Andrea eta Inma-elkarrekin-Mintzanet

Inma Gonzalez eta Andrea Bella elkarrekin, Bergaran

Zortzi urte daramatza Inmaculada Gonzalez bergararrak euskara ikasten. Baina bere ingurua erdalduna dela dio, horregatik lehenengo hitza beti euskarazkoa izan dadin saiatzen da. Hala, hizkuntza menperatzeko asmoz, Mintzaneten izena ematea erabaki zuen. Egitasmoan parte hartzen ari denetik euskara erraztasun handiagoz erabiltzen duela esan digu, eta beldurra galdu diola. Prozesu horretan, Inmak, Andrea Bella du kide, izan ere, uruguaitarra bere bidelaguna da eta aurrerapauso handiak eman dituzte elkarrekin.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan parte hartzen ari da 2008az geroztik Andrea, eta Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara irakasle izateko azken urratsa emateko hilabete t’erdiz gurean izan dugula jakinik, Inmak hura aurrez aurre ezagutu nahi izan du.

Duela bi urte hasi ziren Mintzaneti esker Internet bidez euskara praktikatzeko saioak egiten, eta “oso harreman polita sortu da” beraien artean. Orain Bergaran topatu dira, eta herriko euskaltegia ezagutzera eraman du Inmak Andrea: “Bergarako euskaltegian ikasten dut euskara, eta bertako ikasle eta irakasleei Andreari buruz kontatu nien. Hori dela eta, nire irakasleak Andrea gonbidatu zuen bere bizipenak entzun zitzaten”.

Ostean, Bergarako mendiak eta leku esanguratsuetara joan dira, eta Uruguaiko Unibertsitatean irakasle izan den Maialen Elizbururekin batu zen, Soraluzen.

Andreak eta Inmak beraien enkontrua oso aberasgarria izan dela kontatu digute, eta berriz elkartzeko gogoz geratu dira. “Laster Euskal Herrian edo Uruguain berriro batuko garela ziur nago”, esan digu Andreak.

Ikusi topaketaren argazki galeria:

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude