Kimetz Martinez, bidelaguna: “Asko miresten dut Romanek euskara ikasteko duen konpromisoa. Bere ikasketa prozesuan laguntzen ari banatzaio, ni zoriontsu”

Kimetz Martinez (Bilbo, 1982) irakaslea da Arabako Errioxako eskola txiki batean. Iowan (AEBn) bizi zenean, izan zuen Mintzaneten berri: “Euskara irakasle batzuk ezagutu nituen eta haiek Mintzaneti buruz hitz egin zidaten”. Hasieratik oso “proiektu interesgarria” iruditu zaio eta “etorkizun oparoa” izango duela uste du. “Oso ondo antolatua dago eta gauza nabaria da atzetik lan mordoa egiten dutela”, esan digu.

Berak Roman Zurutuzari euskara praktikatzen laguntzen dio, izan ere, Romanek arbaso euskaldunak izan arren, Alicanten jaio eta bizi da. “Hasieran ezer prestatu gabe hitz egiten genuen, baina orain, emailez artikulu-sortak partekatzen ditugu eta horren inguruko elkarrizketak izaten ditugu”. Euren arteko harremana gero eta hobea dela aitortu digu Martinezek: “Asko miresten dut Romanek euskara ikasteko duen konpromisoa. Bere ikasketa prozesuan laguntzen ari banatzaio, ni zoriontsu. Mintzanet da nire lehenengo ekintza boluntario gisa, eta oso aberasgarria izaten ari da”.

Euskara hizkuntza bat baino gehiago da Kimetzentzat: “Jatorriarekin eta nortasunarekin lotzen dut, eguneroko bizitzako zutabe bat da, eta bizi naizen lekuan bizita, hizkuntza biziberritzen saiatzen naiz”.

Mintzaneten parte hartzea gomendatuko luke, “asko emateko eta asko jasotzeko balio duelako: euskaraz, euskaragatik eta euskararentzat”.

Elkarrizketaren amaieran, Romanekin bizitako pasadizo bat kontatu digu: “Roman Londresen bizi da eta behin, saio bat amaitzera gindoazela, etxetik irten zen telefonoa eskuan zuela. Ni ere Erresuma Batuan bizi izan nintzen eta berarekin batera hango kaleak ikusteak oroitzapen oso onak ekarri zizkidan”.

Kimetz Martinez
Kimetz Martinez bidelaguna da Mintzaneten

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude