Korrika 2022-1KM-Mintanet

Sara de Salterain bidelariak eramango du lekukoa Korrika 2022ko lehen kilometroan

Mintzanet egitasmoko kide dugun Sara de Salterain uruguaitarrak -Amurrioko AEKko irakasleekin batera- eramango du lekukoa KORRIKAren lehen kilometroan. 16:30ean emango diote hasiera 22. edizioari, eta 2.500 kilometroko ibilbidea egingo du Euskal Herri osoan zehar.

Aspaldiko bidelari estimatua dugu De Salterain, euskararen alde luze eta zabal aritutakoa, eta poz pozik dago, ohore handia dela baiteritzo horrenbeste maite duen hizkuntza hauspotzeko sortutako Korrika ekimena abiatuko duelako.

Apirilaren 10ean bukatuko da aurtengo edizioa, eta Euskal Herriko txokoetan barrena berriz izango dugu uruguaitarra ikusteko aukera. Izan ere, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) ere parte hartuko du.

Mintzanetek badu Kilometroa

Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen mintzanet egitasmoak apirilaren 3an (igandean) parte hartuko du ekimenean. Erriberako Valtierran (Nafarroa) jantziko ditugu zapatilak eta herri erdian hartuko dugu lekukoa, 14:20an.

Hitzorduaren garrantziaren jakitun, ezinbestekoa iruditzen zaigu mintzanet sarea eta komunitatea sendotzea. Horregatik, munduko bazter guztietan dauden bidelagun eta bidelariei deialdia luzatu diegu txandala eta zapatilak jantzita dituztela, lagunekin, senideekin, lankideekin, bakarrik… KORRIKA 2022 ekimenaren baitan argazkiak atera eta gurekin partekatzeko. Mintzanet egitasmoaren webgunean argazki-bilduma sortuko dugu bildutako guztiekin, ederra izango da!

Hasi berotzen, bagoaz-eta #HitzEkin euskararen haria luzatzera!

korrikaMintzanet2022

Korrikan parte hartzeko prest zaude?

Martxoaren 31tik apirilaren 10era ospatuko da aurten 22. KORRIKA, eta Mintzanet egitasmoak ekimenean parte hartzeko asmoa dauka. 10 urte sarean beteko ditugun honetan, guk ere txandala jantzi eta hitzez hitz euskara osatzen lagundu eta ospatu nahi dugu, kilometroz kilometro, Amurriotik Donostiarako ibilbidean ikurriñadun lekukoa eskuan izan.

Horretarako, baina, Mintzaneteko erabiltzaileon iritzia jakin nahiko genuke, animatuko zinateketen dagokion egun eta orduan batu eta elkarrekin ekiteko.

Korrikan parte hartzeko prest zaude? 🖱️ Bete galdetegia

20220215-Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: Atzerriko izenen ahoskera/Lourdes Oñederra/Pako Eizagirre

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

AHOSKERA

Atzerriko izenen eta hitzen ahoskera

Atzerriko izenak euskarazko grafiara ekarriak izan badira, euskararen arauak betez ahoskatzen dira (alegia, euskal hitzak balira bezala): Andaluzia, Bartzelona, Belgika ([g], alegia], Bordele, Egipto ([g], alegia), Florentzia, Valentzia, Zipre… ( g letra (ge) erdal hitzen deklinabidea)

Horien artean badira beste alfabeto batzuetatik (zirilikotik, adibidez) moldatuak ere; esate baterako, Jalta edo Sarajevo. Horiek ere euskal moldera ahoskatu behar dira: [Yalta] eta [Sarayebo] ( j letra (jota)). Zalantzarik izanez gero, egokiena 158. araura jotzea da.

  Euskaraz jatorrizko hizkuntzan bezala idazten diren izen bereziak —lekuak, pertsonak, erakundeak, markak…— jatorrizkoan bezala (ahalik eta gertuen) ahoskatzekoak dira ahoskera zainduan.

   – Gaztelaniazko Jaén, Algeciras, Ciudad Real, Juan eta abar, gaztelaniaz bezala ahoskatzekoak dira;

   – Frantsesezko Avignon, Racine, François, Jacques eta abar, frantsesez bezala;

   – Ingelesezko James, Francis, George, Nicholas, Cambridge, Botswana, Google eta abar, ingelesez bezala;

  –  Italierazko Da Vinci, Perugia, Pirandello, Venezia eta abar, italieraz bezala. Eta beste horrenbeste gainerako hizkuntzekin. [158 eta 184. arauak]

Oharra: 87. arauaren arabera, Zaragoza, Zamora eta Ceuta izenak bai gaztelaniaren moldera [Ɵ], bai euskararen moldera [z] ahoska daitezke.

Euskara batuaren eskuliburua

Apaiz kartzela-zozketa-Mintzanet

‘Apaiz kartzela’ dokumentala ikusteko 5 sarrera bikoitz oparituko dizkie Mintzanetek erabiltzaileei

Mintzanetek ‘Apaiz kartzela’ dokumentala ikusteko 5 SARRERA BIKOITZ oparituko dizkie erabiltzaileei. Filmaren emanaldia abenduaren 22an (asteazkena) izango da, 19:30ean, Donostiako Principe aretoan. Saioa talde teknikoak eta apaizek aurkeztuko dute.

Zozketan parte hartu ahal izateko Mintzaneteko bidelagun edo bidelari izan beharko duzue.

5 sarrera bikoitzen onuradun izan nahi duzuenok idatzi mezu bat info@mintzanet.net korreo elektronikora. Abenduaren 21eko 15:00ak arte duzue izena emateko aukera!

Apaiz antifrankisten historia

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.

webgunea-mintzanet

Webgunea eguneratzen ari gara

Mintzanet egitasmoko arduradunok jakinarazi nahi dizuegu datozen asteetan webgunea ez dela erabilgarri izango. Zerbitzaria egokitzapen prozesuan dago, eta erabiltzaileek ezingo dute beraien panel pertsonaletara sartu. Izena emateko ohiko bidea ere moldatu dugu, eta egin beharreko aldaketak bukatzean berraktibatuko dugu. Erabiltzaileek erabilgarritasunean eta funtzionalitatean sumatuko dute hobekuntza webgune berriari esker.

Aurrerantzean, webgunea erabilgarri izan bitartean, euskara praktikatu nahi duten herritarrek bi bide izango dituzte gurekin harremanetan jartzeko:

  • WhatsApp zenbakia: +34656713585
  • Mezu elektronikoa: info@mintzanet.net

2020an lehen saiakera egin genuen Mintzaneteko webgunea berritzeko. Baina, erabiltzaile bolumena nabarmen handitu zitzaigun, eta ezinezkoa izan zitzaigun horien kudeaketatik at bestelako zereginetan murgiltzea. Hala, urte osoan zehar martxan izan genituen 1.000 lagun baino gehiagoren saioak antolatu, bikoteak sortu, eta oro har, koordinazio-lanak egitea egokitu zitzaigun. 2021ean, aldiz, egiteke ditugun aldaketa horiek berrartzeko asmoa dugu, betiere, erabiltzaileen kudeaketa gure lehentasuna dela jakinda.

Barkatu eragozpenak.

 

webgunea-mintzanet-1
Bost minutuko ikastaroa-Mintzanet

Bost minutuko ikastaroa: Gehiengoa eta gehienak; Aire ikusezina; Artefaktua

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bost minutuko ikastaroa: Barne, ‘Bizikletaz’, eta ‘Iparraldeko neska’

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mintzanet tresna aproposa euskara etxetik praktikatzeko

Koronabirusaren krisia dela eta, etxean egon behar dugu. Mintzanet da tresna aproposena euskara praktikatzeko etxetik mugitu gabe. Edonon eta edonoiz, eta doan.

Mintzanet egitasmoaren helburua euskaraz jarduteko aukera ez duen pertsonei etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua ematea da. Euskal Herrian eta mundu osoan. Hori bermatzeko, euskaraz jardun nahi duten guztiek, edonon daudela ere, euskaraz hitz egiteko aukera dute www.mintzanet.net webgunearen bidez. Egitasmoa guztiz doakoa da eta ezinbesteko bi oinarri ditu: bidelaguna eta bidelaria. Bidelaguna euskaraz ongi dakiena da (ez du titulurik behar). Bidelaria, berriz, euskara praktikatu nahi duena da (B1 maila izan behar du gutxienez).

Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, bestelako ondorio positiboak ere ditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.

Une honetan, bidelagunak (laguntzaileak) behar ditugu. Beraz, denbora gehiago baldin baduzu, eman izena! (izen-ematea: www.mintzanet.net –en).

‘EZTA’ ala ‘EZ DA’?

Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Izan bidelagun eta jaso BERRIA doan asteburuetan, hiru hilabetez!

Urte berria hastearekin batera, eskaintza berezia dakarkizu Mintzanetek. Urtarrileko kanpainan bidelagun gisa izena ematen baduzu asteburuetan BERRIA egunkaria doan jasotzeko aukera izango duzu, hiru hilabetez!

Urtarrilaren 13tik 27ra bitartean sartu www.mintzanet.net atarian eta bilaka zaitez bidelagun. ‘Izena eman’ jartzen duen laukitxoa sakatuz, bertan dagoen galdetegia bete eta doako harpidetza nahi duzula adierazi behar duzu.

Bidelagunak euskaraz dakitenak dira eta bidelariei (euskara praktikatu nahi dutenei) laguntzeko prest daudenak. Hilaren amaieran (urtarrilaren 27an), bukatutzat emango dugu aurtengo kanpaina eta BERRIA egunkariari eskerrak eman nahi dizkiogu opari hau egiteko aukera emateagatik. Eta zu? Zeren zain zaude? Izan zaitez bidelagun! (bete honako fitxa hau).