Raul Alfaro: “Interneten denetarik dago; baina, euskararen arloan hutsune bat zegoen, eta Mintzanetek bete du”

Raul Alfaro duela 37 urte jaio zen Iruñean, kooperatiba batean lan egiten du eta Zarrakaztelun bizi da. Euskara ikasten ari da, baina Nafarroako Erriberako herri txiki horretan ez du praktikatzeko aukerarik. Bere irakasleak eman zion Mintzanet proiektuaren berri. Izena eman, eta Ione Forcada donostiarrarekin hasi da ekimenean parte hartzen. «Kristorena iruditzen zait; Zarrakaztelun ia-ia aukerarik ez daukat euskaraz hitz egiteko, eta Mintzaneten bidez gutxienez astean bitan egiten dugu», azaldu du.

Raul Alfaro, bidelaria, bere txakurrarekin
Raul Alfaro, bidelaria, bere txakurrarekin

Astean bi aldiz jarduten dute, eta dagoneko bidelari honen eta bere bidelagunaren artean harreman berezia sortu da. «Ione asko estimatzen dut, bere jarrera ikaragarria da, eta beti garaiz eta gogo handiz etortzen da hitzorduetara. Euskara militante hutsa da», azpimarratu du.

Raul euskara ikasten ari da buru-belarri, eta badaki prozesu horretan zein garrantzitsua den hitz egitea. Horregatik, astean bi aldiz aritzea adostu zuen bere bidelagunarekin: «Gainera, disfrutatu egiten dugu eta denbora luzez jarduten dugu gauza askoren inguruan. Ostegunetan, berriz, nire gramatikako zalantzak argitzen saiatzen gara».

Praktikatzeaz gain, Mintzaneten bidez beste gauza asko ikasten ari da Raul. «Ionerekin elkarrizketak oso abesgarriak dira: geografia, euskal mitologia, historia eta horrelako gaien inguruan hitz egiten baitugu».

Ionek eta Raulek modu bitxian bukatzen dituzte saioak. «Ionek asmakizun bat kontatzen dit eta nik erantzuna asmatu egin behar dut hurrengo hitzordurako. Behin liburu bat bidali zidan, eta beste batean artikulu bat. Eta nik berari zainzuri batzuk», esan du.

Bere esperientzia kontuan hartuta, Mintzanet gomendatuko lukeela esaten du Raulek. «Zalantzarik gabe. Interneten denetarik dago, baina euskararen arloan hutsune bat zegoen eta Mintzanetek bete egin du. Esperientzia oso polita da. Mila esker!».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude