Christian Etxeberria, Txiletik Azkoitira

Hemen duzue ‘Mintzanet, bere ahotan’ sailaren bigarren istorioa.

 

Christian Etxeberria Santiagon (Txile) jaio zen, 1982an. Bere arbaso zuzenak ez dira euskaldunak, eta ez du Euskal Herriarekin loturarik. Amaren aldeko amonak hazi zuen Txile hegoaldean. “Nire amonaren abizena Echeverria da eta egun batean izen horrek esan nahi bat zuela esan zidaten. Euskara hizkuntza arrotza zen niretzat eta ikertzen hasi nintzen: euskara eta euskaldunen berri izan nuen”, azaldu du Christianek.
Orduan, gauza asko ulertzen hasi zen: “Nire familiaren izaera. Oihu arraro batzuk erabiltzen zituzten etxe batetik bestera komunikatzeko, irrintzi moduko zerbait. Zenbat eta gauza gehiago jakin orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan euskaldunen mundua. Gero, euskara hizkuntza gutxitua zela jakitean eta amorru handia sentitu nuen: orduan ikastea erabaki nuen”.
Urtetan joan izan da hiriko Euskal Etxera euskara ikastera, eta bertan eman zion bere irakasleak Mintzaneten berri. «Santiagon, euskara ikasteko materiala dago, baina zaila da praktikatzea. Hego Amerikan, gramatika edo nola idatzi ikas dezakezu, baina ezin dugu mihia askatu. Horregatik, Mintzanet oso proiektu ona iruditzen zait», adierazi du Christianek. Bere ustez, hizkuntza bat ikasteko, mintzamena landu behar da. «Gainera, oso dibertigarria da, eta lagunak ezagutzen dituzu.»
Bidelagun gisa, Izaskun Arrieta egokitu zitzaion, eta pozik dago Azkoitiko laguntzailearekin: «hoberena» dela dio. «Denbora pasa ahala, lagunak egin gara, gure familiak ezagutzen ditugu –zibernetikoki, baina, tira…–, gure ordutegiak, ohiturak… Oso pozik nago Izaskunekin, pazientzia handia dauka nirekin, eta oso atsegina da gauzak azaltzen dizkidanean, nahiz eta askotan errepikatu behar izan. Une honetan, gehien esaten dudan esaldia “ez dut ulertu; berriro, mesedez” da», azaldu du.
Euskara praktikatzeaz gain, beste gauza batzuk ikasten ari dela dio Christianek: «Zuen ohiturak ezagutzen ari naiz, zuen jaiak, janariak, eta abar», gaineratu du.

 
Christian Etxeberria bidelaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude