Naiara Alberdi, bidelaguna: “Euskaraz mintzatzeko aukeraz gain, jendea ezagutzeko ere balio du!”

Naiara Alberdi (Zumarraga, 1982) bidelaguna administraria da. Lanetik etxera bidean, Arrate Irratian izan zuen Mintzaneten berri lehenengo aldiz eta izena ematea erabaki zuen: “Proiektua ideia bikaina da, eta gaur egungo egoerara erabat egokitzen dela iruditzen zait”.

Gasteizkoa du bidelaria eta astean behin egiten dute saioa, larunbatetan 15.00etan. “Ezagutzen ez nuen pertsona batekin, euskara aitzakia gisa hartuta, solasean tarte atsegin bat igarotzeko parada ematen dit proiektuak. Harreman polita sortu da gure artean”, kontatu digu.

Euskara bere ama hizkuntza da: “Egunerokoan komunikatzeko tresna eta gure herriaren altxorra da”. Euskara praktikatzen laguntzeak euskara ikasten ari direnen azalean jartzeko balio izan dio, “beste ikuspuntu bat eman dit eta euskara ikasten ari direnen sentsazio edo zailtasunez jabetu naiz”.

Naiarak edozein animatuko luke egitasmoan parte hartzera: “Mintzanet oso erraza eta erosoa da. Skype bidez malgutasun handia dugu: toki edo ordutegi aldetik, izan ere, mugikor edo ordenagailu bat eta interneterako konexioa besterik ez da behar. Euskaraz mintzatzeko aukeraz gain, jendea ezagutzeko ere balio du!”

NaiaraAlberdi
Naiara Alberdi bidelaguna da Mintzaneten

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude