Uri Ruiz, bidelaguna: “Euskara gabe ni beste bat nintzateke”

Uri Ruiz (1950) Bilbon jaio baina gasteiztartutako durangarra da. Unibertsitate irakasle izandakoa da, baina orain erretiroa hartuta dago. Egitasmoan parte hartzen zuen lagun baten bidez izan zuen Mintzaneten berri, eta bera ere animatu zen: “Oso ideia ona da, ene iritziz, espazioa gainditzeko aukera ematen baitu pertsonak edonondik eta nahi dutenetan komunika daitezen”.

Euskara ikasten ari direnentzat “benetan lagungarria” izan daitekeela uste du, eta horrek hunkitu egiten du. Izan ere, euskara “nahita nik nire egindako hizkuntza” dela adierazi du, munduaren ikuspegi berezi bat ematen diona: “Euskal Herriko jendearekin  -aurreko eta gaurkoekin- lotzen nau, eta gauza asko ulertzen laguntzen dit. Euskara gabe ni beste bat nintzateke”.

Astean behin, astelehen goizetan, 30-45minutu inguruko solasaldia egiten du Lantzeko bere bidelagunarekin, eta gustura aritzen omen dira: “Ordu erdirako ginen hitzemanda, baina luzapenak badu zerikusirik hasitako gaiarekin edota egun horretan dugun zereginekin”. Adin, lanbide, bizileku eta egoeraren alde handia dago bien artean, baina horrek egoera “interesgarri” bilakatzen duela dio. Euskara praktikatzeaz gain, emakume gazte batek familiaren zereginei eta lanari aurre egiteko egin behar dituenak ez direla huskeria ari da ere ikasten.

Biziki gomendatzen duen esperientzia izaten ari da Mintzaneten parte hartzea Urirentzat, eta euskalduntze bidean dauden herritarrei laguntzeko oso modu praktikoa dela deritzo.

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude