Elisabethe Etchegaray Maizpiden

Elisabeth Etchegaray, Argentina: “Mintzanet zubi erraldoia, nahitaezkoa, izan dela esango nuke”

Mintzanet egitasmoko laguna dugun Elisabeth Etchegaray (Azul) argentinarra Lazkaoko Maizpide barnetegian izan da Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren baitan. Bi hilabete eman ditu bertan euskara ikasten, eta besteak beste, Joxe Mari Allur bidelagunarekin eta Josette Erreka bidelariaren aurrez aurre elkartu da.

Euskal Herrian bizitako esperientzia gurekin partekatu nahi izan du. Irakurri, eta gozatu:

“Azaroaren 28an abiatu nintzen Euskal Herritik nire herrira, Azulera. Bi hilabete pasatu nituen Goierri eskualdean euskara ikasten, praktikatzen, partekatzen, disfrutatzen aitona-amonek Argentinara eraman zuten hizkuntzan.  

Bi lagunekin iritsi nintzen Maizpide euskaltegira ikasketak burutzeko urriaren 4tik azaroaren 26ra, eta ikastarotik kanpo hainbat ekintzetan aritu ginen argentinarrok. Horietako bat aipatzeko, Legazpiko eskola batera gonbidatuak izan ginen Mintzaneteko mintzalagun baten bitartez. Hango 16-17 urteko  ikasle batzuei Argentinan euskara nola ikasten eta zabaltzen den,  zein ekintza egiten diren eta abar komentatu genien. Hitzaldia interaktiboa izan zen eta Argentinari buruz  interes handia  erakutsi zuten gazteek. 

Horrez gain, asteburu guztietan hainbat leku ezagutzeko aukera izan genuen mintzalagunei esker. Hala ere, urte luzeak daramatzat  bi mintzalagunekin Skypez. Haiek dira Lazkaoko Joxe Mari Allur eta Ustaritzeko Josette Erreka. Haiei esker Argentinatik euskararekin kontaktu estua mantendu dezakedala azpimarratu nahi dut. Biekin hegoaldeko eta iparraldeko hotsak moldatzera  ikasten dut solasaldi bakoitzean.  

Aste horietan asteroko hitzorduak bete nituen Joxe Marirekin, baina ez pantailaren bidez, aurrez aurre baizik. Maizpideko arratsaldeko klasea bukatutakoan, Lazkaoko kalean mintzapraktika egiten genuen. Gainera, asteburuetan elkarrekin paseatzeko aukera izan genuen. Egun batean Arantzazuko santutegira eta Oñatira ailegatu ginen paisaia ederrak zeharkatuz euskara hutsean.  Bidaian “Gipuzkoa sakona”-ren istorioak  partekatu genituen. Arantzazun apaiz agure baten hitzak hunkigarriak  izan ziren. Arantzazuko santutegiak transmititzen duen energia eta Oñatiko solemnitatea aipatzekoak  dira. Legorretan ere egin genuen geldialdia Joxe Mariren Mukurullu baserria ezagutzeko.  

Beste asteburu batean iparralderantz abiatu nintzen beste lagunekin batera. Han zegoen gure zain beste mintzalaguna, Josette. Berarekin duela  sei urte bat hasi nintzen solasaldian pantailaren bidez  Mintzanet proiektuari esker. Bidaia honetan aintzinez aitzin  ezagutzeko aukera izan nuen, zorionez.  Josettek  ez daki gaztelaniaz hitz egiten ezta nik frantsezez ere. Hasieratik gure arteko erlazioak bide bakarra izan du: Euskara. Hala ere, biziki ondo pasatu genituen egun horiek Bankako baserri batean.  Autza mendira igo ginen tontorreraino eta Urepelen Xalbadorren  jaiotetxe aldera hurbildu ginen.  

Lapurditik Behe-Nafarroko aitonaren herrira, Gabadira eraman ninduen Josettek. Hantxe bertan aitona jaio zen baserria ezagutzeko aukera izan nuen. Eta, genealogista baten bidez, bigarren lehengusin bat  ezagutu nuen Hiriburun, Baionatik hurbil.  Asteburua emozioz beteta partekatu genuen; ez dut hitzik momentu horiek azaltzeko.  

Aipatu dudan guztia eskertzen diot euskarari. Mintzanet zubi erraldoia izan dela, nahitaezkoa dela esango nuke.  

Eskerrrik asko Joxe Mari eta Josette!”

 

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *