Estitxu Garai-Mintzanet

“Hizkuntza gutxitu bat maitatzea ez da nahikoa, eta horregatik aktibazioa nola egin birpentsatu behar da”

Estitxu Garai, Euskararen marka ikerketako partaidea, EHUko irakaslea

Euskararen marka aztertzen aritu da Euskal Herriko Unibertsitateko Nik ikerketa taldea. Euskalgintzako eragila eta enpresa batzuekin batera, ikerlanaren ondorioak eta azterketaren emaitzak Bilbon aurkeztu dituzte aste honetan bertan. Euskarari buruz jendeak duen pertzepzioa, daukan jarrera, egiten duenaz aritu gara gu ere berbetan Estitxu Garai, unibertsitateko irakaslearekin. Ondorioak xehetu eta euskararen markak behar duen astinduaz gogoeta egin digu. Azkenik, mintzanet-ek ere bere erabiltzaileak beti buruan izan behar dituela aholkatu digu. Ur sakonetan ari gara igerian, itotzeko beldurrik gabe.

Euskararen marka ikertu duzue, zeintzuk izan dira ikerketaren ondorio nagusiak?

Ondorio nagusiak aipatzeko mailaz maila joan beharko genuke. Erabili dugun eredua ikusteko herritarren aurrean marka pertzepzioa zein den, eredua hierarkikoa da; oinarrian antzematea daukana. Antzematean, euskara zein neurritan aktibatzen den egoera ezberdinetan eta mintzakide ezberdinekin zelan lotzen den neurtzen saiatu gara. Eta hor euskarak oso datu kezkagarriak ditu. Eta euskararen bilakaerari buruz euskararekiko pertzepzioa zein den galdetzen dugunean berriz, herritarren gehiengo batek uste du euskarak gero eta presentzia handiagoa duela; eta desioa ere antzekoa da, gero eta presentzia gehiago izatea nahi luke jendeak. Eta hori oso positiboa da.

Asoziazioetara goazenean, hizkuntzari egosten zaizkion ezaugarriak aztertu ditugu. Eta esan daiteke, gehien aipatzen den ezaugarria hizkuntza polita izatearena dela, eta bigarrena berriz hizkuntza zaila dela euskara. Zaila izatearena marka eraikuntzarekin lotuta ikusten dugu, kezkagarria dena eta landu beharrekoa, dudarik gabe. Hizkuntza bat zaila dela izateak beldurtu egiten ditu etorkizuneko hiztunak, eta aitzakia izan daiteke hizkuntza ez ikasteko edo transmititzeko.
Polita izatearena, ezaugarri positiboa izan daiteke, baina, ikusten dugu funtzio estetiko hori ez badago lagunduta eguneroko praktikotasunera daramaten kontuekin, arriskutsua izan daiteke. Politarekin batera, autentikoa izatea, tradizionala…  eta horrek izaera mitiko bat sortzen du, eguneroko funtzionaltasunetik urrundu egiten du.

Euskarak zertarako balio duen galdetzen dugunean, baserriari buruz hitz egiteko edo eskolari buruz mintzatzeko aipatzen da sarritan. Eta horrek, zelan ez, kezka sortzen digu.
Euskara eguneroko praktikekin lotu behar dela uste dugu, bestela euskarak ez du balioko txisteak kontatzeko, hasarretzeko edo beste gauza funtsezkoetarako.

Aktitude edo jarrerari dagokionez, baikorra da orohar. Eta atxikimenduari dagokionez, jendeak orokorrean atxikimendu handia dauka hizkuntzarekin, baina sentimendu hedatuena “ez gai” izatea da. Eta aktibitateetara igarotzen garenean, ikusten dugu jendeak euskararen alde gauza asko egiten dituela, eta atez ere, seme alabei euskara transmititzea.

Ikerketa guztian zehar etxea eta seme alabak dira erreferentziazko eremuak euskararentzat. Ardura hori hurrengo belaunaldiaren gainean jartzen da, eta transmisioak garrantzia handia hartzen duela ondorioztatu dezakegu.

Euskarak marka aski ona duela ematen du,  baina ez ditu hiztunak nahi beste aktibatzen. Orduan zer egin beharko litzateke?

Marka irudi ona daukanik nik ez nuke baieztatuko. Argi ilunak dauzka, elementu batzuk oso positiboak dira; atxikimendu maila adibidez, baina asoziazioak berriz ez dira horren positiboak, lantzekoak dira. Lotura sare sozialekin, teknologiarekin, zientzia eta ekonomiarekin oso oso ahula da. Eta iruditeria horretan, zaila izatearena, baserriari horren lotuta agertzea eta, landu beharreko elementuak dira. Atxikimendua ona da, maitale asko ditu eta haterrak oso gutxi dira, zorionez.

Funtzio sinboliko hori agertzen da behin eta berriro, maitatua da, baina bere alde jardun beharra ez dugu horrenbeste azpimarratzen. Euskarak museoko hizkuntza izateari utzi behar dio, eta egunerokotasuneko praktiketara hurbildu behar du.

Hizkuntza gutxitu bat maitatzea ez da nahikoa, eta horregatik aktibazioa nola egin birpentsatu behar da, nondik bideratu daitekeen. Nire ustez, euskararentzako marka birkokatzeak arlo guztietan beharko ditu esku-hartzeak. Badago zer landu. Jendeak euskararen alde aktiboki gauzak egin ditzan. Lehenengo hitza euskara izatea, euskararen alde aktiboki parte hartzea eta ez soilik seme alaben esku utziz geroa.

Bilbon egin genuen aurkezpenean eta world cafe-an oso ideia polita atera zen, eta talde ezberdinetan gainera, gaur egun dagoen bizi itxaropenarekin, jardunaldian batu ginenak ere oso gazteak gara oraindik, eta gure ondorengoei begira egon beharrean, gure buruari begiratu beharra daukagu, guk geuk zer egin dezakegun euskararen alde aztertzeko. Ezin diogu pilota hurrengo belaunaldiari pasa.

Ikerketa honetan, zuekin aritu dira euskalgintzako eragile asko.

Bai, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, ikerketa honetan gure bazkideak izan dira. Euskalgintzarekin batera egindako ikerketa bat dela azpimarratu behar da. Focus taldeak egin genituen lehenbizi, eta gero makroinkesta bat Euskal Herri osoan, lagin oso adierazgarri batekin; bai hizkuntzaren ezagutzari dagokionez, ideologia politikoei dagokionez, edota bizitokiari dagokionez.
Euskalgintzako enpresa eta eragile hauen jarrera oso ona izan da, eta sekulako bultzada eman diote proiektuari eta ikerketari. Unibertsitateak euskalgintzako agenteekin lankidetzan egin izanak berez ematen dio oso oinarri sendoa ikerketari, eta orain hurrengo urratsa izango da euskara berkokatzeko plan bat antolatzea. Gure esparruan, marketingean eta, marka azterketek beti bokazio praktikoa daukate. Estrategia bat zehaztu eta pentsatu behar da proiektatu nahi duzun marka identitatearekin. Ze marka nahi dugu euskararentzat? Hori pentsatu behar dugu orain, eta ekintza zehatzak landu hori epe baten, marka hori eraldatzeko eta gero berriro neurtu, zure esku hartze horrek eragina izan duen ikusteko. Orain horretara jarriko gara. Gure asmoa lantalde bat sortzea da; euskalgintzako jendearekin, erakunde publikoetako arduradunekin, enpresa mundukoak, komunikabideetakoak, unibertsitatekoak eta komunikazio alorrekoak, rebranding hori egiteko.  Estrategia kontsentsuatu bat, eta baliabide kontsentsuatuekin.

Mintzanet sarean euskaraz mintzapraktika egiteko plataforma bat da, aholkuren bat markaren ikuspegitik?

Normalean, aholkuak emateko kasua edo aztergaia ondo ikertu behar izaten da. Gomendio orokor bezala, ondo pentsatu behar da norentzat egiten den egiten dena. Erabiltzaileengan pentsatu behar da, eta ondo aztertu ze premia daukaten eta nola kokatu mintzanet jendearentzat errelebantea izango den modu baten. Zuek pentsatzen duzuen xede talde hori, publiko zehatz horrentzat benetan esanguratsua izango den modu batean, konektatu dezan beraien bizitzarekin eta beraien premiekin. Benetako balio proposamena egin dezan erabiltzailearentzat.