Hitz hauek ez dira sinonimoak!

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

Ez dira sinonimoak 

urtebetetze ≠ urteurren

Ez dira erabat sinonimoak.

Oro har, ‘norbaiten jaiotegunaren urtemuga edo urteurrena’ adierazteko erabiltzen da urtebetetze hitza; bera da urteurren-motarik arruntena. 

Martaren urtebetetzea ospatzeko.

Urtebetetze-eguna.

Urteurren, berriz, ‘zerbaiten urtemuga, zerbait (gertaera edo) gogoangarri baten urteak betetzen direla’ adierazteko erabiltzen da. 

Hamargarren urteurrena.

Jaiotzaren urteurrena da urtebetetzea.

amestu ≠ amets egin

Sinonimoak dira ‘zerbait biziki desiratzea’ adieran; alegia, desiratzen den hori maiz irudikatzea. Irrikatu dute sinonimo, adiera horretan. 

Hau ez da guk amestutako bizitza.

Umeak hainbeste aldiz amets egin duen eguna.

Amets eginek, ordea, badu amestuk ez duen adiera bat:

‘lotan, irudimenak, gertaerak edo irudiak sortzea;

ametsetan egitea’. 

Amildegi batetik erortzen nintzela amets egin dut bart. 

Ez, ez dut amets egin, egia da.

ezetz ≠ ezezko

Ezetz, nagusiki, adizlaguna da (Ezetz esan zion), baina izan liteke izena ere (Ezetza eman zion). 

Ezezko, berriz, izan liteke ezetz adizlagunari dagokion izenlaguna (ezetz + -ko): Ezezko erantzuna. Ezezko perpausa. Ezezko keinuak egin. Aspaldidanik dut ezezko susmoa;

eta izan liteke izena: Ezezkoa eman. Ezezko biribila hartu zuten. Buruaz ezezkoa egiten dio.

Izen modura ari direnean, sinonimoak izan litezke, beraz: ezetza eman = ezezkoa eman.

harrezkero ≠ honezkero

Esanahi ezberdineko adizlagunak dira. 

Harrezkero (ez harez gero): ‘Aipatu den une edo denboraz gero’ (sinonimoak ditu orduz geroordu ezkeroordutik). 

Gure gizona plaza-gizon egin zaigu, eta harrezkero bakea zer den ez dakigu.

Maitearen oroitzapenak alaitu omen zion harrezkero bizia. 

Honezkero (ez honez gero): ‘Hitz egiten den unerako’ (Dagokion aditzak adierazten duena gertatu uste dela jakinarazten du). 

Goazen arin, honezkero estropada hasiko zen eta.

Gure Antonek ere, honezkero, hirurogeita bosten bat izango ditu. Honezkero hurrean behar luke.

 

Euskara Batuaren Eskuliburua

 

Pasartea

Batzuetan gauaz paseoan ibiltzen naiz bazter haietan, gero tranbia ezin mantsoago bat hartzen dut; etorbide guztia eta hiriaren behealdeko kalexkak jaisten ditu eta gero ibai-bazterreko pasealekuan sartzen da eta ematen du asmadunen lasterketa bat egiten duela parean lerratzen diren  atoi-ontziekin; hain hurbil daude han, karelaz bestalde, badirudi eskuaz uki daitezkeela. Zenbait telefono-kabina zahar daude, oraindik zurezkoak, batzuetan norbait dago barrenean, garai bateko ongizatea galdu izanaren itxura duen atso bat, trenbideetako langile bat, marinel bat, eta galdetzen diot nik neure buruari: norekin ari ote da hizketan? Gero tranbiak Itsas Museoaren plaza inguratu du, ehun urtetik goitiko hiru palmondo eta harrizko banku batzuk dituen plazatto bat da, batzuetan ume pobreak ume pobreen jolasetan aritzeko tokia, nire haur-denboran bezala, soka-saltoan, edo saltoka lurrean klarionaz egindako marrazki baten gainean. Ni tranbiatik jaitsi eta eskuak sakelan sarturik hasi naiz ibiltzen, bihotza pilpiraka daukat, ez dakit zergatik, baliteke kafetegi hartatik datorren musika monotono baten eragina izatea, gramofono zahar bat da segur aski, fa-ko balts bat da beti edo fado bat ahoko soinuarekin joa, pentsatu dut: hemen nagok eta ez naik inork ezagutzen, aurpegi izengabea nauk aurpegi izengabeen jende-multzo honetan, hemen nagok beste nonbait egon nintekeen bezala, berdin duk, eta horrek min handia sentiarazi dit, baita askatasun eder eta alferrekoaren sentsazioa ere, maitasun nahigabetuaren moduko zerbait.

Anywhere out of the world

Oker Txiki garrantzigabeak

Antonio Tabucchi (Fernando Rey-k itzulia)

Hiru argazki lehiaketa abian euskarazko Wikipedian uda honetan

Euskarazko Wikipediak hiru argazki lehiaketa jarri ditu martxan aurtengo udan: WikiBizi Ondarea, WikiBizi Kultura eta WikiBizi Natura. Irailaren 30a arte karga litezke argazkiak hiru gai horien inguruan.

WikiBizi Ondarea

Kasu honetan, urtero ondarearen inguruan egiten den Wikipediako ekimenaren aurtengo edizioa litzateke hau, baina uda osora luzatuta. Euskal Herriko ondare monumentuen ilustrazioak gehitzea da gakoa. Azalpen orrian bertan daude zerrendatuta, herrialdez herrialde, herriz herri. Lehen saria da Konstruktor argazki kamera bat, eta 2.a eta 3.a 70 eta 30 euroko bonoak Donostiako Hontza liburudendan.

WikiBizi Kultura

Kasu honetan, era honetako argazkiak bildu nahi dira: Jaiak, erromeriak, festibalak, ohiturak, dantzak, ondare immateriala… Kultura, oso zentzu zabalean. Adi instrukzioei. Lehen saria izango da 2 pertsonentzat bazkaria Laua Jatetxean, eta 2. eta 3. Hontzako bonoak.

WikiBizi Natura

Lehiaketa honetan erretratatu ditzakezu naturguneak, ibaiak, ur-jauziak, geologia, zuhaitz bereziak, fauna…  LomoInstant San Sebastian kamera da lehen saria, eta gero Hontzako bonoak.

Ikus hiru lehiaketa hauetan dagoeneko jendea kargatzen hasi den irudiak:

 

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude