Jose Ramon Onandia, bidelaria eta bidelaguna: “Oso interesgarria da euskaltzaleentzat eta euskaldun berrientzat”

Jose Ramon Onandiak aldizkari batean izan zuen Mintzaneten berri. «Ez dut ondo gogoratzen, baina nonbait zerbait irakurri nuela uste dut», esan du. Getxotar honek 68 urte ditu eta erretiratua dago, baina horrek ez du esan nahi geldirik egoten denik.

Mintzaneti esker, Pili Larrañaga ezagutu zuen duela hilabete batzuk. Pili bere bidelaguna da, eta astean behin euskaraz aritzen da berarekin. «Lagunak egin gara, eta pozik aritzen gara elkarrekin kontu-kontari. Ekimen hau oso interesgarria da, batez ere euskaltzaleentzat eta euskaldun berrientzat», azaldu du Jose Ramonek.Praktikatzeaz aparte, beste onura batzuk ere ikusten dizkio proiektu honi: «Oso polita da komunikatzeko tresna berriekin lasaitasunez aritzea, euskara hutsean, baita beste pertsona batekin harreman normal bat izatea ere. Hori dela eta, askotan gomendatu dut Mintzanet».

Bere ustez, Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunentzat oso erakargarria da Mintzanet, «apurka-apurka euskara ez galtzeko». «Nagusientzat eta haien seme-alabentzat interesgarria izango litzateke. Umeek beste ume batzuekin euskaraz berba egiteko aukera izango bailukete», gaineratu du.

Jose Ramonek aspaldi izan zuen ideia hau. Bi seme kanpoan ditu, eta bilobek euskarari eustea nahiko luke. Semeetako bat Bartzelonan bizi da eta bi alaba dauzka. «Gurekin euskaraz egiten dute. Genevan daukagun bi urteko neska txikiak, berriz, alemana, frantsesa eta ingelesa entzun arren, euskaraz ere ulertzen du».

Orain, beste pausu bat eman du: bidelagun gisa hasi da Mintzaneten.

Jose Ramon Onandia bidelari eta bidelaguna da

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude