Ione Forcada (bidelaguna) eta Raul Alfaro (bidelaria) Donostian elkartu dira

Ione Forcadak sortu eta berehala ezagutu zuen Mintzanet, Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpenean izan baitzen. Bagera Elkartean ere parte hartzen du, eta, ongi pentsatu ondoren, Mintzaneten izena ematea erabaki zuen. “Aurrez aurre laguntzailea izatea errazagoa da. Interneten, berriz, ez daude hainbeste baliabide, baina tira”, dio Ionek.

Ahalik eta gehien laguntzea du helburu, eta gogotsu aritzen da horretan. “Nire bidelaria Zarrakazteluko (Nafarroa) mutiko bat da. Nahiz eta han euskara ikasi, ez du praktikatzeko aukerarik. Nik solasaldiak prestatzen ditut, asmakizunak egiten ditugu, berriei buruz hitz egiten dugu, aditzak lantzen ditugu…”. Gustura dabil eta igartzen zaio.

Ionek laguntzen duen “mutikoa” Raul Alfaro da. Euskara Zarrakaztelun ikasten du, eta bere irakaslearen bidez ezagutu zuen Mintzanet. “Teknologi berriekin ez naiz oso ongi moldatzen, baina kamera espreski erosi nuen, eta izena eman nuen. Aukera ona zela pentsatu nuen, eta bete-betean asmatu nuen: kristoren esperientzia da!”, azaldu du Raulek.

Bere ustez, euskaldunak ez diren inguruetan Mintzanet bezalako “aukerak” izatea “altxorra” da. “Ongi pasatzen dugu, eta asko ikasten ari naiz. Poz-pozik nago. Ione ezagutzea oso polita izan da, eta estimu handia diot”, esan du.

Horregatik, duela egun batzuk elkar ezagutzea erabaki zuten. “Oso topaketa polita eta berezia izan zen. Handik hunkituta etorri nintzen, eta zuei eskerrak eman behar nizkizuela pentsatu nuen: eskerrik asko hau posible egiteagatik!”.

Hemen duzue elkartzearen argazkia. Ione Forcada eta Raul Alfaro Donostiako kaian.

Ione Forcada bidelaguna eta Raul Alfaro bidelaria
Ione Forcada bidelaguna eta Raul Alfaro bidelaria

Lourdes Erquicia: “Mintzanetek beldurra kentzeko balio izan dit”

Lourdes Erquiciak Internet bidez izan zuen Mintzaneten berri. Irungoa da eta 55 urte ditu. Proiektu honetan izena eman zuen lehenetakoa izan zen. Duela sei hilabete hasi zen bidelari gisa, eta oso pozik dago. Bere bidelaguna, María Cecilia Cenóz, Argentinakoa da, eta jada lagunak direla dio. «Asko ikasi dut berarekin, eta beldurra kentzeko balio izan dit. Jende askori gomendatu diot Mintzanet. Niretzat, behintzat, oso lagungarria eta interesgarria izaten ari da», azaldu du.

Ceciliak oso goiz jaiki behar izaten du Lourdesekin hitz egiteko, baina, hala ere, gustura egoten dira hitz egiten. «Oso goiz jaiki behar izaten duen arren, ez kezkatzeko esaten dit, eta, egia esan, oso ondo moldatzen gara», gaineratu du irundarrak.

Eva López Soria: “Hamar bat emango nioke proiektu honi”

Eva López Soria Barakaldon bizi da eta 35 urte ditu. Administrari laguntzaile gisa egiten du lan, eta Mintzanetek Habeko lehenengo profila gainditzeko asko lagundu diola esan digu. Internet bidez ezagutu zuen proiektua, eta biziki eskertzen du hizkuntza praktikatzeko eman dion aukera. “Oso interesgarria iruditzen zait, eta praktikatzeko modu ezin hobea da: inora joan gabe eta dirurik ordaindu gabe”, azaldu du Evak.

Ordenagailuaren beste aldean, Leioan bizi den emakume bat dago: Aitziber Iturricastillo. Berarekin oso harreman ona sortu dela dio, asko laguntzen baitio. “Oso gomendagarria da, asko ikasten duzulako, hitz egiten trebetasun handia lortzen duzulako, eta gainera, lagunak egiten dituzulako. Orain, koinata animatzen ari naiz, bera ere apuntatu dadin”, adierazi du. “Nik hamar bat emango nioke proiektu honi. Azterketa gainditzeko, euskaraz errazago hitz egiteko, eta lagunak egiteko balio izan dit. Eskerrik asko”.

Ana Belen Urretxu: “Euskaraz dakienak erraz parteka dezakeen altxor bat du; behar duenari laguntza handia eman diezaioke esfortzurik gabe, denbora baino ez baitu eskaini behar”

Ana Belen Urretxu duela 59 urte jaio zen Buradon Gatzagan (Araba). Orain Donostian bizi da, eta egunkari baten bidez ezagutu zuen Mintzanet. Bere esperientzia partekatu nahi izan du eta zuzenean zuei eskaintzea erabaki dugu, berak oso ondo azaltzen baitu zein gauzak lortu dituen proiektu honi esker. Hona hemen Ana Belenen hitzak.

“Ia hasieratik borondateak ez duela mugarik ikasi dut. Zerbait egin nahia gailendu egiten zaio zailtasunari. Nire bidelariak ahalegin eta erabakitasun handia ageri du modu eredugarrian. Harekin –Delia Beatriz Etchegaray, Azul hiriko emakume bat (Argentina)–  harreman atsegina dut, pixkanaka arlo pertsonalera lerratzen ari dena, denborak ez baitigu ematen.

Laguntza behar dudalako eman nuen izena programan, hitz egiteko bereziki. Funtzionarioa naiz, eta iragan ikasturtean IVAPen izena eman nuen 3. eskakizuna gainditzen saiatzeko. Dudan adina dela-eta, bistan da ziurtagiria lortzea ez dela nire lehentasuna. Hitz egitea da nire helburua. Nire bi seme-alabek hizkuntza-gaitasun osoa dute, eta euskaraz bizi dira; bilobak iristen direnean bizitza horretan parte hartu nahi dut.

Mintzanetek ustez bidelaguna nuena esleitu zidanean, poztu egin nintzen: Etchegaray abizena zuen, eta Iparraldekoa zela ondorioztatu nuen; horrenbestez, euskara izango genuen hizkuntza komun gisa.

Baina, hura ezustea! Patagonian bizi zen. Eta ez hori bakarrik, nik baino gutxiago zekien gainera. Akats bat zelakoan, Mintzaneti jakinarazi nion. Oso bidelagun gutxi daudela erantzun zenidaten, baita mesede bat eskatu ere: euskaraz ni baino okerrago moldatzen zenez, ahal nuenean laguntzen saiatzeko eskatu zenidaten, gutxienez udan edo behar ziren bi bidelagunak aurkitu arte.

Onartu egin nuen, eta hainbat alderditan erabaki oso ona izan zela uste dut.

Continue reading “Ana Belen Urretxu: “Euskaraz dakienak erraz parteka dezakeen altxor bat du; behar duenari laguntza handia eman diezaioke esfortzurik gabe, denbora baino ez baitu eskaini behar””

Martina Telletxea: “Diasporan gaudenok horrelako gauzak behar ditugu”

Martina Telletxeak (1968) euskaraz hitz egin nahi du, baina orain arte ez du aukerarik izan. Kaledonia Berrian bizi da (Ozeania), Australiaren ekialdean dagoen uhartedi batean. Betidanik gustatu izan zaio bidaiatzea, eta duela urtebete Euskal Herriko antipodetara iritsi zen gaztelaniazko irakasle gisa.

Euskarari eutsi nahi zion, baina, hain urruti egonda, zaila egin zaio. Internet bere aliatu bihurtu da, eta orain Mintzaneten bidez bere helburua lortu du.

Bere bidelagunarekin, Marijoxe Azurtzarekin, astero-astero aritzen da solasean, eta jada, bien artean, harreman berezia sortu da. «Jatorra da, eta ondo moldatzen gara», azaldu du.

Euskara praktikatzeaz gain, ‘drehu’ izeneko hizkuntza bat ere ari da ikasten: «Kaledonia Berrian 35 hizkuntza dituzte, baina ez daukate euskara batua bezalakorik».

Bere ustez, proiektua «oso ona» da, eta zalantzarik gabe gomendatuko luke. «Diasporan gaudenok horrelako gauzak behar ditugu. Leku batzuetan ez dago euskal etxerik, eta ezinezkoa da euskara praktikatzea», esan du Martinak.

Martinak ez du jada Mintzaneten parte hartzen.

Aniceto Ajuriagogeaskoa (Muxika) Mintzaneteko bidelagunak eta Andrea Bella (Montevideo) bidelariak topo egin dute

Aniceto Ajuriagogeaskoa Muxikan bizi da eta 66 urte ditu. Andrea Bella, berriz, Uruguayen jaio zen duela 36 urte. Mintzaneten izena eman zuten iazko udaberrian eta geroztik astero-astero hitz egiten dute Internet bidez. Aniceto euskaldun zaharra da, Andreak, ordea, kasualitatez ezagutu zuen euskara. Euskal dantzak ikusi zituen bere herrialdeko euskal etxe batean eta euskal kulturarekin maitemindu egin zen. Orain bere bizitza euskaraz egiten du ahal duen neurrian, eta Euskal Herrira hiru aldiz etorri da. Azkeneko bidaia honetan Aniceto bere bidelaguna ezagutzeko aprobetxatu du.

Gainera, ‘Argia’ aldizkarian elkarrizketatu dute. Hemen duzue esteka.

Aniceto Ajuriagogeaskoa eta Andrea Bella
Aniceto Ajuriagogeaskoa eta Andrea Bella

Marijoxe Azurtza: “Saioak atseginak eta pozgarriak dira”

Marijoxe Azurtza Donostian jaio zen duela 36 urte, eta irakaslea da. Egun batean, Euskal Kultura Erakundearen (EKE) webgunean Mintzaneti buruzko testu bat irakurri zuen. Zalantzarik gabe, izena eman zuen, eta geroztik astero-astero bere bidelariarekin hitz egiten du. Bere ustez, proiektua «txukuna» da, batez ere, parte hartzen duten bi pertsonak «hitzekoak eta, hitzekoak izanik, hiztunak izanik».

Orain arte, «maila apaleko» bi euskaldun berrirekin aritu da eta duela aste batzuk beste bikotekide bat egokitu zaio: Kaledonia Berrian bizi den emakume bat. «Oso gustura ari naiz. Oso interesgarria da», azaldu du Marijoxek. Bere bidelari berriari esker, «bizitza aurrera ateratzeko era ezberdinen berri» izaten ari dela dio. Marijoxek dioenaren arabera, «atzerrian bizi eta beste euskaldunik ez baduzu ez inguruan ez hemen familian, ezinean gelditzen zara: euskaraz hitz egin nahi bai, baina norekin ez!».

Bere bikoteak Martina Telletxea du izena. Ozeanian lanean ari den emakumea da eta elkarrizketetan bakoitzaren esperientzia partekatzeko aukera dute. «Hiztuna eta interesgarria da, eta berarekin saioak atseginak eta pozgarriak dira. Zein erraza den horrela aritzea!», esan du Marijoxek.

Ekimenaren inguruan ere iritzia eman du donostiar honek: «Mintzalagunaren ezaugarriak izanik ere, oporretan jarrai dezakezu, etxean…».

 
Marijoxe Azurtza bidelaguna
Marijoxe Azurtza bidelaguna

Antxon Quiroga: “Mintzanet oso erabilgarria da euskara ikasten ari direnentzat”

Antxon Quiroga Errenterian jaio zen, duela 65 urte. Internet bidez izan zuen Mintzaneten berri, eta bertan bidelari gisa hartzen du parte. Bere ustez, proiektua «oso ona» da euskara ikasten ari direnentzat, eta, batez ere, «oso erabilgarria». «Oso ondo dago euskara zabaltzeko», gaineratu du.

Bere bidelaguna, Mikel Gartzia, Gasteizen bizi den gazte bat da, «oso atsegina». «Berez Oiartzungoa da, eta ni bertan bizi izan naiz. Oiartzungo euskara erabiltzen dugu», azaldu du Antxonek. Jada «laguna» dela esaten du: «Hitz egiten irakasten dit, eta aditzak eta denborak erabiltzen ere bai».

Antxonek bere esperientzia ere mahai gainean jarri nahi du, eta frantsesa praktikatzeko aukera eskaini. «Frantseseko irakaslea izan nintzen, eta norbaitek nahi izanez gero, nirekin praktikatu ahal izango luke».

Antxonek ez du jada Mintzaneten parte hartzen.

Antxon Quiroga bidelaria
Antxon Quiroga bidelaria

Elisabet Etchegaray: “Euskaldunek euskara barneratzen laguntzen didate”

Elisabet Etchegaray Argentinakoa da, Azul izeneko herri batekoa. Euskal kultura interesatzen zaio, eta horrexegatik du gustuko Mintzanet. «Euskal bizitza eta kulturarekin lotuta dauden esperientziak oso aberasgarriak direla uste dut, eta, proposamen baten bila nenbilenean, Euskal Kultura aldizkarian Mintzaneten berri izan nuen», esan digu Elisabetek.

Eusko Jaurlaritzak atzerrian bizi diren ikasleentzat duen proiektuan parte hartu zuen, eta lau urtez aritu da euskara ikasten. «Hego Amerikako beste ikasle batzuekin izan nintzen programa hartan, eta duela urtebete Habeko teknikari batek lehen profila eskuratzeko azterketa egin zion taldeari», esan du Elisabetek. «Hortik aurrera, nire kabuz ikasten jardun dut, eta bizi naizen hiriko Euskal Etxean euskara zabaltzen dut, aurrez aurreko klaseak emanez. Hitz gutxitan: euskaldunek hizkuntza barneratzen laguntzen didate. Horregatik, zuei mila esker», gaineratu du.

 
Elisabet Etchegaray argentinarra bidelaguna da
Elisabet Etchegaray argentinarra bidelaguna da

Pili Larrañaga: “Ez da asko kostatzen, eta aukera ederra da praktikatzeko arazoak dituztenentzat”

Pili Larrañaga Soraluzen jaio zen 1950ean. Orain erretiratua dago, baina hezkuntzaren arloan lan egin du bizitza osoan. Donostian bizi da, eta hain justu hiriburuko San Telmo museoan izan zuen Mintzaneten berri, ‘Badu bada’ erakusketaren aurkezpenean, alegia.

Bere ustez, ekimena «ona eta praktikoa» da, eta bertan izan duen esperientzia onuragarria dela dio. Pili bidelagun gisa dabil proiektuan, eta astean behin Joserra Onandia getxotarrarekin aritzen da. «Hamabost egunetik behin 30 minutu labur egiten zaizkigu, beti gehixeago aritzen gara», azaldu du.

Pilik dioenaren arabera, «ez da asko kostatzen eta aukera ederra da praktikatzeko arazoak dituztenentzat».

 
Pili Larranaga, bidelaguna
Pili Larrañaga, bidelaguna