Mintzanet Ibilaldian egon zen

Mintzanet ekimenak Ibilaldia 2013an parte hartu zuen. Portugaletera hurbildu ginen gure proiektua ezagutzera emateko eta gure txokora, Asti Leku ikastolako gunera, jende andana etorri zen, besteak beste, Julian Iantzi aurkezlea. Lanean zegoen baina tartetxo bat aurkitu zuen gurekin egoteko. Hemen dituzue atzoko argazki batzuk.

EHUko ikasleek aukera askeko kredituak lor ditzakete Mintzaneten parte hartzeagatik

Hemendik aurrera EHUko ikasleek aukera askeko kredituak lortu ahal izango dituzte Mintzaneten parte hartzeagatik. Proiektuaren arduradunek Unibertsitatearekin akordio bat sinatu dute, eta honen ondorioz ikasleek kredituak eskuratuko dituzte Internet bidez euskara ikasten ari direnekin praktikatzeagatik, hau da, bidelagun izateagatik.
Informazio guztia esteka hauetan aurki dezakezue.

*Azalpena EHUren webgunean (euskaraz)

*Explicación en la página web de la UPV/EHU (en castellano)

Mintzagun egitasmoa ezagutzera eman da

Apirilaren 10ean Mintzagun egitasmoa ezagutzera eman da Oarsoaldeko Euskara Batzordeak (Pasaia, Errenteria, Lezo, Oiartzun). Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak, Aiora Perez de San Romanek adierazi duenez, “gure euskaltegietan, egungo metodologia eragingarriei esker, ederki bereganatzen dituzte euskaldungaiek hizkuntzaren oinarriak, eta elkarrizketa txukunak gauzatzeko adina ikastera heltzen dira”. “Euskara bereganatzea lortzen duen horietako askok ordea, gehienek ez esatearren, ez dute inguruan euskaraz hitz egingo dien inor izaten, familian, lagunartean… Euskaltegia izaten da eurentzako mintzatzeko gune bakarra. Behar horri erantzunez sortu da Mintzagun egitasmoa”, esan du. Eskualdeko ikasleei eta euskara ikasi berri dutenei euskara erabiltzeko aukerak eskaintzeko, hain zuzen ere. Mintzagunek euskalduntzearen dimentsio soziala nabarmendu, indartu eta zabaldu nahi du.
Mintzagun ekimenak oraingoz hiru atal izango ditu: euskaltegietako tailerrak gai desberdinen inguruan (argazkigintza, postura egokien tailerra,…) dagoeneko gauzatzen ari direnak; Mintzagun jaia, euskara ikasleen jaia izango da, aurten lehen aldikoz egun pasa bat antolatu dute maiatzaren 11an egingo dena, larunbatez, Errenterian -eguerdiko 12:00etan, ongietorria, bisita gidatuak egingo dira Errenteriako parte zaharrean barrena, Flashmob-a Zumardian, Triki-poteoa egingo da tabernaz taberna, bazkaria Zumardian eta musika emanaldia; eta azkenik Mintzalaguna egitasmoa. Ekimen hau indartzeko neurriak hartuko dituzte, mintzalagunak ugaritzeko lanketa, gurasoentzako mintzalagun saioak antolatzea aztertu, formatu berriak, parkeetan, kafetegietan…Eskualdeko gainerako herri, barruti eta auzoetara zabaltzeko saiakera egingo dute. “Mintzalaguna euskara erabiltzeko aukera gisa berrindartu nahi dugu ez dagoen eremu eta arloetan”, adierazi du Oarsoaldeako lehendakariak.

Mintzanet proiektua San Telmoko Mintzodromoan egon da

Ia 150 lagun inguruk hartu zuten parte martxoaren 19an Donostiako San Telmo museoan antolatu zuen Mintzodromoan. Hara bertaratu zirenek Mintzanet proiektua ezagutzeko parada izan zuten. Besteak beste, Julian Iantzi aurkezlea eta Harkaitz Cano idazlea aritu ziren jendearekin solasean Internet bidez. Gainera, Donostiako Udaleko hainbat zinegotzi ere hurbildu ziren: Nerea Txapartegi (Bildu), Marisol Garmendia (PSE-EE), Iñigo Arcaúz (PP) eta Martin Ibabe (EAJ).

Mintzanet martxoaren 19ko Mintzodromoan egon da

Datorren asteartean, martxoak 19 (10:00etan), Bagerak mintzodromo bat antolatu du Donostiako San Telmo museoan. Bertan, Mintzanetek txoko bat edukiko du, eta hurbiltzen direnei proiektua azalduko diegu.
Internet bidez euskaraz arituko dira, besteak beste, Julian Iantzi aurkezlea eta Harkaitz Cano idazlea. Gainera, Donostiako Udaleko alderdi guztietako ordezkariak egongo dira: Iñigo Arcáuz (PP), Marisol Garmendia (PSE-EE), Aitziber San Roman (EAJ) eta Nerea Txapartegi (Bildu). Parte hartu zuk ere!

Mintzanet, Eusko Jaurlaritzako webgunean

Duela hiru hilabete, Nazioarteko Euskararen Egunean, aurkeztu zen Mintzanet ekimena, eta geroztik arrakasta handia izan du.

Gero eta bidelari eta bidelagun gehiago parte hartzen ari dira proiektu honetan, Internet bidez euskaraz hitz egiteko aukera paregabea baita. Nonahi egonda, etxetik atera gabe, pertsona orok praktika dezake, eta doan.

Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzako webguneak tartetxo bat egin dio Mintzaneti. Hemen azaltzen dute zertan datzan esperientzia.

Albiste osoa irakurri