Egunen eta hilen deklinabidea. Nola idatzi?

Euskara hobetzen

Egunen eta hilen deklinabidea

Asteko egunen deklinabideak ez du arazo berezirik, baina zenbait huts egin ohi da larunbat hitzarekin, bai eta -e letraz amaitzen diren biekin ere (astearte eta igande), mugagabea eta mugatu plurala ondo bereizi ezean.

oker

zuzen

larunbata gauean

larunbat gauean

igandetan lan egiten dugu

igandeetan lan egiten dugu [mugatu plurala]

 

zenbait igandetan lan egiten dugu [mugagabea]


Hilen izenetan, berriz, batzuetan -a itsatsia balute bezala jokatzea da huts tipikoena, baina bakar batek ere ez du: urtarril, otsail, martxo, apiril, maiatz, ekain, uztail, abuztu, irail, urri, azaro, abendu.

oker

zuzen

uztailan

uztailean

irailan

irailean

otsaila aldean

otsail aldean

urria hasieran

urri hasieran

Berria. Estilo liburua

 

 

 

Artikulua

Non hago?

Telefono finko batera deitzen dugunean, badakigu non dagoen telefonoa, ezagutzen dugu telefonoa hartu digun solaskidearen kokapen fisikoa: —Kaixo, hi, zer giza larru?

Telefono mugikorrekin, ordea, oso bestela gertatzen da: ezin jakin non dagoen markatu dugun zenbakiko telefonoa, eta, ondorioz, ezin jakin non dagoen solaskidea ere. Eta —deigarria egiten zait— solaskidea lokalizatu nahi izaten dugu: —Non hago?, izaten da, sarri ere sarri, lehendabiziko galdera.

Balirudike deserosoa egiten zaigula telefonoaren beste aldean dagoena kokatu ezina. Solaskidea lokalizatu egin behar dugu eta kokatu. Lurrera lotu. Jakin, behintzat, hemengo larreren batean dagoela, eta ez eremu birtualen baten linboan. Solaskidea non dagoen jakinda, seguruago sentituko bagina bezala.

Baina harrigarriena da, non hago? galdetutakoan, telefonoaren beste aldekoa ez zaigula pipertzen:

—Eta hi? Jakin al liteke non kristo hagoen hi?

Anjel Lertxundi

Marrazkia

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude