Hizkuntzaren erabileraren kale neurketa 2021

Zortzi lagunetik bat ari da kalean euskaraz

Soziolinguistika klusterrak kale neurketaren emaitzak plazaratu ditu, eta ondorioztatu duenez, Euskal Herrian kale erabileraren datuak ez dira asko aldatu, eta 2016an bildutako datuekin konparatuz antzekoa dela esan daiteke. Egoera egonkorra dela diote datuek.

Ipar Euskal Herrian hala ere, datuek behera egiten jarraitzen dute, Gipuzkoan hitz egiten da gehien euskaraz, gero Bizkaian -poblazio askoz handiagoarekin- eta Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian datuak antzekoak dira.  Hiriburuen artean, Gasteizko datuak hobeak dira, eta erabilera Bilbokoa baino handiagoa da proportzioan, Donostiaren ostean euskara gehien erabiltzen den hiriburua izateraino.

Eremu euskaldunenetan, arnasgune deitutakoetan, euskararen ezagutza %75etik gorakoa den herrietan, behera egin du kale-erabilerak azken bost urteotan. Eta haurren artean berriz, gora egin du euskararen erabilerak. Haurrak eta gazteak dira, gehien hitz egiten dutenak.

Soziolinguista klusterrak egindako ikerketaren datuak sarean daude eskuragai.

Emaitza nagusiak

Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketan behatutakoaren berdina da. 1989tik 2021era euskararen kale-erabilera 1,8 puntu hazi da. 2006an neurtu zen erabilera-mailarik altuena (% 13,7) eta hurrengo hamar urteetan (2006-2016) beherakada jaso ostean, azken bosturtekoan egonkor mantendu da datua.

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du; beste lurraldeetan gorabeherak daude. Hiru multzotan sailka daitezke euskararen erabilera-mailari dagokionez: Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31); hurrengo postuan kokatzen da Bizkaia, % 9ko erabilerarekin; eta % 5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.

Eremurik euskaldunenean, herritarren %75-100 euskararen ezagutza duen eremuan, behera egin du euskararen kale-erabilerak azken bost urteetan. Hego Euskal Herriko gainerako eremuetan igo egin da euskararen kale-erabilera 1993tik hona.

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du. 1989tik aurrera, euskararen kale-erabilerak gora egin du adin-tarte guztietan, adinekoen salbuespenarekin. Euskararen kale-erabilera altuenetik txikienera hau da adin-taldeen hurrenkera: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak.

Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari. Portaera hori aurreko edizioetan ere behatu da. Adinekoen kasuan, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago darabilte euskara.

Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino. Nagusien erabilera bikoiztea edo hirukoiztea dakar haurrak solaskide izateak, lurralde guztietan.

Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale-erabilera % 15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan % 2,5-4 artean dago. Aipagarria da, hiriburuen hurrenkeran, Gasteiz bigarren postuan kokatu izana. Gogora dezagun Araba dela erabilera baxuena duen lurraldea. Gasteizen eta Bilboren kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu behar da, % 4-5ekoa baita.