Mintzanetek 1.000 laguneko langa gainditu du 2020an

Proiektuko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete parte-hartzaileei. Eta, gainera, nahi duenak bidelagun moduan izena emateko kanpaina abiatuko dute.

Euskadi Irratiko FAKTORIA saioan emandako elkarrizketa entzungai duzue, hemen.

2020. urtea oparoa izaten ari da Mintzanetentzat eta inoizko daturik onenak lortu ditu: 1.000 laguneko langa gainditu dugu! Proiektuko arduradunok eskerrak eman nahi dizkiegu urte honetan saioak egiten aritu zareten eta ari zareten guztiei, eta BIDELAGUNAK behar ditugula azpimarratu nahi dugu, euskara praktikatzen lagunduko duten euskaldunak, hain zuzen ere.

“Koronabirusaren krisiak urte osoa baldintzatu du eta, gaitzak jendea teknologia berriak ezagutzera animatu du”, azaldu digu Ander Makazaga Mintzaneten koordinazio taldeko kideak. Hala, erabiltzaileen bolumena handitu egin da, batez ere bidelariena, eta “une honetan, 200 lagun inguru zain ditugu, bidelaguna izateko zain. Euskara praktikatu nahi dute eta ezin diegu behar bezalako zerbitzua eskaini”.

Bidelarien emari iraunkorrari erantzuna emateko, aurten hainbat kanpaina jarri ditugu martxan: batetik, bidelagun-taldeko kide izateko deialdia; horrez gain, jada zeuden bidelagunei bidelari gehiagorekin aritzea eskaini genien, eta maila handia zuten bidelariei bidelagun izateko proposamena luzatu genien. “Hori eginda ere ez genuen nahi genuen emaitza lortu eta, beraz, maila handia duten bidelariei (B2 ala C1 euskara-mailak) euren maila berekoekin aritzea proposatzen hasi ginen”, kontatu digu. Gaur egun aukera hori eskaintzen jarraitzen dugu, “itxaron-zerrendan egotea baino, norbaitekin hitz egitea hobe dela uste baitugu”, gehitu du. Bide horiek guztiak jorratu arren, ezin izan diogu bidelari-kopuru handiari erantzunik eman: “Jendea dugu zain, euskara praktikatzeko izena eman dute, eta guk ezin diegu nahi bezalako zerbitzua eskaini, bidelagunak falta zaizkigulako”, azpimarratu du. Zer behar du bidelagun batek? Euskalduna izatea (ez du titulurik behar); astean ordubeteko tartea; Skype, Whatsappeko bideo-deia, Google Hangouts edo beste edozein programa eskura izatea; laguntzeko gogoa eta esperientzia berri bat bizi nahi izatea.

Zentzu horretan, pandemiaren egoerak mesede egin diela aitortu du Makazagak: “Euskaraz aritzeko aurrez aurreko klaseetara joateko aukerarik izan ez denez, jendeak gugan aurkitu du babesa”. Gizarteak teknologia berrietara egokitu behar izan du, eta zulo hori Mintzanetek bete du.

Mintzanet 2012. urteko abenduan sortu zen eta pixkanaka hazten ari da. Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, bestelako ondorio positiboak ere baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora-eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldunen kopurua handitzea.

Informazio gehiago behar izanez gero, edo gurekin harremanetan jartzeko, idatzi info@mintzanet.net helbidera edo deitu 943 504 206 telefonora.

 

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude