Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Ez dira sinonimoak
Ez dira sinonimoak. Alderatu behar izanez gero, honela dira: hainbat = asko, hainbeste; eta zenbait = batzuk. Beste zenbatzaile zehaztugabe ezagun batzuekin erkatuz gero, honela da gradazioa, askotik gutxira: → asko/anitz (= makina bat, franko, ugari) → hainbat → zenbait / batzuk / gutxi batzuk / bat baino gehiago → gutxi. Kasu-markak eranstean, batari zein besteari dagokion izena mugagabean jarri behar da: *Zenbait kideen iritzia (> Zenbait kideren iritzia). Hala ere, mugagabe horrek badu salbuespenik: nolakotasuna (hainbat adierako hitza, hainbat kilometroko auto-ilara) —34. araua— eta iraupena (hainbat urtean bizi izan nintzen Londresen) —110. araua— adierazten direnean. (→ zenbatzaileak eta nolakotasuna (–ko/-tako: hiru kiloko haurra / lau hankako mahaia); →zenbatzaileak eta iraupena (hiru astean / hiru astetan)) Komunztadura singularrean nahiz pluralean egin dezakete: Zenbait/Hainbat emakumek hala ulertzen du/dute hori. (→ zenbatzaileak eta komunztadura) Euskara Batuaren Eskuliburua |
Tomatearen zapela
Tomateak (Lycopersicon esculentum) adina kontu sortzen duen lagunik ez dugu baratzean. Ameriketatik ekarria, Europako lurralde bero eta lehorretan hedatu zen eta hango jendearen migrazioarekin pixkanaka zabaldu. Baita guregana iritsi ere. Euskaldunek errezelo gorriz hartzen zuten kanpotik etorritakoek gatz ttantta bat bota eta, raka-raka, koskaka jaten zuten fruitu bigun urtsua. Eginda bai, saltsetan erraz etxekotu zen, baina gordinik gutxik jaten zuten. Gure etxean, amonak mordoa egiten zuen baratzean, baita saldu ere leka, piper eta urazekin batera, baina aitonak zahartu eta gero ikasi zuen gordinik jaten. Geuk ere, umetan, gordinik azukrea botata jan ohi genuen… Gerora ikasitakoa da olio-ozpinetakoa.
Tomatea jaten ikastea ederki kostatu zaigu, baina orain amorratuak gara. Tomatea gordinik jaten ez duen oso lagun gutxi topatuko duzu. Eta makurrago dena, urte guztian nahi dugu. Euskal Herri hezea, ordea, ez da tomate tokia. Tomate urtea mirariaren hurrengoa da. Tomateak gauza bakarra eskatzen du: bero lehorra. Eta hori da hemen mirari! Ia-ia Otxandioko pikoaren parekoa da beheko aldeko lurretako tomatea.
|