erantsi behar beste –a bat:

* abenduaren 11an etorriko gara (11n);

   ahozko moldean: [*hamaikean]

Euskara Batuaren Eskuliburua (moldatua)

Artikulua

Liburuetan dago dena

Zer dago, bada, liburuetan? Horixe galdetzen nion neure buruari hiruzpalau urte besterik ez nituela, aitona-amonen liburu dendan nire aulkitxoan uzkurturik egoten nintzenean. Amona kaxen atzean esertzen zen; ama, erakusmahaiaren beste aldean, erosleen zain egoten zen. Haren atzean, apalak  sabairaino iristen ziren, eta eskailera luze-luze bat zegoen, bi gakoz burdina luze bati eutsirik, ezkerrera eta eskuinera mugitu ahal izateko, horrela goiko apaletan zeuden liburuetara iristearren.

Ez uste aspertuta egoten nintzenik!

Dendan bezeroren bat sartzen zenean, igartzen saiatzen nintzen ea nongo liburua eskatuko zuen, edo beheko apaletakoa edo goikoetakoa. Amak, artean gaztea, arina eta buruz azkarra, bazekien non zegoen liburu bakoitza; eskaileran gora igotzen zen behar izanez gero, eta azal urdineko edo gorriko edo ubeleko liburu bat jaisten zuen, eta erosleari aurrean ipintzen zion. Ni harro nengoen amaz, eta gero eta jakin-min handiagoa nuen, ea zer ote zegoen liburuetan. Beheko ilaretan ere azal urdin, gorri eta ubeleko liburuak zeuden, letra beltz txiki-txikiz beteak, baina haiek ez zeukaten nire liburuek bezalako kolore politik! Nire etxean denek irakurtzen zuten: amak, aitak, aitona-amonek. Haien buruak liburu gainera makurturik ikusita, batzuetan irribarre egiten zutela, beste batzuetan serio ipintzen zirela eta beste batzuetan orrialdea arreta handiz pasatzen zutela ikusita, neure buruari galdetzen nion ea non ote zebiltzan orduan. Hitz eginez gero, ez zidaten entzuten; azkenean, begiratzen zidatenean, bazirudien urruneko leku batetik zetozela.

Zergatik ez ninduten beraiekin eramaten? Zer ote zegoen liburuetan? Zein ote zen esaten ez zidaten sekretua?

Hurrena irakurtzen ikasi nuen, eta aurkitu nuen liburuen sekretua: hantxe zegoen dena; ez bakarrik amandreak, iratxoak, printzesak eta sorgin gaiztoak; han geunden zu eta ni, geure poz eta kezka guztiekin, geure irrika eta saminekin; hantxe dago ona eta txarra, egia eta gezurra, izadia, unibertsoa; hori guztia sartzen da liburuetan.

Zabal ezazu liburua, eta bere sekretu guztiak erakutsiko dizkizu.

 

EVA JANIKOVSZKY

Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna

2001-IV-2 (egokitua)

Zinta

Zugazart.Naiz

Zugazart. Naiz

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude