Iraitz Azkarate - Mintzanet bere ahotan

Iraitz Azkarate, bidelaguna: “Beste pertsona bati laguntzeaz gain, nik ere euskara praktikatzeko eta nire burua aztertzeko modua da Mintzanet”

“Ni Iraitz Azkarate Jaio naiz, 28 urteko Durangoko neska. Fisioterapia ikasketak bukatu eta lanean hasi ostean, gaixotasun bat dela eta, baja hartu behar izan nuen. Horren ondorioz, beste batzuei nire laguntza eskaintzeko beste bide bat bilatu behar nuela erabaki nuen eta proiektu honetan parte hartzea aukera bikaina izan zitekeela pentsatu nuen. Nahiz eta pertsona oso lotsatia izan, neska alaia, irribarretsua eta berbatia naizela deritzot. Guzti hau izan zen azkenik proiektu honetan parte hartzeko azken pausua ematera bultzatu ninduena. Gainera, nik astean zehar denbora librea nuela ikusita, beste pertsona batentzako lagungarria izan nintekeela pentsatu eta Mintzanet proiektuan parte hartzea erabaki nuen.

Baina nola ohartu nintzen ekintza honen existentziaz? Zerbait entzunda neukan Mintzanet izeneko proiektu honi buruz, behar edo nahi duten pertsonei euskaraz jardutera bultzatzeko, beldurra kentzeko edota ikasi ahal izateko. Hala ere, egunkarian albistea irakurri nuen arte ez nuen proiektu honi buruzko informazio gehiagorik topatu ezta bildu. Egia esan, ez nekien bere funtzionamenduaz ezer ezta nola izena eman ere ez. Baina behin irakurrita informazio gehiago eskatzea erabaki nuen eta egitura asko gustatu zitzaidan: beste pertsona bati laguntzeaz gain, nik ere euskara praktikatzeko eta nire burua aztertzeko modua da eta alde on asko ditu, esaterako, ez darama denbora askorik; ordutegi aldetik librea da, beraz ez dago denbora mugarik; zure mintzalagunarekin nahi bezain beste hitz egin dezakezu edota beste ordutegi bat adostu ere; arduradunak dira zure parekidea bilatzen dutenak eta zuk ez duzu zertan hitz egiteko inor bilatu behar.

Nire bidelaria, gaur egun Atlantan bizi den Donostiako neskatila bat da, Belen izenekoa. Gure arteko adin diferentzia ez da oso handia, pare bat urtekoa, eta horrek biok antzeko interesak izatera garamatza. Berak betidanik euskaraz hitz egin du, baina kanpoan ikasten dagoenez, jada ez du erabiltzen eta bere jariakortasuna galtzen ari dela deritzo. Kasu hau interesgarria iruditzen zait, nik ere kanpoan ikasi nuelako eta gauza bera gertatu zitzaidalako. Gainera, behin etxera bueltatzean, euskaraz mintzatzea ez zitzaidan asko kostatu; aldiz, ortografia aldetik nahiko eskas nengoela nabaritu nuen eta irakurketaren laguntzaz hasi nintzen nire aurretiko maila berreskuratzen. Hori dela eta, interesgarria iruditzen zait eskasia hauek lantzeko beste pertsonan baten laguntza izatea eta ikasteari ez uztea, egunero zerbait lantzea (bai entzumena, ulermena edo hizkera).

Hasiera batean, programa honen egitaraua egunero ordu t’erdi beste pertsona batekin mintzatzea da Skype bidez. Egia da, hasi ginenean saioak laburragoak zirela, 40 bat minutu ingurukoak, gure artean oraindik konfiantza handirik ez zegoelako eta elkarrizketaren haria murriztuagoa zelako. Baina asteak aurrera joan ahala, batak bestearenganako konfiantza gehiago genuela, gusturago sentitzen ginela eta gaiak sakonagoak eta pertsonalagoak zirela konturatu ginen. Gaur egun, 3 hilabeteren ostean, astero iraupen zehatzik gabeko saio bat egiten dugu Skype bidez. Gure arteko elkarrizketa jariakorra denez, hitz eta hitz egiten dugu norbaitek (gurasoek, neba-arrebek…) eten arte.

Hala ere, egun bakar bat gutxi dela deritzot eta elkarrizketaren bitartez hizkera bakarrik lantzen dela. Horregatik, WhatsApp bitartez ere hitz egitea erabaki genuen. Honela, gure elkarrizketak maiztasun handiagoz ematen dira eta idazkera eta ortografia ere lantzeko aukera du Belenek [bidelariak]. Zaila dirudien arren, izugarria da astean behin hitz egiten duzun pertsona batekin sustatu daitekeen harreman estua.

Niretzako, bidelagun bezala esperientzia hau oso interesgarria izan da eta ikasteko ere balio izan dit. Adibidez, badaude egunero erabiltzen ez ditugun hitz batzuk jadanik ahaztu ditugunak. Beste alde batetik, gaur egun euskara galtzen ari den hizkuntza dela uste dut, baina Mintzanet bezalako ekintzei esker denon artean berpiztu dezakegu. Dakigunok hitz egiten badugu eta ez dakitenei beldurrik gabe hitz egiten laguntzen badiegu, gero eta denbora gehiago iraungo du gure artean.”

Iraitz Azkarate - Mintzanet bere ahotan

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *