Karmele Aurtenetxe, bidelaguna: “Uste dut zerbait eskatzen duenak bueltan zerbait eman behar duela, eta Mintzanet emateko tresna aproposa da”

Want create site? Find Free WordPress Themes and plugins.

Karmele Aurtenetxek 49 urte ditu eta Zornotzan bizi da. Euskarako irakaslea izan da, baita kazetaria ere. Orain, euskara teknikari-itzultzailea da.

Kasualitatez, Interneten nabigatzen zebilela, Mintzaneten webgunera iritsi zen: “Skype bidez mintzalaguna izan nintekeela jakitean, mundua zabaldu zitzaidan”.  Berari errazagoa egiten zaio etxetik bertatik aritzea. “Bilbon mintzalagun izan nintzen, baina garai hartan, eguerdian bakarrik geratu nintekeen eta oso zaila egiten zitzaidan ordutegiak zehaztea. Orain askoz errazagoa da”, aitortu digu zornotzarrak.

Karmelek Donostiako Teexa Gilekin egiten ditu saioak asteartearo, 17.30ean. “Teexarekin gauza arin edo sakonei buruz hitz egiten dugu, liburuei buruz, mundua konpondu nahian ibiltzen gara… Lagun maitagarria da benetan”. Karmelek hitz onak bakarrik ditu bere bidelariari buruz: “Nire mundu txikia zabaldu du. Gaur egungo bizimoduarekin, lanarekin eta etxeko ardurekin ez zait pertsona bezala garatzeko denborarik geratzen. Mintzanetek leihotxo bat zabaldu dit: nirekin zerikusirik ez duen pertsona batekin jarri nau harremanetan eta asko ikasten ari naiz. Teexa oso argia da, gomendio asko ematen dizkit”, adierazi du elkarrizketatuak. Gabonetan Teexa Mexikora joan zen eta bueltan kontatutakoarekin Karmelek ere bertan egon dela sentitu du: “Liburuek mundu berrietara bidaiatzeko aukera ematen duten bezala, Mintzanetek ere aukera hori ematen digu”.

Euskara Karmeleren ama hizkuntza da, nahiz eta eskolan eta gaztaroan ia galtzeraino heldu zen. “Nire herriarekin lotzen nau, nire sentimenduak adierazteko erabiltzen dut, nire aberria da”, esan digu. Askotan ingurukoei euskara ikasteko esaten die eta euskaltegira joatera animatzen ditu: “Uste dut zerbait eskatzen duenak bueltan zerbait eman behar duela, eta Mintzanet emateko tresna aproposa da”. Aurtenetxek Mintzaneten parte hartzea gomendatuko luke: “Euskalduna bazara, euskara ikasi nahi baduzu, zure ingurua euskaldundu nahi baduzu, euskararen aldeko ekarpena egin nahi baduzu, zure mundua zabaldu gelako leihotxotik, etorri Mintzanetera! Euskarak euskaldun guztiok behar gaitu aurrera egiteko”.

Karmele Aurtenetxe
Karmele Aurtenetxe Mintzaneten bidelaguna da
Did you find apk for android? You can find new Free Android Games and apps.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude