Ramón Pereiro-Mintzanet bere ahotan

Ramón Pereiro, bidelaria: “Niretzat euskara da, nolabait, txikitan lapurtu zidaten sustraia, eta Mintzanetek lagundu dit sustrai horiek berriro ureztatzen”

Gasteizen jaio zen Ramón Pereiro (1962), ama euskaldun zaharra zuen; aita, berriz, galiziarra. Egun, hamazazpi urte daramatza Bartzelonan bizitzen: “Bizitzak, maitasunak, Kataluniara ekarri ninduen bost kontinentetan zehar ibili ondoren”. Zenbait Gobernuz Kanpoko Erakunderentzat egin du lan azken hogeita zortzi urteotan, ia beti osasun arloan, nahiz eta osasun-langilea ez izan. Logistika arloko arduraduna da gaur egun: “Eduki ahal den lanik onenetariko bat, zalantzarik gabe”.

Gustatzen zaizun jendearekin elkarrizketa on bat edukitzeak preziorik ez daukala konbentziturik dago Ramón, “ardoa eta kroketekin bada, hobeto”, eta COVID-19 garai honetan azken horretarako ia aukerarik izan ez badu ere, gogotsu aritu da pantailaren beste aldean izan dituen bidelagunekin. “Oso eskuzabalak izan dira eskaini didaten denborarekin”. Uztaila bitartean Salba Dalmau Arrese arrasatearrarekin egin ditu saioak, bideokonferentzia bidez, eta hainbat kontu izan dituzte mintzagai.

Duela hiru urte inguru egunkari batean irakurri zuen bidelari kataluniarrak Mintzanet proiektuari buruz eta oso interesgarria iruditu zitzaion, izan ere, eskolara joaten zen garaietan debekatuta zegoen euskaraz hitz egitea, eta orain berrartzeko aukera izan du: “Euskal Herritik kanpo eman dudan urte mordoak eta hizkuntzarekin kontakturik ez izateak erabat suntsitu dute neukan hitz egiteko gaitasuna. Mintzanetek kontaktu hori berreskuratzeko aukera zoragarria eman dit”.

Euskara bere hizkuntza dela dio, nor den eta nondik datorren ez ahazteko tresna: “Niretzat euskara da, nolabait, txikitan lapurtu zidaten sustraia, eta Mintzanetek lagundu dit sustrai horiek berriro ureztatzen”. Hala, ekimen honetan parte hartzea gomendatuko ote lukeen galdetu diogu, eta ez du zalantzarik izan: “Bai”.

Ramon Pereiro-Minztanet bere ahotan

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *