Zu eta ni / zu eta biok

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

Zu eta biok da forma jatorrena mendebaldeko usadioan (eta deklinazio osoa, jakina: zuk eta biok, zuri eta bioi, zure eta bion…).

Dena dela, zu eta biok eta zu eta ni egitura biak dira zuzenak euskaraz; baina lehenengoa jatorragoa da nonbait, Euskaltzaindiak darabilen hitza baliatzearren. Hala dio, behintzat, bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I obran, 2.5. ataleko (“Izenordainen eta beste zenbait sintagmaren ezabaketaz”) B) puntuan (74.-75. orrialdeetan, estekatu dizugun argitalpenean): 

«Perpausen lehen pertsona singularrarekin (nirekin) edo bigarren pertsona singularrarekin (hirekin edo zurekin) beste norbait agertzen bada, “…eta ni” edo “…eta zu” esan beharrean, “…eta biok” edota “…eta hirurok” esaten dugu. Beraz, (A) zutabeko esapideez baliatu beharrean, (B)koez baliatzen da euskaldun jatorra:

A

B (jatorragoa)

Zu eta ni joango gara

Zu eta biok joango gara

Edurne eta ni iritsi ginen

Edurne eta biok iritsi ginen

Joxe eta zu etorriko zarete

Joxe eta biok etorriko zarete

Andoni, zu eta ni ibiliko gara

Andoni, zu eta hirurok ibiliko gara

Hala zioen Euskaltzaindiak 1991ko argitalpen hartan, baina paragrafo esanguratsu hau emendatu zuen Euskal Gramatika Laburrean (2002ko argitalpenean, 76. or.):

 «Ez dezagun ahantz, zernahi gisaz, zu eta biok bezalako esapideak oso jatorrak izanik, zu eta ni bezalakoak ere hizkuntzaren literatur tradizioan ongi enbortuak daudela: gramatikaren batean txartzat jo izan diren arren, maizago ageri dira bigarren horiek, lehenengoa mendebalera bakarrik mugatua baita. Hala ere, azken horrek (zu eta biok bezalako esapideek, esan nahi da) leku handia du mintzo bizian».

Irale, euskara zerbitzua

Beste artikulu bat horri buruz, 31 eskutik-en

Artikulua

(…) Haur jaioberria sehaskan dago, biluzik. Maindirearen gainean etzanda, geldi-geldi, zango-besoak zabaldurik. Errenditu behar balu bezala.

S. haren hatz eta azazkal ttikiei begira dago. Haurrak alde batera okertuta du burua. Lo dago; ametsetan, edoskitzeko keinua egiten du bere ezpain txikiekin, eta begiak etengabe mugitzen ditu bere betazal ia gardenen azpian. Betile luze eta ilunak dauzka. Ile ugaria eta beltza, izerditan bustia. Azkar hartzen du arnasa, erritmikoki. Sabeltxoa mugitzen zaio, gora eta behera, gora eta behera. Gaza zati dardarati bat dauka zilbor-hestearen korapiloan. Ia ubelduak ditu belaun aldeko larruazal lehorra eta garondoko zimurrak. Hankazpiak gora begira dauzka, hantxe tinko geldi.

Zeharka begiratzen dionean, S.-ri iruditzen zaio hilik dagoela, eta laster batean baztertzen du begirada.

Beraren semea omen da. Arratsaldean erditu da. Stockholmeko Karolinska Ospitalean. Berarentzat, baina, izenik gabeko izaki bat besterik ez da, bederatzi hilabeteren buruan beraren gorputzetik aterea. Ez dute beste loturarik. Lasaitu da hori pentsatzean. Libre da. Haur horrekin batera, iragan guztia kanporatu du bere gorputzetik. Arinduta sentitzen da, ohetik altxatu eta berehalako batean alde egiteko moduan balego bezala.

(…) Haurdun zegoela jakin zuen egunetik, sekula ez du deus gorrotatu izaki hori bezainbat. Suediako ospitale batean ez balego, nork daki bizirik atera izango ote zen gorroto horretatik. Zaila baita bizirik ateratzea halako gorroto batetik. S.-rentzat berarentzat ere, zaila zen hura barnean bizitzea.

 

Gauetan, ohean alde batera eta bestera bueltaka ibiltzen zelarik, gorputz arrotz hurra bere barnean mugitzen nabaritzen zuelarik, haien aurpegiak ikusten zituen bere gainean, gizon haien aurpegiak, haurraren aiten aurpegiak. Izenik gabeko gizon mozkor haienak. Ez daki zenbat ziren, baina gogoan ditu bakarren baten begiak, aurpegiren bat, ahotsen bat, haien eskuak, usain, eta kiratsa, behin eta berriz. Denak izan zitezkeen haurraren aita.(…).

Han ez banengo bezala

Slavenka Drakulic (Amaia Apalauza Ollok itzulia)

Agian hau ere gustatuko zaizu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude