Bost minutuko ikastaroa: zerrendak eta puntuazioa, Txoria nintzela eta Itziar Ituño

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

 

 

Zerrendak eta puntuazioa

Zerrenda bat osatzen duten elementuak bereizteko, eskuarki, koma (,) erabiltzen da. Zenbaitetan, baina, elementu horiek konplexuak dira (elementu batez baino gehiagoz osatuak daude), eta barnean puntuazioa eramaten dute. Halako kasuetan, koma ez baizik puntu eta koma (;) tartekatu ohi da zerrendako elementu konplexuen artean, horiek elkarrengandik banantzeko.

Adibidez:

Eskariarekin zerikusia duten faktoreak hauek dira: osasun sektorearen antolaketa; lanpostuen eskaintza eta lurraldeen eta instituzioen arteko banaketa; kontratazio-moduak, eta ordainketa- eta estimulu-sistemak

Zerrendako elementuak lau dira:

• (1) osasun-sektorearen antolaketa

•(2) lanpostuen eskaintza eta lurraldeen eta instituzioen arteko banaketa

• (3) kontratazio-moduak

• (4) ordainketa- eta estimulu-sistemak

Zerrendako elementu bat (2. elementua), hura ere, zerrenda da, izan. Elementu hori puntu eta komaz mugatuz, irakurleari jakinarazten zaio elementu konplexu horren aurreko eta osteko elementuak ez direla “azpizerrenda” horretako elementuak.

Puntu eta koma erabili beharrean koma erabiliko balitz, irakurleak zail luke lau elementuak bereiztea:

Eskariarekin zerikusia duten faktoreak hauek dira: osasun sektorearen antolaketa, lanpostuen eskaintza eta lurraldeen eta instituzioen arteko banaketa, kontratazio-moduak, eta ordainketa- eta estimulu-sistemak.

Hobeto ulertzeko, informazio eta adibide gehiago daukagu EHULKUren Zerrendak eta puntuazioa aholkuan

Pasartea

 

Imajinatu hau:

Goizean kaletik bueltan etxeko atea zabaldu eta ezkaratzean, igogailuaren eta eskaileren artean, arratoi bat topatzea. Eta arratoia esatean ez ulertu sagutxo, satagin edo basasagu txiki sinpatiko bat, baizik eta benetako arratoia, erreka bazterrekoa. Gris kolore iluna. Gizena. Katu baten neurrikoa kasik, buztana gorputza bezain luzea. Begiak gorri. Hortzak zorrotz.

Euriteek bere habia uholdetuko ziotela pasa zaizu burutik, eta, babes bila, zuen ezkaratzera iristen lortu duela nolabait, zure aurretik sartu den norbaitekin batera seguruena. Edonola ere, zu ohartu gabe, zure oinen artean gisa hartako arratoi handi bat igarotzea nola litekeen pentsatzeko betarik ez duzu izan, ezkaratzeko ateak ixtean egin duen soinuak gaztigatuta, arratoiak lepoa zure aldera okertu baitu. Eta, astiro, hormaren aurka beti, zuregana gerturatzeari ekin dio tipi-tapa.

Txoria nintzela

Xabier Etxeberria

Itziar Ituño

Instagramen ia bost milioi jarraitzaile ditu; euskara erabiltzen duenez, gure hizkuntza mundu osoan zehar ari da zabaltzen.

“Zuri esker euskera zabalduko da Brasilen eta eta mundu osoan eta Araban. Eskerrik asko zure ekarpenagatik…”

Eztabaidan Eitb 7:13 minututik aurrera.

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude