Eguraldi-aditzak ezagutzen

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

Eguraldi-aditzak

Eguraldiaren eta eguratsaren egoera eta aldaketak adierazten dituzten hainbat aditz ditugu euskaraz. Hona zenbait: aldatu, altxatu, argitu, atertu, berotu, epeldu, freskatu, gautu, goibeldu, hormatu, hoztu, ilundu, jaso, laburtu, lainotu, lanbrotu, leitu, lurmendu, luzatu, zabaldu, zuritu…

DU erregimeneko aditzak dira, eskuarki. Ez dute subjekturik. Inpertsonalak dira. Batzuetan, osagarririk gabe erabili ohi dira:

Argitu du.

Atertu du.

Berotuko du gaur.

Freskatu du.

Besteetan, osagarriren bat lagun izaten dute:

• Bihar ere argituko du eguna. *Bihar ere argituko du egunak.

Haizea aldatu du.

Haizea atera du eta leihoak ixtera noa.

Elurra atertu du.

Badira beste zenbait aditz-egitura eguraldiaren eta eguratsaren egoera eta aldaketak adierazteko:

• Izena+ ad. kopulatiboa (IZAN): Euria da.

• Izena/Adjektiboa/Adberbioa + ad. kopulatiboa (EGON):

Ateri dago. Bero dago. Oskarbi dago.

• Izena + aditz progresiboa (ARI/JARDUN):

Euria ari du. Elurra dihardu.

• Izena + EGIN:

Euria egin du goizean

• Izena + EKARRI:

Euria dakar

• Izena + IBILI:

Haizea dabil (*Haizea dago)

Ehulkuren aholkuak

Artikulua

Udazkenaren ezaugarria haizea baita, hona hemen haizearen koloreak, Kirmen Uriberen eskutik.

Haizearen koloreak

Aginteak maite du uniformetasuna. Ñabardurak ez ditu bat ere maite. Dena da bat harentzat. Hitzek ere esanahi bakarra dute. Haizea ere bat bakarra da: lurrazalarekiko higitzen den aire-masa. Besterik ez.

Ahaztu egiten zaio mila direla haizeak, kolore ugari dituztela.

Ezen badago haize beltza, itsasotik sartzen den iparraldeko haize hotza. Eta baita haize gorria ere, kontinentetik datorrena, hotza eta lehorra. Eta arrantzaleek esaten duten haize berdea, olatuei aparra atera arazten dion haizea.

Haize beltza, haize gorria, haize berdea eta baita haize arrosa ere. Baina ez pentsa arrosa koloreko haizea denik hori. Ederregia litzateke. Haize arrosa haurrentzako haize-errotatxoari esaten zaio.

Eta haize erre deitzen zaio hegoaldetik datorren haize beroari, eta haize buru txoriburua den pertsonari, eta haize gaztaina haizeak arbolatik botatako gaztainei.

Eta haize eztul, eztul urduriari, eta haize jo ilargimina duen eroari, eta haizebelats oinez baldar egiten duenari.

Eta haize putz harroputzari, eta haizekeria nor bere buruaren uste handiegia izateari.

Gauzak horrela, zenbaitek nahiago du haize alde joan, garaian garaiko korronteei trabarik jarri gabe, gehiegi kezkatu gabe inguruan gertatzen denaz. Beste zenbait aldiz hor dabiltza haize kontra, haizerik gogorrenari ezin eutsirik beti. Zuhurrenak haize gordean geratuko dira beharbada, baldintza hobeagoen zain.

Ezen kontuz ibili behar da haize txarrekin, gaixotasun larriak dakarten horiekin, kontuz haize osinekin, irentsiko zaituzten haize zirimolekin. Kontuz haize goseekin, zakarrak eta bortitzak dira.

Beldurgarrienak haizetiak, puzkerrei ezin eutsirik dabiltzanak. Latzenak haize txakurrak, beti zelatan dabiltzanak.

Aginteak maite du uniformetasuna. Ñabardurak ez ditu bat ere maite. Dena da bat harentzat. Hitzek ere esanahi bakarra dute. Haizea ere bat bakarra: lurrazalarekiko higitzen den aire-masa. Besterik ez.

Horregatik gizarteak haize berritu behar du aldian aldian, horretarako da espiritu kritikoa. Prozesu luze honek zigortu nahi duena. Eta gogoan hartu haizeak mila kolore dituela, mila koloretakoak garela gizabanakoak.

Eta haize eman ilusio berritzaileei, baikorrei, gure herria haize begi izan dadin.

Kirmen Uribe. Gara.

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude