Esther Sastre-Mintzanet bere ahotan

Esther Sastre, bidelaria: “Inorekin euskaraz mintzatzeko aukerarik ez dugunontzako aukera ezin hobea da Mintzanet”

Durangarra da Esther Sastre (1995), eta oposaketak prestatzen dabil Eusko Jaurlaritzarako administrazio arloan lan egitea gustatuko litzaiokeelako. Etxean zein kalean euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duela aitortu digu, baina hizkuntza berreskuratzeko nahia berpiztu zaio. “Nahiz eta txikitatik euskaraz ikasi, nire eguneroko bizitzan ez dut erabiltzen. Etxean ez dakite, eta lagunek jakin arren, ez dugu ohitura euskaraz mintzatzeko. Horregatik, UNED unibertsitatean euskara ikasteko ikastaro batean izena ematea erabaki nuen, eta horrela ezagutu nuen Mintzanet proiektua”.

Egitasmoan izena eman eta Marcos Tedin argentinarrarekin elkartu genuen. Astean behin hitzartzen dira eta oso pozik dabiltzala esan digu, harreman oso ona daukatela: “Lehenengo saioan ez nekien nola moldatuko ginen, eta duela asko ez nuenez euskaraz hitz egiten urduri nengoen, baina konturatzerakoan bi ordu egon ginen mintzatzen. Hurrengo saioek ere iraupen berdina izan dute eta ondo moldatzen gara. Euskarazko azterketa prestatzen ari naizenez, beste urteetako azterketetan landutako gaiak aztertzen ditugu”.

Herrialde ezberdinetan bizi badira ere, ez dute ordutegiak adosteko arazorik, eta enkontrua bakoitzaren kultur eta ohiturez hitz egiteko ere aprobetxatzen dute. Lagun bilakatu dira dagoeneko, eta Estherrek Mintzanet egitasmoari esker izan dela dio: “Zalantzarik gabe pertsona guztiei gomendatuko nieke Mintzaneten parte hartzea. Euskara landu bitartean pertsona berriak ezagutzen dituzulako, eta gainera doan da”. 

Mintzanet euskara ez galtzeko eta hizkuntza bultzatzeko tresna ona iruditzen zaio durangarrari: “Inorekin mintzatzeko aukerarik ez dugunontzako edo euskarazko azterketa prestatzeko aukera ezin hobea da”.

Mila esker, Esther!

 

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *