Joserrari omenaldia-Mintzanet

Euskarak maite zaitu, Joserra!

Mintzanet egitasmoko lagun handia dugun Joserra Onandiak Getxoko Udalak banatzen duen Argia Ereiten Euskara Saria jaso zuen atzo Muxikebarri gunean. “Euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko duen jarrera nekaezina” aitortu diote. Onandia ilusio handiz zuzendu zitzaien bertaratu ziren lagun, senide eta herritarrei, berarekin izan duten begirunea eskertuz, eta omenaldia biziki sentituz.

Hunkigarria izan zen sariketa, sorpresaz betetakoa. Amaia Agirre Muñoa Getxoko Alkateak hartu zuen lehenengo hitza, eta omenduaren bizitzari eta euskarai egin dion ekarpenari errepasoa eman zion. Ostean, Onandiaren gertukoen adierazpenekin osatutako bideotxoa proiektatu zuten, eta Mintzanet egitasmoan kide dituen Floridan bizi den Pedro Mari Sarduy muxikarrarekin zein Alfredo Laborde argentinarrarekin Skype bidezko zuzeneko solasaldi txiki bat izan zuen. Josu Bilbao lagunak sortutako bertso eder batekin eman zioten amaiera Argia Ereiten Euskara Sariaren 12. ekitaldiari.

Jarraian Joserraren hitzaldiaren aurrerapentxo bat:

Erretiroa hartu ondoren hainbat euskaltegietatik pasa eta erabilera sustatzeko udalerriko euskara eragileek eta elkarteek abian jarritako ekimen ugaritan murgilduta dago Onandia eta Mintzanet programaren partaide da, ia egitasmoa sortu zenetik. Duela bost urtez geroztik Floridan bizi den Pedro Mari Sardui zesta puntako pilotariarekin bizkaiera praktikatzen du, eta orotara, astero lau pertsonekin aritzen da jardunean. Euskara ikasteko laguntza metodoa izeneko programa sortu du Mintzaneteko hainbat lagunekin, euskararen gramatikarekin eta zalantzei buruzko informazioarekin, eta Skype plataforma bidez erabiltzen dute. “Niretzat euskaraz hitz egitea eta bizitzea oso garrantzitsua da, Euskal Herrian dugun altxor nagusiena delako euskara”. 2021ean, gainera, Lazkaoko Maizpide Barnetegian euskara ikasten aritu diren Latinoamerikako kideekin elkartu da, besteak beste, Alfredo Laborde argentinarrarekin.

Onandiak bizitzan zehar euskara ikasteko hainbat saiakera egin ditu, bere “gainditu beharreko irakasgaia” izan delako beti, eta horregatik, duela 13 urte kontratista (Construcciones Onandia) lanaren erretiroa hartu zuenean, serio hartu zuen bere lehenengo zaletasuna delako. AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta udal euskaltegietatik pasa da eta baita Labayrukotik ere, azken horretan bizkaiera ikasteko. Barnetegitan ere izan da eta horregatik dio “argi daukat euskara ikasteko euskaltegia dela toki aproposa. Orain mintzapraktika egin nahi dut jubilatuok ez dugulako titulurik behar. Niri gustatzen zait euskara ikastea, euskaraz bizitzea eta euskararekin gozatzea”. 

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *