Andrea Bellak eta Raul Alfarok Zarrakazteluko eta Erriberako euskara elkarteak bisitatu dituzte

Arbaso euskaldunik ez badu ere, Montevideoko Euskal Etxean euskal dantza saioetan parte hartzera animatu zen behin Andrea Bella, eta ordutik, harreman estua du euskal kulturarekin. Euskara ikasteari ekin zion Mintzanet egitasmoan, eta gaur egun, euskara eskolak ere ematen ditu. Bidelari izatetik bidelagun izatera pasa da, eta euskara elkarte birtual bat ere sortu du hainbat Mintzaneteko lagunekin batera: Jalgi Hadi Mundura. Bertan, online topaketak egiten dituzte astero, praktika librean euskaraz aritzeko.

Hainbat aldiz bisitatu du Euskal Herria Bellak, baina oraingoan motibazio berezi batek bultzatuta izan dugu gurean. Uruguain bertan, Argentinan eta Txilen bizi diren beste 10 bat lagunekin batera Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara irakasle izateko azken urratsa emateko aukera izan du. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan parte hartzen ari da 2008az geroztik, eta nola ez, euskara bera zabaltzen herriz herri.

Egonaldia aprobetxatuz, Raul Alfaro bidelariarekin bildu da Zarrakaztelun, eta elkarrekin Zarrakaztelu bertako zein Erriberako euskara elkarteak bisitatu dituzte. Mintzaneten berri ere eman dute, herritarrak programan parte hartzera animatuz. Bellak, gainera, Alfaro gonbidatu du Maizpiden ikasten ari diren lagunak ezagutzera.

Argazki bikaina, bikote!

Andrea Bella eta Raul Alfaro

Horrez gain, Andreak Inma Gonzalez bere bidelari bergarrarekin egoteko aukera ere izan du.

Andrea eta Inma

Rafa Retegi eta Alfredo Laborde elkarrekin, Donostian

Sei urte inguruz ordenagailuko pantaila aurrean hizketaldiak izan dituzte Rafa Retegi eta Alfredo Labordek. Nafarra da lehena, Igantzikoa; argentinarra bigarrena, Tres Arroyos herrikoa; eta Mintzanet egitasmoari esker ezagutu dute elkar. Laborde ez da sekula Euskal Herrian izan, baina Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programari esker, Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara eskolak jaso ditu hilabete t’erdiz. Egonaldia aprobetxatuz, Retegi bidelagunarekin elkartzeko aukera eskaini diogu Mintzaneteko koordinazio-taldeko kideok.

“Zalantzarik gabe, oso une berezia izan da aurrez aurreko topaketa; gure adiskidetasuna berrestea ere bai. Gainera, Donostia bezalako leku zoragarri batean”, azaldu digu argentinarrak. COVID-19 birusak eragindako pandemia bete-betean bisitatu gaitu, eta egoerak baldintzatuta moldatu ditu aurreikusita zituen planak: “Rafa pertsona bikaina dela uste dut, eta gustatuko litzaidake bere ingurua ere bisitatzea, baina, pandemiak ez digu aukerarik eman, Hala ere, batzen gaituzten gauza onekin geratu behar dugu”.

Retegik, bere aldetik, aitortu digu pixka bat urduri zegoela Alfredo trenez Donostiara noiz iritsiko zain zegoenean, baina trenetik jaitsi eta Skype bidez egin ohi dituzten saioetan bezala “bere bizar gorriarekin”  ikusi bezain laster urduritasunak ahaztu zitzaizkion: “Tren geltokitik jatetxe batera joan ginen eta bertan izan genuen solasteko aukera ederra, egia errateko hagitz eroso sentitu ginen. Hori bai eguraldi hagitz txarra atera zen egun horretan eta barnean egon behar izan genuen”.

Donostiako alde zaharrera jo zuten arratsaldean, eta iluntzean bi lagunak penaz elkar agurtu zuten: “Pena haundia izan da bera Nafarrora etorri gabe Argentinara itzuli behar izatea. Alfredok gogo haundiak zituen  Igantzi eta batez ere Baztan Bortziriak eta inguruak ikusteko, bainan oraingoan, birusa dela eta, Argentinara itzuli beharko du bertan egon gabe. Espero dut bertze urte batetan aukera berriro izatea hemen elkartzeko”.

Mila esker, bikote!

Rafa eta Alfredo-Mintzanet

Izaskun Arrieta eta Christian Etxeberria elkarrekin, Lazkaomendin

 

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan egoiliar diren Mintzaneteko lagunek ez dute nolanahi 2021. urtea ahaztuko. Argentinan, Uruguain eta Txilen bizi diren sei erabiltzaile hilabete t’erdiko egonaldia egiten ari dira Lazkaoko Maizpide Euskaltegian, eta zenbait, beren herriko euskara irakasle izateko prest itzuliko dira etxera.

COVID-19 birusak eragindako pandemia bete-betean ari dira Hego Ameriketatik etorritako kideak barnetegian egonaldia egiten, eta Euskal Herriko txokoak ezagutzeko aukera handirik ez badute ere, Maizpiden eskolak jasotzen ari den Christian Etxeberria txiletarrak, adibidez, Izaskun Arrieta bidelagun azkoitiarrarekin elkartzeko tartea izan du Lazkaon bertan: “Egia esan, ez dira garai onenean etorri, hemen baitaude, beste inora joan ezinik. Baina, elkarrekin egoteko aukera  behintzat badugu”, adierazi digu Arrietak.

Eguraldia lagun izan dutela aprobetxatuz, gainera, Lazkaomendira hurbildu dira iragan asteburuan, eta beraien topaketaren argazkitxoa bidali digute.

Mila esker, bikote!