“Gaur gauean” eta “bart” ez dira gauza bera!

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

Bart

Ikas dezagun gaurko ariketa honekin “gaur gauean” eta “bart” bereizten, ez baitira gauza bera!

“Bart” hitzak igaro berri dugun gaua adierazten du, eta ez hemendik ordu batzuetara, gaurko eguna bukatzean, iritsiko den gaua.

Beraz, “gaur gauean ondo lo egin dut” esaldiak ez du zentzurik, oraindik ez bainaiz oheratu.

Halaxe da. “Gaur gauean” esaten badut, aditza geroaldian ipini beharko dut: “gaur gauean ondo lo egingo dut”, oraindik ez baitut lorik egin. Eta, alderantziz, goizean jaiki, eta, gau horretan ondo lo egin dudala esan nahi badut, orduan “bart” erabiliko dut. Alegia, “bart ondo lo egin dut”, edo, baita ere, “bart arratsean” edo “bart gauean ondo lo egin dut”.

“Bart ondo lo egin dut”

“Gaur gauean ondo lo egin dut”

HABEko Ikasbiletik jasoa

 

Artikulua

 

Hegazkinak ez dira izarrak

Behinola idatzi dut txoko honetan plazer handia dudala udako gau sargoritsu eta argietan lorategian lo egitea. Sentsazio ikaragarri dardarazlea bihur dakidake, gorantz begira, keinuka dabilzkidan izarren diosalari barnetik erantzutea eta haien erreakzioa asmatzea. Izan ere, milioika kilometrotara dagoen puntutxoari pentsamendua luzatzeak itzulian denetariko erantzunak ekar ditzake, jakina, nor beraren apetaren araberakoak. Tranpa egin diezaioket, beraz, izarrari eta hain justu horregatik bilaka daiteke ariketa kilikagarria.

Bart, ordea, izarrei ez baizik dozenaka igaro diren hegazkinei erreparatu diet. Eta jokoari ekin diot.  Euren norabide eta zihoazen alturaren arabera kalkulatzen nuen nondik zetorren aparailua eta zein nolako asmok mugitzen zituzten bidaiariak altzairuzko txori hartan joateko. Gehienak, pozik,  oporretara joaten ari ziren, Norvegiako fiordoak, Kanarietako hondartzak eta, apalagoak, Bartzelona edo Galiziako inguruetara. Beste batzuek berriz,  ospitaleko hoztasunean gaixorik dagoen senitarte bat ziurrenik azken aldiz ikustea zuten xedea; goibel gertatzen ari zitzaien hegaldia. Baziren, banaka batzuk, ez asko, merkatal operazio bat ixtera zihoazenak; irabaziekin zer egin pentsatzen ari ziren. Eta abar. Okertu egin nintekeen igarpenetan, hori bai, baina ez zuen logikarik nire buruarekin tranpatan ibiltzeak.

Izarrekiko pentsamenduak dira zirrara sortzen dutenak. Politenak. Arriskutsuenak.

http://txemax.blogspot.com/2018/08/hegazkinak-ez-dira-izarrak.html

Josemari Velez de Mendizabal

Marrazkia

 

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude