Mari Jose Arruti, bidelaguna

Mari Jose Arruti, bidelaguna: “Euskara ez da galduko horrelako ekimenak martxan dauden bitartean. Euskara erabiltzeko da”

Gurasoek sehaskan zegoen garaitik sutsuki eta maitasun handiz erakutsi omen zioten Mari Jose Arrutiri (Andoain, 1963) euskara. Bikotekidearekin zein lanean (irakaslea da) euskaraz mintzo da, eta harro dago semeei hizkuntza transmititu izanaz. “Bizitzeko modu bat da, bihotzean daramadana, nire izate guztiari zentzua eman diona. Euskararik gabe, nire egunerokoak ez luke zentzurik”.

Mari Josek Euskal Telebistako saio batean izan zuen Mintzaneten berri. Proiektua interesgarria iruditu zitzaion eta bertan parte hartzea erabaki zuen: “Herriko euskaltegiko kide batekin jarri nintzen harremanetan eta Mintzaneten nondik norakoak adierazi zizkidan. Une horretan bertan egin nintzen bidelagun”.

Ordutik, ostegun iluntzeetan ordubete inguruko saioak egiten ditu bere bidelariarekin, Urugaiko emakume bat, eta elkarri dituzten arazoak zein pozaldiak kontatzen dizkiote: “Astero lagun batekin egin dezakezun hitzordu baten antzekoa da”. Arrutik esan duenaren arabera, aurrez aurre ezagutzeko aukera ere izan du: “Polita izan da, benetan”.

Mintzanet Euskal Herritik kanpo euskaraz aritzeko irrikaz dagoen edozein asebetetzeko primerako egitasmoa dela dio bidelagunak, “beharrezkoa”. Munduan zehar euskaldunak egotea ederra dela deritzo, horregatik, euskaraz aritzeko gogoa dutenei egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatzen die. “Euskarak bizirik jarrai dezan hiztunak behar ditugu eta hau izan liteke hori bermatzeko moduetako bat. Hitz egiten ez den hizkuntza, hil egiten baita. Eta zalantzan zaudetenok, eman pauso bat aurrera eta eman hauspoa gure hizkuntzari!”.

Mintzaneti eskerrak ere eman nahi izan dizkio Mari Josek: “Euskara ez da galduko horrelako ekimenak martxan dauden bitartean. Euskara erabiltzeko da”.

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude