20220510 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: hitz iragarleak / Jose Mari Pastor / Amak

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

HITZ IRAGARLEAK (I)

Euskaraz, askotan, zenbait giltza-hitz esaldiaren atze-atzean gelditzen zaizkigu, hain zuzen ere, mezua lehenengoan interpretatzen laguntzen dizkigutenak. Horrelakoetan, esaldia oso-osorik irakurri arte itxaron behar izaten du irakurleak esanahiaz jabetzeko. Erreparatu, adibidez, ondoko esaldi honi:

-> Egia da langileen % 5,64k ez duela inolako hizkuntza-eskakizunik egiaztatu, 86/1997 Dekretuak xedatutako lanpostuaren derrigortasun-data aspaldidanik gaindituta EGON ARREN.

Zer egin menpekoa hain luzea bada? SEMAFORO moduko bat jarri: HITZ IRAGARLEA

-> Egia da langileen % 5,64k ez duela inolako hizkuntza-eskakizunik egiaztatu, NAHIZ ETA 86/1997 Dekretuak xedatutako lanpostuaren derrigortasun-data aspaldidanik gaindituta egon.

Trebakuntzako ariketa-liburua

Iñaki Varona eta Karmele Oria

20220503 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: Begizko / kutun / EMSIME Katalogoa

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

begizko

iz. Pertsona batzuek begiraldiaren bidez eta aztikeriaz, batez ere umeengan, eragiten omen duten kaltea.

Begizkoaz joa gertatu. Begizkoan sinetsi. Begizkotik norbait gordetzeko bideak.

begizkoa egin 

Umeari azkonarraren erpea ipintzea, begizkoa egin ez diezaioten.

Euskaltzaindiaren hiztegia

begizkoa egin

Honen azpisarrera da:  begizko

1 echar/hacer mal de ojo, aojar

umeari azkonarraren erpea ipintzea, begizkoa egin ez diezaioten: ponerle una garra de tejón al niño, para protegerle contra el mal de ojo

Elhuyar hiztegia

Jeni Galdos-Mintzanet bere ahotan

Jeni Galdos, bidelaguna: “Euskararen egoerak dezente kezkatzen nau, baina erabiltzen dugunok ez dugu etsiko!”

Urretxuarra da sortzez Jeni Galdos (1984), eta Legazpiko Bellota Agrisolutions enpresan egiten du lan, prozesuko ingenieri bezala. Pertsona alaia eta irekia dela aitortu digu, eta mendia, bertsolaritza eta lagunekin egotea ditu afizio. Mintzanet bere ahotan atalean kontatu digu egitasmoan bizi izan duen esperientzia:

“Konfinamentuan geundela erabiltzen ez nuen Twitter aplikazioa berriro erabiltzen hasi nintzen eta bertako txio batean izan zuen Mintzaneten berri. Etxean geundenez, ezin irtenik, izen ematea erabaki nuen, denbora banuen eta laguntzeko aukera bat izan zitekeen. Ez du denbora askorik eskatzen, eta jendeari laguntzeko tresna oso baliogarria iruditu zitzaidan. Oso erosoa da, etxetik mugitu gabe, mugikorraren edo ordenagailuaren parean jarri eta listo. Gaur egun gainera oso ohituta gaude honetara. Bestalde esan beharra daukat horrek ere hoztasuna ematen diola elkarrizketari batzutan.

Izena eman eta berehala jarri ziren Mintzanet egitasmoko kudeatzaileak nirekin harremanetan, bidelari bat bazenutela esan eta elkartu gintuzten. Udara arte, gutxi gorabehera, hamabostean behin egiten genuen hitzordua, eta ordundik nahiko utzia dugu. Bera nahiko lanpetuta dabil eta ez du denbora askorik. Hala ere, oso harreman jatorra izaten jarraitzen dugu, hori bai harremana aldatu egin da. Orain bideo deiak gutxiago egin arren, whatsapp eta sare sozialen bidez maiz egoten gara.

Egia esan, nire bidelariak maila txukuna du, praktikatzea behar. Baina argi dago geroz eta gehiago praktikatu hobekuntzak nabari direla. Bere kasuan, bikotekidea euskalduna da baina ohitura dute frantsesez egiteko (oihutura hori dute eta aldatzea zail egiten omen zaio bikoteari), beraz, horregatik jo du Mintzanetera, praktikatzen eta hobetzen jarraitzeko.

Euskara, bidelagun

Euskara txiki-txikitatik ezagutu dut etxean, neure ama hizkuntza da eta zorionez inguru euskaldun batean hezi naute. Neure ingurua oso euskalduna da gaur egun, hori izan delako neuk bilatu dudana hain zuzen ere. Lagun taldea euskalduna dut, euskara elkarte bateko partaide ere banaiz,  aisialdiko begirale ere izana naiz (beti euskeraz), bertsolaritza mundian ere muturra sartua dudala esan daiteke….. eta egia esan ez nuke inondik inora guzti hau aldatuko.

Nire inguruarekin eta ingurukoekin oso zoriontsua naiz. Hala ere, esan beharra daukat euskararen erabilera ez dela nik nahi nukeen bezainbeste handia. Euskararen egoerak dezente kezkatzen nau baina beno…. Egiten dugunok ez dugu etsiko!”

Jeni Galdos-Mintzanet
20220426-Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: ikusi naiz, ikusiko gara / Joan Baez / Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

IKUSI NAIZ / IKUSIKO GARA

Ez da zuzena DU aditza DA aditz gisa jokatzea:

Ibaira bota da. Ibaira bota du bere burua.

Egoera horretan ikusi naizenean, ihesari eman diot.

Egoera horretan gertatu naizenean, ihesari eman diot.

Neure burua egoera horretan ikusi dudanean, ihesari eman diot.

 

Ikusiko gara formula zabaldu da (egongo gara esaten den modu bertsuan edo), baina ELKAR erabili behar dugu:

Laster ikusiko gara

Laster ikusiko dugu elkar 

Laster egongo gara elkarrekin

Hauxe irakurri genion Juan Luis Zabalari, eta beharbada, askotan, pedante ez gelditzeagatik erabiltzen dugu gaizki:

«Nik badakit ‘ikusi zaitut’ zela kasu horretan esaldi zuzena, baina ‘ikusi dizut’ esan diot, bestela oso pedantea gelditzen zelako». Eta neuk ere harrapatu izan dut inoiz neure burua —inguruan Zelig banintz bezala kamuflatzeko joerak hartaratuta— «ikusi zaitut» esan beharrean «ikusi dizut» esateko zorian.

Beste kasu batzuetan, aditzak DA jokoa ere onartzen du, eta egoki dira orraztu naiz, garbitu naizeta bakarrik aurkitu naiz esaldiak. Ez, jakina, arropa erosi naiz.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena

20220412-Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: oraindik eta artean / Felipe Juaristi / Krusak

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

Oraindik / artean

Ezin da eman arau zorrotzik, euskaldun askorentzat sinonimoak baitira bi adizlagunok.

Aukera biak dituzten hizkeretan, oraindik eta artean bereizi egiten dira, eta, orduan, artean erabiltzen da iragan denaz aritzeko. 

Diruaren kontuak egin barik nengoen, artean ez baininduen urrearen promesak kezkatzen.

Lan hori egin zuen, artean alkate zela.

Abrahamek artean ez zuen seme-alabarik. 

Euskara batuaren eskuliburua

 

Sarritan nahasten ditugu bi adizlagun hauek erdararen eraginez. Aukera biak dituzten hizkeretan, horrela jokatuko dugu.

ARTEAN erreferentzi unea iraganekoa denean erabiliko dugu.

ORAINDIK orain hitzetik dator, eta, beraz, orain gertatzen ari diren egoeretan erabiliko dugu.

 

Hamarrak ziren eta ARTEAN eguzkia zegoen.      

Hamarrak ziren eta ORAINDIK eguzkia zegoen.

 

Hamarrak dira eta ORAINDIK eguzkia dago.

Hamarrak dira eta ARTEAN eguzkia dago.

 

Herenegun, ARTEAN lanak egin gabe zeuden.

Herenegun, ORAINDIK lanak egin gabe zeuden.

 

Gaur, ORAINDIK lanak hasi gabe daude.

Gaur, ARTEAN lanak hasi gabe daude.

 

Erreferentzi unea etorkizunekoa denean, ARTEAN ere erabil daiteke:

Bihar goizean, ARTEAN hemen izango gara.

Isabel Iraugi MBA

Isabel Iraugi, bidelaguna: “Gure hizkuntzak aupada gogorra behar du eta zenbat eta hiztun gehiago hobe. Mintzanet aupada hori emateko era erraz bat da”

Irakaslea izandakoa da Isabel Iraugi durangarra. Egun, jubilatuta dago, baina ikasten jarraitzeko beti prest dagoela esan digu, baita irakasteko ere, noski. Mintzanet egitasmoko lagun handia dugun Marisa Barrena bidelagunak sartu zion euskara online eta doan praktikatzeko proiektuan parte hartzeko “pozoia”, hala aitortu digu, eta esperientzia “oso positiboa” izaten ari dela dio.

Bi bidelari ditu, Eduardo Lopez de Sosoaga, gasteiztarra; eta Lidia Fernandez de la Calle, arrasatearra. Astero-astero elkartzen da haiekin, ordubetez, eta dituzten beharrizan linguistikoei  aurre egiten laguntzen die.

Euskal hiztunok “euskararen alde ahal den guztia egin behar dugulako” erabaki zuen bidelagun izatea, bere ahizparekin batera, izan ere, uste du Mintzanet horretarako tresna baliagarria dela: “Gure hizkuntzak aupada gogorra behar du eta zenbat eta hiztun gehiago hobe. Mintzanet aupada hori emateko era erraz bat da. Proiektua ona iruditzen zait eta guztiz lagungarria bidelarientzat”.

20220405-Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: zenbakiak / ‘Diskalkulia’ / Kalkulagailua

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

Zenbakiak

0

zero

20

hogei

2

bi (biga)

21

hogeita bat

5

bost (bortz)

25

hogeita bost

13

hamahiru

35

hogeita hamabost (hogeita hamabortz)

17

hamazazpi

70

hirurogeita hamar

18

hemezortzi (hamazortzi)

80

laurogei

19

hemeretzi

90

laurogeita hamar

 

101

ehun eta bat

600

seiehun

300

hirurehun

700

zazpiehun

400

laurehun

800

zortziehun

 

234

berrehun eta hogeita hamalau

567

bostehun eta hirurogeita zazpi

1.200

mila eta berrehun

1.201

mila berrehun eta bat

13.425

hamahiru mila laurehun eta hogeita bost

47.689

berrogeita zazpi mila seiehun eta laurogeita bederatzi

 

ETA, ZENBAKIAK EMATEAN

– 1.500, 2.700 eta gisako zenbakiak tradizioan eta emendiozkoarekin eman izan dira euskaraz, eta sistema hori da hobestekoa egun ere:

1.500 > *mila bostehun (> mila eta bostehun);

2.700 > *bi mila zazpiehun (> bi mila eta zazpiehun); *bi milioi zazpiehun mila euro (> bi milioi eta zazpiehun mila euro);

1.200.000 > *milioi eta berrehun mila, *milioi bat berrehun mila (> milioi bat eta berrehun mila).

Ohitura hori salgaien prezioak eta kirol-proben emaitzak emateko ere gorde da orain arte:

Kafea bat hogei da (> Kafea bat eta hogei da). 22 eta 14 nagusitu zen Olaizola II.a finalean.

Hiru bat irabazi du Osasunak (> Hiru eta bat irabazi du Osasunak).

– Baina mila (1.000) zenbakitik gora, eta kendu egiten da ondoren datozen ehunekoetan ere agertzen bada: mila eta berrehun, baina mila Ø berrehun eta bi; mila eta laurehun, baina mila Ø laurehun eta bi. [7. arauaEH]

 

1.500

*mila bostehun

mila eta bostehun

2018an gaude

*bi mila hemezortzian

bi mila eta hemezortzian

2,20 € d(ir)a

*bi (euro) hogei  d(ir)a

bi (euro) eta hogei d(ir)a

2-1 irabazi dugu

*bi bat irabazi dugu

bi eta bat irabazi dugu

Euskara Batuaren Eskuliburua

20220329 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: plural okerrak / euskarazko irakurketa / NOGEN

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

Plural okerrak

Batzuetan, erdararen eraginez edo, gehiegitan erabiltzen da plurala singularra nahikoa den tokian. Har dezagun adibide bat: “gogoak ditut zurekin afaltzera joateko”.

Bistan da gaztelaniaren “tengo ganas” delakoaren kalko okerra dela hori. Nahikoa da “zurekin afaltzera joateko gogoa dut” edo “zurekin afaltzera joateko gogoz nabil” esatea.

Ikus ditzagun beste adibide batzuk: “baditugu hori lortzeko itxaropenak”…

Gauza bera esan behar; aski da “badugu hori lortzeko itxaropena” esatea.

“Baditugu hori lortzeko asmoak”…

Ez, “badugu hori lortzeko asmoa”.

Azken adibidea: “zeruak estalita egon ziren atzo”…

“Zerua estalita egon zen atzo”.

 “Zurekin afaltzera joateko gogoa dut”

“Gogoak ditut zurekin afaltzera joateko”

20220322 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: Gerundioa noiz erabili/Mikel Garcia/Historia eta Gizartea

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

GERUNDIOA noiz erabili (II)

Atzo aipatu genuen moduan, euskarazko GERUNDIOAK arazoak ematen dizkigu. Euskaraz, berez, ez dago inguruko hizkuntzen gerundioaren parekorik, eta,  horren ordez, euskarak beste baliabide batzuk erabiltzen ditu.

Ohikoenak aztertuko ditugu:

ADITZean oinarrituta:

-T(Z)EN   Zertan? Telebista ikusTEN ari da

-(e)Z Bidea: Zerez? Lan eginEZ lortu du.

         Kausa-ondorioa: Hori ikusiZ, alde egin zuen.

         Modua: Kapela kenduZ agurtu gintuen.

         Azalpenezkoak: Anak deitu du zutaz galdetuZ

-TA Aurrekotasuna: Hori esanDA, joan egin da.

-(r)IK Kausa-ondorioa: Hori ikusiTA, alde egin du.

-(e)AN EgoneAN eman dut goiz osoa.

-KI (ekialdeko euskalkietan) Antton, ordea, gazteena izaKI, aurretik zihoan.

EZEAN. Modua (ezezkoak). Zer egin EZEAN (ez dakidaLA) nago.

-LA(RIK). Denbora. Menditik zetorreLA jausi zen.

                Modua (baiezkoak). Txapela buruan dueLA joan da.

                Modua (ezezkoak). Zer egin ez dakieLA dago.

20220315 - Bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: balioan jarri*/Jule Goikoetxea/Steve Cutts

Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila


Euskara hobetzen

‘Balioan jarri’, ‘balorean jarri’… Nola adierazi izan da hori, gaztelaniaz ‘poner en valor’ modan jarri aurretik?

balioan jarri*, balorean jarri*  

balioa eman,

balioa onartu,

aintzat hartu,

-ren balioa nabarmendu,

-ren balioa ezagutarazi,

azpimarratu… 

Helsinkiko egitasmoak balioan jarri du Bilboko Guggenheim museoaren eredua*

Helsinkiko egitasmoak agerian utzi du Bilboko Guggenheim museoaren eredua ona dela. 

Hitzak balioan jarri nahi ditu*

Hitzei beren balioa eman nahi die.

Berria. Estilo liburua