“Gogotsu gaude urtero batzen zirenak berriz batu eta Mintza eguna jaia ospatzeko”

Maite Agirre, Topaguneko kidea eta Mintza Egunaren antolatzailea

Azken asteetan buru belarri ari da Hendaiako Mintza Eguna prestatzen, bertako Mintzaia elkartearekin batera. Azken bi urteotan ezin izan da hitzordua antolatu, eta pandemia egoerak mintzapraktika jardueretan izan duen eraginaz aritu gara Topaguneko arduradunarekin. Gogotsu eta ilusioz antolatutako jaia, igandean ospatuko da Lapurdi kostaldeko herrian.

Berezia izango da aurtengo Mintza eguna Hendaian? Zergatik?

Euskal Herri osoko euskaltzaleak eta Mintzalagun Taldeak elkartzeko eta ospatzeko eguna da Mintza eguna.Horiexek dira hain zuzen ere Mintza Egunaren helburuak: Euskal Herriko txoko ezberdinetako Mintzalagunak elkar ezagutu eta euskarazko harreman berriak egin, beraien euskarazko harreman sarea handituz, ikasturteari amaiera goxo bat emanez. 2006an ospatu zen lehenengo aldiz Iruñerrian eta ordutik, urtero, ikasturte amaieran beti, hainbat herritan antolatu dugu

2020 eta 2021ean, aldiz, koronabirusak sortutako osasun egoerak jaia ezin ospatzea ekarri zuen. Gogotsu gaude, beraz, urtero jaian elkartzen garen lagunekin berriz topo egin eta egun hau ospatzeko. Azken bi urte hauetan Mintzalagun taldeak mantendu egin dira, elkartzen jarraitu dute, momentu batzuetan sarea baliatuz. Berezia izango da beraz aurtengoa, badugulako zer ospatua. Baina ez horregatik bakarrik, lehenengoz Lapurdin antolatuko dugulako ere bai. Hendaiako Mintzaian euskara elkarteak 2021eko urrian jarri zuen martxan Mintzalagun egitasmoa herrian eta emaitza politak izan dituzte, 4 talde daude martxan momentu honetan. Eta hori ere ospatu nahi dugu beraiekin eta Hendaiako herriko etxearen laguntzaz antolatu dugun jaian.

Hendaian euskara elkarte berria sortu da, Mintzaia, eta Topagunean sartu da. Ze garrantzia du horrek?

Mintzaian euskara elkartzeaz gain, Ipar Euskal herriko beste 5  euskara elkarte -Amikuzeko Zabalik, Baionako Biltxoko, Biarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea eta Larresoroko Ote Lore-  bazkidetu dira aurten Euskaltzaleen Topagunean. Ondorioz Euskaltzaleen Topagunea Euskal Herri osoan egongo da saretuta.

Zer azpimarratuko zenuke aurtengo egitarau eta proposamenetatik?

Egitaraua elkartu eta giro atseginean jai eguna ospatzeko pentsatua dago, euskarazko harreman berriak sortu eta dagoeneko sortutakoak indartzeko. Bertaratutakoen euskarazko sarea handitzeko oso baliagarria izaten da bai jaia eta baita ikasturtean zehar antolatzen diren bestelako ekintzak ere.

Aurten gainera, sarean euskara praktikatzeko elkartzen diren taldeekin ere batzeko aukera izango dute bertaratuek. Horretarako bazkal ondoren topaketa bat antolatu da, bertan daudenak Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunekin elkartzeko aukera paregabea izango dugu.

Horretaz gain Euskal Gorrak federazioari esker egun osoan zehar zeinu hizkuntzako interpretea egongo da. Euskaltzaleen Topagunea Euskal Gorrak federazioarekin elkarlanean dabil pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonei euskara praktikatzeko guneak eskaintzeko ekimena pilotatzen eta bertan izango dira pilotajean parte hartu duten kideak.

Nola eragin die pandemia sasoiak mintzapraktika egitasmoei?

Eragin zuzena izan zuen pandemiak gure egitasmoetan. Aurrez aurre elkartzen dira talde gehienak, eta pandemiak hau galarazi zuen tarte luze batez. Talde askok elkartzeari utzi zioten, beste batzuek aldiz sarea baliatu zuten elkartzen jarraitzeko. Ondorioz parte hartze kopurua jaitsi egin zen. 2021eko ekainean burututako datu bilketaren emaitzen arabera 6000 pertsona aritu ziren aurrez aurrekoan eta beste 1000 sarean. Pandemia pasata utzitako talde asko berriz martxan daude eta kopuruak berriz gora egingo duelakoan gaude.

Gaur zeintzuk dira mintzapraktikaren erronka nagusiak zure ustez?

Egitasmoa eraginkorra dela azpimarratzen dute parte hartzaileek, parte hartzen hasteko hasierako helburuak bete dituzte eta gainera gustura aritzen dira. Horregatik erabili dugu aurten ondoko leloa: probatu ez duenak ez daki zer den hau. Mintzapraktika egitasmoak oso hedatuak dira Euskal Herrian baina ezagutzen ez dutenek ezagutu dezaten lanean jarraitzen dugu.

Euskara praktikatu nahi duten pertsonak  hauekin euskaraz aritzeko prest dauden bidelagunekin elkartzen ditu egitasmoak astean ordu betez euskaraz aritzeko. Denak dira boluntarioak eta talde bakoitzak bidelagun bat izaten du. Talde guztietan bidelagun bat izatea eta talde berriak sortzeko bidelagunak izatea da egitasmoaren beste erronketako bat.

Igandeko ekitaldiak, zertan lagundu dezake?

Euskal Herriko Mintzalagunen arteko sarea indartuko da batetik, egitasmoa bistaratzeko balioko du bestetik eta oraindik probatu ez dutenak probatzera gonbidatzeko baliagarria izango da.