Iñaki Urbistondo, bidelaguna: “Proiektu zoragarria iruditzen zait, euskaraz mintzatzeko ezintasuna duenari laguntza handia ematen zaiolako”

Iñaki Urbistondo azpeitiarrak 60 urte ditu eta altzarigintzan egin du lan duela gutxi erretiratu arte. 2016an Necochean (Argentina) egon zen bertako Euskal Aste Nazionalean, eta bertako mintzodromoan izan zuen lehendabizikoz Mintzaneten berri. Izan ere, hangoek eta Euskal Herrikoek zuzeneko konexioa egin zuten Mintzanetek antolatutako ekimenari esker.

“Proiektu zoragarria iruditzen zait, euskaraz mintzatzeko ezintasuna duenari laguntza handia ematen zaiolako”, kontatu digu. Azpeitiarraren bidelaria Suitzan bizi den Ramuntxo Elorga da eta asteazkenero 18.00etan elkartzen dira euskara praktikatzeko: “Oso harreman polita egin dugu, Euskal Herriko kulturari buruz hitz egiten diot, bertsolaritza, dantzak, kirola… Ziur nago laster egingo dugula topo Ginebran edo Euskal Herrian”.

Urbistondorentzat euskara bere ama hizkuntza da, sustraiak, kultura eta askoz gehiago. “Euskararik gabe oso gogorra egingo litzaidake bizitzea”. Horregatik, Mintzanet gomendatuko luke: “Astean ordubeteko tartea hartu eta praktikatzeko gogoa duenari asko laguntzen diegula uste dut, mintzatzeko ausardia lortzen baitute”. Gainera, “euskara indartzen saiatzeko” bide ona dela aitortu digu.

Iñaki Urbistondo
Iñaki Urbistondo Mintzaneten bidelaguna da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude