Jose Luis Azpillaga, bidelaguna: “Euskararik gabe nire bizitza oso desberdina izango zen lehen, eta izango litzateke orain”

Jose Luis Azpillaga Azpeitian jaio zen 1957an, baina duela 30 urte Eibarrera joan zen bizitzera. Han euskara irakaslea izan da, erretiroa hartu duen arte. Orain, denbora libre gehiago daukanez, Mintzaneten izena ematea erabaki du, eta “oso pozik” dagoela esaten du. “Proiektua lagungarria dela iruditzen zait euskara ikasi eta praktikatu nahi dutenentzat; batez ere, inguruan euskaldunik ez dutenentzat”.

Horrela, astelehenero Iruñeko emakume batekin elkartzen da Internet bidez, eta “normalean” ordubete inguruko saioak egiten dituzte. “Aurreko astean edo asteburuan egindakoez edo hurrengo egunetan egin beharrekoez hitz egiten dugu. Hortik tira eginda, beti sortzen dira mintzatzeko gaiak: ibilaldiak, bisitatutako lekuak, ospakizunak, autoarekin izandako gorabeherak…”, azaldu du Jose Luisek. Zentzu horretan, berarentzat oso erraza da bikotekidearekin mintzatzea: “Berak oso maila ona du; batzuetan zalantzak izaten ditu hitz edo aditzen bat erabiltzerakoan eta orduan laguntzen saiatzen naiz”.

Bestalde, Azpillagak ere sentitzen du asko ikasten ari dela. “Iruñeak eta Nafarroak, oro har, beti piztu izan didate jakinmina: euskararekin dituzten gorabeherak, parajeak, bizimodua… Baina hedabideetatik aparte, ez nuen lekukorik hango berri izateko. Orain berri zuzena jasotzen dut Iruñeko euskara-ikasle eta bizilagun baten bidez”, azpimarratu du azpeitiarrak.

Honela, Mintzaneti esker, Jose Luisek lotura mantentzen du bere ogibidea izan denarekin: “Euskara lana izan da, zaletasuna ere bada eta baita hurbileko munduan txertatzeko ezinbesteko baliabidea ere. Euskararik gabe nire bizitza oso desberdina izango zen lehen, eta izango litzateke orain”.

Mila esker, Jose Luis!

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude