Gotzon Ugarte, bidelaguna: “Euskara baino urrunago iristen ari da gure adiskidetasun-maila”

Gotzon Ugarte (Lekeitio, 1973) artista plastikoa Mungian bizi da. Amak Mintzaneti buruz hitz egin zion aspaldi. Gero, telebistan ikusi zuen proiektua eta izena ematea erabaki zuen.

Une honetan, Zarrakazteluko (Nafarroa) bidelari bati laguntzen dio (Emilio Javier). 50 minutu baino gehiagoko saioak egiten dituzte, eta elkar ezagutzen joan diren heinean, “ordua aurreratzea edo eguna aldatzea” ez dira inoiz arazo izan.

Horrela, elkarrizketak burutu ahala, konfiantza handitzen joan doa eta Gotzonen ustez, “euskara baino urrunago iristen ari da gure kidetasun-maila; are gehiago, lagun egiten ari garela esango nuke”. “Ni, behintzat, irrikitan nago egunen batean berarekin garagardo bat hartzeko”, esan du.

Zentzu horretan, bere bidelariarekin hitz egiteak asko laguntzen dio: “Entzuten ikasten ari naiz, besteari so egin eta errespetua edukitzen, gizatiarrago izaten ikasten ari naiz”.

Horretaz gain, Mintzaneten bidez euskara zabaltzen du eta hori gustatzen zaio: “Zeharo aberasgarria iruditzen zait Mintzanet, aberastu egin gaitu, leku ezberdinetako esamoldeak ezagutzeko aukera eman dit, eta jende berria ezagutzeko aukera galanta da, gainera”.

Euskara ama hizkuntza du eta gaztelaniaz baino erraztasun handiagoa dauka. “Ama Lekeitiokoa da eta berarekin bizkaieraz hitz egiten dut. Aita, aldiz, Txilekoa da eta berarekin gaztelaniaz hitz egiten nuen. Euskara hizkuntza oso berezia da niretzat: goxoa, bisuala eta zeharo aberatsa. Baina egia esan, nire herrian ez dut asko praktikatzen, nahiz eta gehienok ezagutu, errazegi jauzi egiten dugulako gaztelaniara”, adierazi du.

Horregatik: “Mila esker antolakuntzako guztiei, zuri, eta bidelagunei eta bidelariei agur bero bat!”.

Gotzon Ugarte
Gotzon Ugarte bidelaguna da Mintzaneten

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude