Bost minutuko ikastaroa: Komunztadura aposizioetan, Kitty O´Meara eta ‘Gora eurobision’

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

Euskaltzaindiaren arauak 

Komunztadura aposizioetan

Beharbada, astuna egingo zaigu teoria, baina adibideak ikusita hobeto ulertuko dugu. Gero, ariketak dauzkagu ezagupenak finkatzeko

1. Aposizioa izen sintagmaren barneko izenen artean egiten denean ez da komunztadura arazorik sortzen, hondarkia (desinentzia) ez baita sintagma osoaren azken buruan baizik ageri:

·  Unibertsitateko Errektoreorde Edurne Mendiluzeaurkeztu du txostena.

·  Edurne Mendiluze Unibertsitateko Errektoreordeari aurkeztu diote txostena.

Horrelakoetan, bistan da, lehen izenak ez darama mugatzailerik (asteriskoak erabilera okerra adierazten du):

·  Unibertsitateko Errektoreorde(*a) Edurne Mendiluzeaurkeztu du txostena.

·  Zure lagun(*a) Dublinen bizi denari sari bat eman diote.

2. Izen sintagma osoak aposatzen direnean, berriz, komunztadura egitea da ohikoena, hondarkia sintagma aposatuetan ere ipiniz:

·  Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebeak, kontzertu asko eman ditu aurten.

·  Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri denari, eman diote lanpostu hori.

·  Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslearekin, mintzatu naiz gaur.

Ez da gomendatzekoa :

·  ?? Nire lagun Ferminek, piano jotzaile trebea, kontzertu asko eman ditu aurten.

·  ?? Fermin Garro irakasleari, lizentziadun berri dena, eman diote lanpostu hori.

·  ?? Zure lagunarekin, Unibertsitateko irakaslea, mintzatu naiz gaur.

Zenbaitetan, perpausaren joskeratik aparteko eranskin edo tarteki aske gisa ematen da bigarren sintagma eta ez sintagma aposatu gisa. Areago gertatzen da etenak, tartekiak eta horrelakoak maiz samar dituen euskara mintzatuan, jardun egituratuagoa izan ohi duen idatzian baino. Horrelakoetan, jakina, benetako aposiziorik ez dagoenez, ez da komunztadura egitenErrazago onartzen dira horrelakoak, tarteki izaera argia denean:

·  Gure herriko alkateak –musikazale amorratua bera– begi onez ikusi du kontzertu gela berria egiteko proiektua.

·  Haren etxean –aski zabala, ene ustez– erraz kabituko gara denok.

·  Datorren larunbatean –hilak zortzi– hasiko da ehiza garaia.

Araua osorik.

Ariketak

Artikulua

Eta jendea etxean geratu zen.

Eta irakurtzen zuen eta ondokoari adi egoten zen.

Eta atseden hartu, eta ariketak egiten zituen.

Eta artea sortu zuen, eta jostetan aritu.

Eta izateko modu berriak ikasi.

Eta gelditu egin zen.

Eta sakonago entzun zuen…

Baten bat gogoetan aritzen zen,

beste batzuk otoitzean.

Beste baten bat dantzan…

batzuek beren itzalarekin egin zuten topo.

Eta beste modu batean hasi ziren pentsatzen.

Eta jendea sendatu egin zen.

Eta ezjakintasunean, arriskuan

eta zentzurik gabe eta bihotzik gabe

bizi zirenak falta zirela,

lurra ere hasi zen bere onera etortzen.

Eta arriskua bukatu

eta pertsonak berriz elkartu zirenean,

negar egin zuten hildakoengatik,

eta erabaki berriak hartu zituzten.

Eta etorkizun berriak amestu.

Eta bizimodu berriak sortu.

Eta lurra erabat sendatu

Haiek sendatu ziren bezalaxe.

Kitty o´Meara /Itzulpena: Fernando Rey

Musika

 

KAU KORI KURA – “Gora eurobision”

Jabier Oses Azurmendi

Hizkuntza normalizazioko teknikaria

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude