Joserra Onandia eta Valeria Garcia elkarrekin, Algortan

Sei urte inguru daramatzate Joserra Onandia (Getxo, 1945) bidelari eta bidelagunak eta Valeria Garcia Oyarzabal (La Pampa, 1973) bidelari argentinarrak Mintzaneten saioak egiten, eta adiskide min bilakatu dira. Astero-astero euskaraz aritzeko tartea hartzen dute pantaila aurrean, baina orain, aurrez aurre elkartu dira Algortan, “ilusio handiz”.

Goizean goiz finkatu zuten hitzordua, eta Valeria Mugaritz jatetxean sukaldari den Mauro bere semearekin joan zen Joserra bisitatzera. Bidebitarte txokoa, San Nikolas enparantza, herriko antzokia, inguruko hondartzak, Bizkaiko Zubia eta portu zaharra bisitatu zituzten, besteak beste. Eguraldia lagun, ahaztu ezineko eguna igaro zuten.

Skype bidez noizbait hizketan aritu badira ere, Joserraren emazteak (Begoñak) eta Valeriak  orduantxe ezagutu zuten elkar: “Bikain tabernako terrazan txakolinak eta txibierroak hartu eta gustura egon ginen berbetan”, azaldu digu Joserrak.

Koronabirusaren krisiaren eraginez, ezin izan zuten Pedro Mari Sarduyri (Muxika, 1950) egindako ongietorria errepikatu, baina goxo-goxo bazkaldu zuten laurek etxean. Ostean, agurtu aurretik, getxoztarrak Aldapa auzoan duen ortua erakutsi zien Valeria eta Maurori.

Mintzaneti esker, adiskidetasun berri eta handiak egin dituela azpimarratu digu Joserrak, eta egitasmoak “euskaraz hitz egiteko izugarrizko laguntza” eman diola gogorarazi digu.

Mauro, Valeria, Begoña eta Joserra bazkaltzen

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude