MINTZANET EGUNA EZ DUGU OSPATUKO

Badirudi COVID-19ak eragindako mundu mailako pandemia bukatzear dela. Bi urte daramatzagu osasun-neurri bereziekin. Protokoloak nonahi, herritarren segurtasuna bermatzea lehentasuna izan da erakunde guztientzat. Agertu dira txertoak, eta egoerari buelta ematen ari gara. Zabaldu dituzte mugak, jende-multzoa elkar daiteke dagoeneko, eta toki irekietan musukoa ez da derrigorrezkoa. Baina gizarteak ez du oraindik guztiz birusa gainditu, urte asko emango ditu gure artean, eta beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea. Horregatik, 2020an gertatu bezala, Mintzanet egitasmoko lan-taldeak erabaki du zentzuzkoena dela Mintzanet Eguna aurten ere ez ospatzea. Azaroan zen egitekoa, Iruñeko Katakrak aretoan, baina 2022an izan beharko du.

Euskaraz jarduteko aukera ez duten pertsonek etxetik atera gabe euskara praktikatzeko modua izan dezaten du Mintzanetek helburu, eta egitasmoaren arimari helduz, itxialdi garaian proiektuak harrera beroa izan zuen: hainbat erabiltzailek plataforma digitalek ahalbidetutako topaketa birtualak egin zituzten, euskarak mugarik ez duela erakutsiz. Eta guk,distantzia eta bakartze linguistikoari aurre egiteko egindako ahalegina eskertu nahi dizuegu parte hartzaile guztioi, ez baitira hilabete errazak izaten ari.

Urtean zehar egindako lana saritzeko asmoz, Mintzanetek bere erabiltzaileei omenalditxoa egiteko tartea atera ohi du. Aurten, ordea, zoritxarrez ezin dugu Mintzanet Egunik ospatu, eta bidelagun zein bidelariek ezin izango dituzte aurrez aurre beraien esperientziak trukatu. Baina indarberrituta itzuliko gara 2022an, gogotsu. Bitartean, segi dezagun gure hizkuntzaz gozatzen, jarrai dezagun euskaraz jarduten, hitz egiten, berba egiten, mintzatzen, solasten eta bizitzen.

Anitza eta ederra baita, oparitu diezaiogun euskara elkarri!

 

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *