Asier Basurto-Soziolinguistika klusterra

“Mundua eta Euskal Herria asko eta azkar aldatzen ari da; aldaketa horiek ulertzea eta esku hartzeak testuinguru berrietara egokitzea dagokigu orain”

Asier Basurto. Soziolinguistika Klusterreko kide eta komunikazio arduraduna

Euskal Soziolinguistika jardunaldiak egin dira aste honetan Bilbon, euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzak aztertu eta testuinguruan kokatuz, aurrera begira eragin dezaketen faktore ezberdinak aztertu eta euskalgintzatik erarik zuzenean jokatzeko helburuarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia aretoan, 80 bat lagun batu eta bulegoetatik konektatuta beste 35 pertsona egon ziren. Euskararen profesionalak, euskalgintzako kideak, soziolinguistika adituak, euskara teknikariak, militanteak eta euskaltzaleak oro har.

Mintzanet plataformak jardunaldia zuzenean jarraitu zuen, sare sozialetatik informatu, eztabaidetan parte hartu eta ondorioak sozializatzeko lanean dihardu. Mintzapraktika jarduerak, ingurune digitala eta gure egitekoak ere norabide berean eta datozen testuinguruak aztertuz lantzeko.

Asier Basurto, Soziolinguista Klusterreko kide eta komunikazio arduradunak, une oro beharrezko informazioa modu atseginean helarazi zigun, eta elkarrizketa honetako galderak ere, datu, jakintza eta patxada handiz erantzun ditu.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak aurten, Kale Neurketaren datu berriekin batera gogoeta zenbait bultzatu ditu Bilboko egindako topaketan. Entzundakoak entzunda, zer azpimarratuko zenukete?

Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen kale erabileraren neurketarekin eta Euskal Soziolinguistika Jardunaldiarekin egoera soziolinguistikoa ezagutzeko tresna zientifikoak eskaintzea eta hausnarketa partekaturako gunea jartzea bilatzen du. Batetik, Euskal Herriko kaleetako hizkuntzen erabileraren argazki xehea eta konplexua aurkeztu dugu, aurreko edizioetan bezala. Aurreiritziak, eta ñabardurarik gabeko ikuspegiak saihesteko baliabide garrantzitsua da hori.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldian parte hartzen duten pertsonen profila kualifikatua da. Euskararen biziberritzean egiteko desberdinetan diharduten espezialistak dira gehienak eta, gonbidatutako hizlariez gain, arretaz jarraitzen ditugu tailerretan eta saioa parte hartzaileetan egiten diren hausnarketak. Kasu honetan hiriguneen erronka, arnasguneetan ikusitako bilakaera beherakorra eta 25-44 urte arteko heldu-gazteetan ikusitako zenbait joerak, adibidez, parte hartzaileen arreta bereganatu dute.

Espazioaren erabilera publikoa, demografia datuen gorabeherak, fluxu berriak… egoera aztertzeko datu eta ikuspegi asko partekatu dira jardunaldian. Etorkizunean, hizkuntzaren erabilera indartzeko nor jarri beharko lirateke lehentasunak?

Euskararen erabilerarako baldintzak zein kanpo-faktoreren araberakoak diren jarri nahi izan dugu lehen lerroan. Alde batetik kaleetan behatutako erabileraren irakurketa egiteko. Eta bestetik, etorkizunean faktore horiek izan dezaketen bilakaera aurreikusita, euskararen aldeko baldintzak sortzeko erronkak identifikatu nahian. Mundua eta Euskal Herria asko eta azkar aldatzen ari da. Aldaketa horiek ulertzea eta esku hartzeak testuinguru berrietara egokitzea da egin beharrekoa.

Euskararen ezagutza unibertsalizatzea euskararen biziberritze osora bidean tarteko helburu bezala ulertzeko aski adostasun badagoela ikusten dugu. Hortik haratago, erabilera erosorako baldintzak sortzea da gakoa. Hamaika modu egon daitezke horretarako, batzuk aipatzearren, hiriguneetako euskaldunen saretzea eta trinkotzea, arnasguneetako baldintzak babesteko neurriak hartzea, atzerritik heldutako herritarrak euskara hurbiltzeko bideak jartzea, eremu digitaleko testuinguruan baliabideak bermatzea, eremu sozioekonomikoan eragitea…

Argazkia: Soziolinguistika Klusterra

Soziolinguistika Klusterrean eragile asko eta ezberdinak ari dira lanean gaur egun, euskalgintzak urrats berriak eman beharko ditu beharbada, berez oso zaurgarria den hizkuntz komunitatea bizkortzeko

Soziolinguistika Klusterrak duela 18 urte bere sorrera eragin zuten beharrei erantzuten die gaur egun ere. Euskararen biziberritze prozesua elikatzeko ezagutza soziolinguistikoa sortzen eta zabaltzen dugu. Unibertsitateko ikerlariak, arduradun politikoak, teknikariak, aholkulariak eta aktibistak elkarlanean aritzen dira gure proiektuetan teoria eta arlo aplikatuaren zubiak eraikiz. Egoera zaurgarrian gauden hizkuntza gutxituen kasuan, garrantzia berezia hartzen du berrikuntza faktoreak. Aldaketa orori adi egon eta ideia berriak, politika berriak, tresna berriak sortzea ezinbestekoa da, komunitate bezala unean uneko testuinguruetan jokatzen asmatzeko.

Atzoko jardunaldiaren irakurketa, ikuspegi eta datu guztien artean, badago oso aintzat hartzeko kontu bat, Iñaki Iurrebasok defendatu zuenez, kalean erabiltzen den kopurua aski altua da, benetan euskaraz hobeto hitz egiten dutela aitortzen duten euskaldun kopurua ikusita. Nola hartu duzue irakurketa hori? Nola hedatu?

Oso irakurketa interesgarria da. Adierazle soziolinguistiko gisa erabiltzen ditugun datuen arabera egoera ikusteko modua nola aldatzen den uzten du agerian lan horrek. Euskaraz mintzatzeko gai diren pertsona-multzoan nagusi den profila aldatu egin da azken 30 urteotan. Baina gizartean hizkuntza-gaitasunaren arabera hedatuen dauden kategoriak edo hitzak ez dira une berean aldatu (euskaldunak, erdaldunak…). Horrek disonantzia batzuk eragin ditu eta pertsona batzuengandik espero izan da beren ezaugarri soziolinguistikoetatik espero zitekeena baino euskararako joera handiagoa. Euskararen gaitasunean egoera oso sendoa denaren ideia zalantzan jarri du, eta beraz, kaleetan behatutako erabilera maila interpretatzeko elementu interesgarriak eskaini ditu, besteak beste. Saioan aurkeztutakoak Iñaki Iurrebaso garatzen ari dek doktorego tesiaren parte da eta Klusterretik berarekin dugun harremanaren baitan arretaz jarraituko dugu lan osoa.

Irakurketa honen ostean, eta jardunaldia behin burututa, orain zer?

Kale neurketaren emaitzei dagokionez, udalerri mailako neurketa bereziak egin dituzten udalak aste hauetan ari dira jasotzen emaitzen txostenak. Zabalpena bakoitzak bere irizpideen arabera egingo du. Horietako batzuen kasuan, uda ostean herri mailako aurkezpena egingo da; tartean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Zabalpen akademikoari dagokionez, uztailan Belgikako Ganten aurkeztuko dugu kale neurketaren metodologia eta emaitza nagusiak, mundu mailako soziolinguistikaren topagune handiena den Sociolinguistics Symposiumean. Irailean Herrialde Kataletan egingo den hizkuntza gutxituen eta indigenen nazioarteko kongresu batean ere aurkeztuko dira emaitzak. Bat soziolinguistika aldizkariak zenbaki monografikoa eskainiko dio gaiari, urtea amaitu baino lehen argitaratuko dena.

Kaleetako erabileraren argazki berritua esku artean dugu denok. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ere hurrengo hilabeteetan eskuratuko ditugu. Tresna horiek baliatzeko unea da. Bakoitzak beretik; arduradunek politikak birpentsatu eta berritzeko; teknikariek plangintzak eta ekintza-planekin beste horrenbeste; ikerlariek gehiago sakondu beharreko elementuak identifikatu eta aztertzeko… 

Argazkia: Soziolinguistika Klusterra
Estitxu Garai-Mintzanet

“Hizkuntza gutxitu bat maitatzea ez da nahikoa, eta horregatik aktibazioa nola egin birpentsatu behar da”

Estitxu Garai, Euskararen marka ikerketako partaidea, EHUko irakaslea

Euskararen marka aztertzen aritu da Euskal Herriko Unibertsitateko Nik ikerketa taldea. Euskalgintzako eragila eta enpresa batzuekin batera, ikerlanaren ondorioak eta azterketaren emaitzak Bilbon aurkeztu dituzte aste honetan bertan. Euskarari buruz jendeak duen pertzepzioa, daukan jarrera, egiten duenaz aritu gara gu ere berbetan Estitxu Garai, unibertsitateko irakaslearekin. Ondorioak xehetu eta euskararen markak behar duen astinduaz gogoeta egin digu. Azkenik, mintzanet-ek ere bere erabiltzaileak beti buruan izan behar dituela aholkatu digu. Ur sakonetan ari gara igerian, itotzeko beldurrik gabe.

Euskararen marka ikertu duzue, zeintzuk izan dira ikerketaren ondorio nagusiak?

Ondorio nagusiak aipatzeko mailaz maila joan beharko genuke. Erabili dugun eredua ikusteko herritarren aurrean marka pertzepzioa zein den, eredua hierarkikoa da; oinarrian antzematea daukana. Antzematean, euskara zein neurritan aktibatzen den egoera ezberdinetan eta mintzakide ezberdinekin zelan lotzen den neurtzen saiatu gara. Eta hor euskarak oso datu kezkagarriak ditu. Eta euskararen bilakaerari buruz euskararekiko pertzepzioa zein den galdetzen dugunean berriz, herritarren gehiengo batek uste du euskarak gero eta presentzia handiagoa duela; eta desioa ere antzekoa da, gero eta presentzia gehiago izatea nahi luke jendeak. Eta hori oso positiboa da.

Asoziazioetara goazenean, hizkuntzari egosten zaizkion ezaugarriak aztertu ditugu. Eta esan daiteke, gehien aipatzen den ezaugarria hizkuntza polita izatearena dela, eta bigarrena berriz hizkuntza zaila dela euskara. Zaila izatearena marka eraikuntzarekin lotuta ikusten dugu, kezkagarria dena eta landu beharrekoa, dudarik gabe. Hizkuntza bat zaila dela izateak beldurtu egiten ditu etorkizuneko hiztunak, eta aitzakia izan daiteke hizkuntza ez ikasteko edo transmititzeko.
Polita izatearena, ezaugarri positiboa izan daiteke, baina, ikusten dugu funtzio estetiko hori ez badago lagunduta eguneroko praktikotasunera daramaten kontuekin, arriskutsua izan daiteke. Politarekin batera, autentikoa izatea, tradizionala…  eta horrek izaera mitiko bat sortzen du, eguneroko funtzionaltasunetik urrundu egiten du.

Euskarak zertarako balio duen galdetzen dugunean, baserriari buruz hitz egiteko edo eskolari buruz mintzatzeko aipatzen da sarritan. Eta horrek, zelan ez, kezka sortzen digu.
Euskara eguneroko praktikekin lotu behar dela uste dugu, bestela euskarak ez du balioko txisteak kontatzeko, hasarretzeko edo beste gauza funtsezkoetarako.

Aktitude edo jarrerari dagokionez, baikorra da orohar. Eta atxikimenduari dagokionez, jendeak orokorrean atxikimendu handia dauka hizkuntzarekin, baina sentimendu hedatuena “ez gai” izatea da. Eta aktibitateetara igarotzen garenean, ikusten dugu jendeak euskararen alde gauza asko egiten dituela, eta atez ere, seme alabei euskara transmititzea.

Ikerketa guztian zehar etxea eta seme alabak dira erreferentziazko eremuak euskararentzat. Ardura hori hurrengo belaunaldiaren gainean jartzen da, eta transmisioak garrantzia handia hartzen duela ondorioztatu dezakegu.

Euskarak marka aski ona duela ematen du,  baina ez ditu hiztunak nahi beste aktibatzen. Orduan zer egin beharko litzateke?

Marka irudi ona daukanik nik ez nuke baieztatuko. Argi ilunak dauzka, elementu batzuk oso positiboak dira; atxikimendu maila adibidez, baina asoziazioak berriz ez dira horren positiboak, lantzekoak dira. Lotura sare sozialekin, teknologiarekin, zientzia eta ekonomiarekin oso oso ahula da. Eta iruditeria horretan, zaila izatearena, baserriari horren lotuta agertzea eta, landu beharreko elementuak dira. Atxikimendua ona da, maitale asko ditu eta haterrak oso gutxi dira, zorionez.

Funtzio sinboliko hori agertzen da behin eta berriro, maitatua da, baina bere alde jardun beharra ez dugu horrenbeste azpimarratzen. Euskarak museoko hizkuntza izateari utzi behar dio, eta egunerokotasuneko praktiketara hurbildu behar du.

Hizkuntza gutxitu bat maitatzea ez da nahikoa, eta horregatik aktibazioa nola egin birpentsatu behar da, nondik bideratu daitekeen. Nire ustez, euskararentzako marka birkokatzeak arlo guztietan beharko ditu esku-hartzeak. Badago zer landu. Jendeak euskararen alde aktiboki gauzak egin ditzan. Lehenengo hitza euskara izatea, euskararen alde aktiboki parte hartzea eta ez soilik seme alaben esku utziz geroa.

Bilbon egin genuen aurkezpenean eta world cafe-an oso ideia polita atera zen, eta talde ezberdinetan gainera, gaur egun dagoen bizi itxaropenarekin, jardunaldian batu ginenak ere oso gazteak gara oraindik, eta gure ondorengoei begira egon beharrean, gure buruari begiratu beharra daukagu, guk geuk zer egin dezakegun euskararen alde aztertzeko. Ezin diogu pilota hurrengo belaunaldiari pasa.

Ikerketa honetan, zuekin aritu dira euskalgintzako eragile asko.

Bai, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, ikerketa honetan gure bazkideak izan dira. Euskalgintzarekin batera egindako ikerketa bat dela azpimarratu behar da. Focus taldeak egin genituen lehenbizi, eta gero makroinkesta bat Euskal Herri osoan, lagin oso adierazgarri batekin; bai hizkuntzaren ezagutzari dagokionez, ideologia politikoei dagokionez, edota bizitokiari dagokionez.
Euskalgintzako enpresa eta eragile hauen jarrera oso ona izan da, eta sekulako bultzada eman diote proiektuari eta ikerketari. Unibertsitateak euskalgintzako agenteekin lankidetzan egin izanak berez ematen dio oso oinarri sendoa ikerketari, eta orain hurrengo urratsa izango da euskara berkokatzeko plan bat antolatzea. Gure esparruan, marketingean eta, marka azterketek beti bokazio praktikoa daukate. Estrategia bat zehaztu eta pentsatu behar da proiektatu nahi duzun marka identitatearekin. Ze marka nahi dugu euskararentzat? Hori pentsatu behar dugu orain, eta ekintza zehatzak landu hori epe baten, marka hori eraldatzeko eta gero berriro neurtu, zure esku hartze horrek eragina izan duen ikusteko. Orain horretara jarriko gara. Gure asmoa lantalde bat sortzea da; euskalgintzako jendearekin, erakunde publikoetako arduradunekin, enpresa mundukoak, komunikabideetakoak, unibertsitatekoak eta komunikazio alorrekoak, rebranding hori egiteko.  Estrategia kontsentsuatu bat, eta baliabide kontsentsuatuekin.

Mintzanet sarean euskaraz mintzapraktika egiteko plataforma bat da, aholkuren bat markaren ikuspegitik?

Normalean, aholkuak emateko kasua edo aztergaia ondo ikertu behar izaten da. Gomendio orokor bezala, ondo pentsatu behar da norentzat egiten den egiten dena. Erabiltzaileengan pentsatu behar da, eta ondo aztertu ze premia daukaten eta nola kokatu mintzanet jendearentzat errelebantea izango den modu baten. Zuek pentsatzen duzuen xede talde hori, publiko zehatz horrentzat benetan esanguratsua izango den modu batean, konektatu dezan beraien bizitzarekin eta beraien premiekin. Benetako balio proposamena egin dezan erabiltzailearentzat.

2022ko Mintza Eguna

Festa giroan ospatu da 2022ko Mintza Eguna

Euskal Herri osoko euskaltzaleak eta Mintzalagun taldeak Hendaian batu ziren atzo, ekainak 5, pandemia ostean, aurrenekoz. 2020 eta 2021ean, koronabirusak sortutako osasun egoerak jaia ezin ospatzea ekarri zuen, eta Maite Agirre Euskaltzaleen Topaguneko kideak hiztorduaren aurretik adierazi bezala, “gogotsu” antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, bertako Mintzaia elkartearekin batera, 2022ko Mintza Eguna.

12:00etan ekin zioten festari, eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak hartu zuen hitza. Euskaraz hitz egiteko “lotsagabetu” egin behar garela aldarrikatu zuen, “hanka sartu”.

Gaztelu Zahar abesbatzaren ongi-etorri ekitaldiaren, eta bertaratutakoei eskainitako aperitifaren ostean, Hendaia ezagutzeko bisita gidatua egin zuten mintzalagunek Andoni Etxarrirekin, eta herriko bertso eskolako ikasleek saio berezia eskaini zuten.

Bazkalorduan indarrak batu eta arratsaldeko egitarauari ekin zioten. Sari-banaketak, omenalditxoak, eta Munduko Mintzalagunen Topaketa. Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak  lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun 6000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko; beste 1000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman diguna, eta asko handitu da parte hartzea.

Hala, MINTZANET egitasmoko eta Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualeko lagunek berebiziko protagonismoa izan dute, beraien ekimenez, munduko hainbat txokotatik jaira batu diren euskaldunekin bat egin baitzuten, zuzenean.

Festa borobiltzeko, ezin musika ahaztu. Imuntzo eta Belokik dantzan jarri zituzten Mintza Egunera hurbildu ziren mintzalagunak. Gazteluzahar gunean euskaraz bizi nahi dugunon ahotsa nabarmendu zen.

“Gogotsu gaude urtero batzen zirenak berriz batu eta Mintza eguna jaia ospatzeko”

Maite Agirre, Topaguneko kidea eta Mintza Egunaren antolatzailea

Azken asteetan buru belarri ari da Hendaiako Mintza Eguna prestatzen, bertako Mintzaia elkartearekin batera. Azken bi urteotan ezin izan da hitzordua antolatu, eta pandemia egoerak mintzapraktika jardueretan izan duen eraginaz aritu gara Topaguneko arduradunarekin. Gogotsu eta ilusioz antolatutako jaia, igandean ospatuko da Lapurdi kostaldeko herrian.

Berezia izango da aurtengo Mintza eguna Hendaian? Zergatik?

Euskal Herri osoko euskaltzaleak eta Mintzalagun Taldeak elkartzeko eta ospatzeko eguna da Mintza eguna.Horiexek dira hain zuzen ere Mintza Egunaren helburuak: Euskal Herriko txoko ezberdinetako Mintzalagunak elkar ezagutu eta euskarazko harreman berriak egin, beraien euskarazko harreman sarea handituz, ikasturteari amaiera goxo bat emanez. 2006an ospatu zen lehenengo aldiz Iruñerrian eta ordutik, urtero, ikasturte amaieran beti, hainbat herritan antolatu dugu

2020 eta 2021ean, aldiz, koronabirusak sortutako osasun egoerak jaia ezin ospatzea ekarri zuen. Gogotsu gaude, beraz, urtero jaian elkartzen garen lagunekin berriz topo egin eta egun hau ospatzeko. Azken bi urte hauetan Mintzalagun taldeak mantendu egin dira, elkartzen jarraitu dute, momentu batzuetan sarea baliatuz. Berezia izango da beraz aurtengoa, badugulako zer ospatua. Baina ez horregatik bakarrik, lehenengoz Lapurdin antolatuko dugulako ere bai. Hendaiako Mintzaian euskara elkarteak 2021eko urrian jarri zuen martxan Mintzalagun egitasmoa herrian eta emaitza politak izan dituzte, 4 talde daude martxan momentu honetan. Eta hori ere ospatu nahi dugu beraiekin eta Hendaiako herriko etxearen laguntzaz antolatu dugun jaian.

Hendaian euskara elkarte berria sortu da, Mintzaia, eta Topagunean sartu da. Ze garrantzia du horrek?

Mintzaian euskara elkartzeaz gain, Ipar Euskal herriko beste 5  euskara elkarte -Amikuzeko Zabalik, Baionako Biltxoko, Biarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea eta Larresoroko Ote Lore-  bazkidetu dira aurten Euskaltzaleen Topagunean. Ondorioz Euskaltzaleen Topagunea Euskal Herri osoan egongo da saretuta.

Zer azpimarratuko zenuke aurtengo egitarau eta proposamenetatik?

Egitaraua elkartu eta giro atseginean jai eguna ospatzeko pentsatua dago, euskarazko harreman berriak sortu eta dagoeneko sortutakoak indartzeko. Bertaratutakoen euskarazko sarea handitzeko oso baliagarria izaten da bai jaia eta baita ikasturtean zehar antolatzen diren bestelako ekintzak ere.

Aurten gainera, sarean euskara praktikatzeko elkartzen diren taldeekin ere batzeko aukera izango dute bertaratuek. Horretarako bazkal ondoren topaketa bat antolatu da, bertan daudenak Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunekin elkartzeko aukera paregabea izango dugu.

Horretaz gain Euskal Gorrak federazioari esker egun osoan zehar zeinu hizkuntzako interpretea egongo da. Euskaltzaleen Topagunea Euskal Gorrak federazioarekin elkarlanean dabil pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonei euskara praktikatzeko guneak eskaintzeko ekimena pilotatzen eta bertan izango dira pilotajean parte hartu duten kideak.

Nola eragin die pandemia sasoiak mintzapraktika egitasmoei?

Eragin zuzena izan zuen pandemiak gure egitasmoetan. Aurrez aurre elkartzen dira talde gehienak, eta pandemiak hau galarazi zuen tarte luze batez. Talde askok elkartzeari utzi zioten, beste batzuek aldiz sarea baliatu zuten elkartzen jarraitzeko. Ondorioz parte hartze kopurua jaitsi egin zen. 2021eko ekainean burututako datu bilketaren emaitzen arabera 6000 pertsona aritu ziren aurrez aurrekoan eta beste 1000 sarean. Pandemia pasata utzitako talde asko berriz martxan daude eta kopuruak berriz gora egingo duelakoan gaude.

Gaur zeintzuk dira mintzapraktikaren erronka nagusiak zure ustez?

Egitasmoa eraginkorra dela azpimarratzen dute parte hartzaileek, parte hartzen hasteko hasierako helburuak bete dituzte eta gainera gustura aritzen dira. Horregatik erabili dugu aurten ondoko leloa: probatu ez duenak ez daki zer den hau. Mintzapraktika egitasmoak oso hedatuak dira Euskal Herrian baina ezagutzen ez dutenek ezagutu dezaten lanean jarraitzen dugu.

Euskara praktikatu nahi duten pertsonak  hauekin euskaraz aritzeko prest dauden bidelagunekin elkartzen ditu egitasmoak astean ordu betez euskaraz aritzeko. Denak dira boluntarioak eta talde bakoitzak bidelagun bat izaten du. Talde guztietan bidelagun bat izatea eta talde berriak sortzeko bidelagunak izatea da egitasmoaren beste erronketako bat.

Igandeko ekitaldiak, zertan lagundu dezake?

Euskal Herriko Mintzalagunen arteko sarea indartuko da batetik, egitasmoa bistaratzeko balioko du bestetik eta oraindik probatu ez dutenak probatzera gonbidatzeko baliagarria izango da.

Hizkuntzaren erabileraren kale neurketa 2021

Zortzi lagunetik bat ari da kalean euskaraz

Soziolinguistika klusterrak kale neurketaren emaitzak plazaratu ditu, eta ondorioztatu duenez, Euskal Herrian kale erabileraren datuak ez dira asko aldatu, eta 2016an bildutako datuekin konparatuz antzekoa dela esan daiteke. Egoera egonkorra dela diote datuek.

Ipar Euskal Herrian hala ere, datuek behera egiten jarraitzen dute, Gipuzkoan hitz egiten da gehien euskaraz, gero Bizkaian -poblazio askoz handiagoarekin- eta Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian datuak antzekoak dira.  Hiriburuen artean, Gasteizko datuak hobeak dira, eta erabilera Bilbokoa baino handiagoa da proportzioan, Donostiaren ostean euskara gehien erabiltzen den hiriburua izateraino.

Eremu euskaldunenetan, arnasgune deitutakoetan, euskararen ezagutza %75etik gorakoa den herrietan, behera egin du kale-erabilerak azken bost urteotan. Eta haurren artean berriz, gora egin du euskararen erabilerak. Haurrak eta gazteak dira, gehien hitz egiten dutenak.

Soziolinguista klusterrak egindako ikerketaren datuak sarean daude eskuragai.

Emaitza nagusiak

Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketan behatutakoaren berdina da. 1989tik 2021era euskararen kale-erabilera 1,8 puntu hazi da. 2006an neurtu zen erabilera-mailarik altuena (% 13,7) eta hurrengo hamar urteetan (2006-2016) beherakada jaso ostean, azken bosturtekoan egonkor mantendu da datua.

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du; beste lurraldeetan gorabeherak daude. Hiru multzotan sailka daitezke euskararen erabilera-mailari dagokionez: Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31); hurrengo postuan kokatzen da Bizkaia, % 9ko erabilerarekin; eta % 5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.

Eremurik euskaldunenean, herritarren %75-100 euskararen ezagutza duen eremuan, behera egin du euskararen kale-erabilerak azken bost urteetan. Hego Euskal Herriko gainerako eremuetan igo egin da euskararen kale-erabilera 1993tik hona.

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du. 1989tik aurrera, euskararen kale-erabilerak gora egin du adin-tarte guztietan, adinekoen salbuespenarekin. Euskararen kale-erabilera altuenetik txikienera hau da adin-taldeen hurrenkera: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak.

Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari. Portaera hori aurreko edizioetan ere behatu da. Adinekoen kasuan, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago darabilte euskara.

Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino. Nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak, lurralde guztietan.

Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale-erabilera % 15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan % 2,5-4 artean dago. Aipagarria da, hiriburuen hurrenkeran, Gasteiz bigarren postuan kokatu izana. Gogora dezagun Araba dela erabilera baxuena duen lurraldea. Gasteizen eta Bilboren kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu behar da, % 4-5ekoa baita.

Mintzanet-Euskararen Etxean

Hendaiako Mintza Egunean parte hartuko du MINTZANET egitasmoak

Euskaltzaleen Topagunearen ekimenez, Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak elkartuko dituen hitzordua iristear da. Ekainaren 5ean, harreman berriak sortu eta mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera egongo da, Hendaian, eta MINTZANET ere bertaratzeko asmotan da. Bidelagun eta bidelari zaretenok gonbidatuta zaudete.

Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak  lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik eta, gaur egun 6000pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko; beste 1000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman diguna, eta asko handitu da parte hartzea. Hala, MINTZANET egitasmoko eta Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualeko lagunek berebiziko protagonismoa izango dute aurtengo Mintza Egunean. 16:15ean munduko hainbat txokotatik jaira batuko diren euskaldunekin bat egingo dugu! Maiatzaren 30era arte duzue izena emateko aukera, ondoko estekan.

Bertaratzeko, autobusak antolatu dituzte, eta bazkaltzeko aukera ere egongo da. Eskuratu txartelak, hemen!

Ekainaren 5ean Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko dugu MintzaPoza praktikatzeko deia eta mingainak gustura astintzeko moduko egitaraua prestatu dute.

Informazio guztia duzue hemen.

JHM taldeko kideak Zoom topaketan

Jalgi Hadi Mundura elkarteak bigarren urteurrena ospatu du, 22. Korrika hizketagai

Jalgi Hadi Mundura-ko kideek elkartearen bigarren urteurrenaren ospakizuna Korrikaren 22. edizioarekin uztartu nahi izan dute. Hala, apirilaren 3an online saio berezia egiteko asmoz batu ziren pantailak erabiliz, Zoom plataforma bidez.

Hartara, Korrikaren leloa, “hitzekin”, bere eginez, kide bakoitzak gogokoen duen euskarazko hitz bat hautatu eta testu bat sortu du, hura zergatik aukeratu duen azalduz. Gerora, hitz guztiekin “Hitzetatik harago” izenburua izango duen liburuxka argitaratzea dute asmoa. Haren azalean Asisko Urmenetak eginiko ilustrazioa aurkituko dugula aurreratu digute JHM taldeko kidek. Jarraian liburuaren nondik norakoak:

“Mintzanet egitasmoko proiektu-burua den Ritxi Lizartzaren hitzek osatuko dute hitzaurrea, eta proiektua ezagutzeko aukera egongo da. Orrietan barrena, berriz, hitzak aurkituko ditugu, bakoitzari dagokion azalpen testuaz eta elkartekideak diren Txaro Diezen eta Andrea Bellaren marrazkiez apaindurik. Azkenik, Ainara Mayaren eskutik atzehitza edo gibel solasa. Gainera, “hitzekin” sortutako testuen eta taldeko bertsozaleek (Ani, Oier, Todor, Andrea eta Andoni) egindako bertsoen audioez osaturiko CD bat ere erantsita joango da. Azken honen egilea, Jabi Amadoz”.

Jalgi Hadi Mundura elkarteko zenbait kide apirilaren 3ko ospakizun birtualean
MINTZANET eta Korrika

KORRIKAko argazki eta bideo galeria

Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen mintzanet egitasmoak apirilaren 3an (igandean) parte hartuko du ekimenean. Erriberako Valtierran (Nafarroa) jantziko ditugu zapatilak eta herri erdian hartuko dugu lekukoa, 14:20an.

Hitzorduaren garrantziaren jakitun, ezinbestekoa iruditzen zaigu mintzanet sarea eta komunitatea sendotzea. Horregatik, munduko bazter guztietan dauden bidelagun eta bidelariei deialdia luzatu diegu txandala eta zapatilak jantzita dituztela, lagunekin, senideekin, lankideekin, bakarrik… KORRIKA 2022 ekimenaren baitan argazkiak atera eta gurekin partekatzeko. Mintzanet egitasmoaren webgunean argazki-bilduma sortuko dugu bildutako guztiekin, ederra izango da!

Hasi zaizkigu argazki eta bideoak iristen!

 

Korrika 2022-1KM-Mintanet

Sara de Salterain bidelariak eramango du lekukoa Korrika 2022ko lehen kilometroan

Mintzanet egitasmoko kide dugun Sara de Salterain uruguaitarrak -Amurrioko AEKko irakasleekin batera- eramango du lekukoa KORRIKAren lehen kilometroan. 16:30ean emango diote hasiera 22. edizioari, eta 2.500 kilometroko ibilbidea egingo du Euskal Herri osoan zehar.

Aspaldiko bidelari estimatua dugu De Salterain, euskararen alde luze eta zabal aritutakoa, eta poz pozik dago, ohore handia dela baiteritzo horrenbeste maite duen hizkuntza hauspotzeko sortutako Korrika ekimena abiatuko duelako.

Apirilaren 10ean bukatuko da aurtengo edizioa, eta Euskal Herriko txokoetan barrena berriz izango dugu uruguaitarra ikusteko aukera. Izan ere, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) ere parte hartuko du.

Mintzanetek badu Kilometroa

Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen mintzanet egitasmoak apirilaren 3an (igandean) parte hartuko du ekimenean. Erriberako Valtierran (Nafarroa) jantziko ditugu zapatilak eta herri erdian hartuko dugu lekukoa, 14:20an.

Hitzorduaren garrantziaren jakitun, ezinbestekoa iruditzen zaigu mintzanet sarea eta komunitatea sendotzea. Horregatik, munduko bazter guztietan dauden bidelagun eta bidelariei deialdia luzatu diegu txandala eta zapatilak jantzita dituztela, lagunekin, senideekin, lankideekin, bakarrik… KORRIKA 2022 ekimenaren baitan argazkiak atera eta gurekin partekatzeko. Mintzanet egitasmoaren webgunean argazki-bilduma sortuko dugu bildutako guztiekin, ederra izango da!

Hasi berotzen, bagoaz-eta #HitzEkin euskararen haria luzatzera!

korrikaMintzanet2022

Korrikan parte hartzeko prest zaude?

Martxoaren 31tik apirilaren 10era ospatuko da aurten 22. KORRIKA, eta Mintzanet egitasmoak ekimenean parte hartzeko asmoa dauka. 10 urte sarean beteko ditugun honetan, guk ere txandala jantzi eta hitzez hitz euskara osatzen lagundu eta ospatu nahi dugu, kilometroz kilometro, Amurriotik Donostiarako ibilbidean ikurriñadun lekukoa eskuan izan.

Horretarako, baina, Mintzaneteko erabiltzaileon iritzia jakin nahiko genuke, animatuko zinateketen dagokion egun eta orduan batu eta elkarrekin ekiteko.

Korrikan parte hartzeko prest zaude? 🖱️ Bete galdetegia