Xalba Dalmau Arrese, bidelaguna: “Gaztetan jasotakoa eman nahi dut orain, euskara ikasi nahi dutenei lagundu”

Galdakaon jaio zen Xalba Dalmau Arrese (1946), baina Arrasaten bizi da gaur egun. Ingeniaria da ofizioz, eta Euskal Herria biziki maite du. Hala, euskal kulturarekin zerikusia duten hainbat elkartetako bazkide da, eta asko eskertzen die jasotako hezkuntza, izan ere, gaztetan horiei esker euskaldundu zela aitortu digu: “Eskolan ez nuen ezer ikasi. 18 urterekin hitz bakar bat baino ez nekien. Ikastaro asko egin nituen, eta bost aldiz barnetegira joan nintzen udan. Konturatu nintzen ordubetez lagun batekin euskaraz hitz egitean soltura edo jariotasun handia lortzen nuela”. Orain, “jasotakoa eman” nahi duela dio, eta Mintzanet baliatu du bidelagun izan, eta euskara praktikatu nahi dutenei laguntzeko.

Hiru urte daramatza Arantza Heredia bilbotarrarekin Skype bidez saioak antolatzen, eta aurten, Bartzelonan bizi den Ramon Pereirorekin ere aritu da sei hilabetez berriketan. Oso ondo konpontzen da biekin. Mintzaneti esker lagun onak egin dituela dio, eta euskal kultura ezagutzera emateko beharrezko egitasmoa dela deritzo. Horregatik, bidelari edota bidelagun izatera animatu nahi ditu herritarrak, izena eman dezaten gomendatu nahi die.

Bitxikeria bat ere partekatu nahi izan du Xalba Dalmauk gurekin, Gernika-Lumo inguruko barnetegi batean bizitakoa: “Inspektore bat azaldu zitzaigun, eta barnetegiari buruz galdetu zigun (janaria, logelak etab. nola zeuden), neskatila batek salaketa bat jarri omen zuen. Aitak ‘behartuta’ joan omen zen, baina inspektoreari erantzun zion mutikoak ‘bortxatuta’ hitza erabili zuen gaztelaniazko ‘a la fuerza’ esan nahian. Irakasleak berehala zuzendu zion, eta mutikoa bera barrez lehertu zen, baina gainontzekoak errespetu handiz isilik geratu ginen”. Era horretako akatsak euskaldun berrien artean (eta alfabetatu gabeko euskaldun zaharrek ere) ohikoak izaten direla eta, errespetuz jokatu ohi dela esan digu, akatsak esateagatik ez duela barre egin duen “inor inoiz aurkitu”.

You Might Also Like

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *